Elgarrekin. Hori da aurten Herri Urratsek aukeratu duen leloa. Haien logoa: erle beltza. Maiatzaren 11n Senperen ospatuko duten jaialdian parte hartzeko gonbidapena luzatzeko leloa hauxe: izan zaitez erlezain.
Erlezain euskalduna naizenez, bikaina iruditu zait kanpaina: istant batean lehen lerrora ekarri dute euskararen egoera tamalgarria, bereziki Iparraldean, eta baita erlearen egoera ere. Erleak komunitatean lan eginez aurrera egiten duten modura, Seaskako kideek euskaldunak ere elgarrekin euskararen alde lan egitea proposatzen digute. Ederra!
Kanpainak duen indarraz lagunduta, nik ere beste gonbidapen bat luzatu nahi dut: euskaraz aritzeaz gain, EGIN ZAITEZ ERLEZAIN. Erlezainak, erleak bezala, desagertzeko bidean gaude. Oso gutxi gara ezti erleekin gabiltzanak. Erreleboa behar da, odol berria. Udaberria garai bikaina da erleekin dantzatzeko, beraz, aukera paregabea animalia espezial hauek ezagutzeko. Animatzen?
Nola egin erlezain
Gipuzkoako Erlezain Elkartean udaberriro erlezaina izateko ikastaroak antolatzen dira. Biderik errazena da oinarria ezagutzeko. Eskarmentua duen erlezain baten eskutik abiatzea ere oso gomendagarria da. Eta aukeran, hoberena, aurreko biak konbinatzea da.
Bidasoako Erlezain Elkartean erlezain berriak erakartzen hasi gara jada. Zatoz, egin zaitez erlezain!