Ekainaren 23an Euskal Herrian zehar piztutako Sanjuan gaueko suek udarari ongietorria eman diote. Baina naturaren suak aspaldi daude piztuta. Ama lurrak maiatzean gaztainondoak loratzen jarri zituen, su artifizialak balira, udaberriaren amaiera ospatu nahian, antza. Gure eskualdeko azken loraldi handia da, eta honekin bat erleak sutsu ari dira ugaltzen, eta, gainezka daudenean, erlekumea botatzen. Erleaz gain liztor asiarrak ere bero daude: erreginak aspaldi dabiltza haien lehen kabiak egiten, eta horietatik aurreratuenak bigarren kabiak egiten dabiltza.
Erlezainek erleen eta liztorren ugalketa prozesu horiek ohikoak ditugun arren, ez dira horren ezagunak kaletarrentzat. Duela hiru aste lagun batek irudi batzuk bidali zizkidan, bertan azaldutakoa zer demontre ote zen galdezka, eta esku artean zuten horrekin zer egin jakin gabe. Hauxe topatu zuten zapatila baten barruan:
Inoiz horrelakorik topatuz gero, jakin dezagun nola desberdindu erlekume bat eta liztor kabi bat, eta kasu bakoitzean zer egin.
Erleen ugaltze prozesua: erlekumea botatzea
Zergatik eta nola sortzen da erlekumea? Erlauntza bat populazioz gainezka dagoenean eta tokirik ez duenean, bertako erle langileek erregin berri bat sortzea erabakitzen dute. Erregin berria jaio baino lehen, erregin zaharrak erlauntza uzten du erlategiko erle langileen erdiarekin. Alde egiten duten erleek behin-behineko kokapen bat bilatzen dute, askotan erlategian bertan, ohikoena zuhaitz baten adarrean zintzilik. Erlekumeak bizar luze baten itxura hartzen du: bizar horren erdian erregina kokatzen da, eta bere inguruan erle langile guztiak jartzen dira, erregina babesteko. Hainbat ordu pasa ditzakete lehenengo kokapen horretan, erle esploratzaileek kabia egiteko toki aproposa bilatu bitartean. Topatu bezain pronto alde egingo dute, eta argizariarekin sortzen hasiko dira haien etxe berria. Erlekumea botatzeko joera maiatza eta ekaina bitartean gertatzen da batez ere.
Liztor asiarren ugalketa prozesua: hasierako kabia eta bigarren kabia
Hasierako kabia: Liztorren ugalketa prozesua erleen ugalketatik diferentzia handiak ditu. Liztor erreginak negua bakardadean pasatuko du, lur azpian edo enbor baten barruan, eta udaberrian aterako da janari bila. Ondo asetuta dagoenean, zelulosazko hasierako kabi txiki bat egingo du, eta sortzen dituen abarasketan jarriko ditu langileak sortzeko lehenengo arrautzak. Hasierako kabi txiki hau apirila eta ekaina bitartean topatu ahal da.
Bigarren kabia: Ekainean liztor langileek bigarren kabia sortzeko kokapen egokiena bilatuko dute, ohikoena erreka batetik gertu dauden zuhaitzen puntetan (oso gustukoak dituzte platanondoak). Eta bertan sortuko dute errugbi baloi luze baten itxura gordetzen duten zelulosazko kabia. Zaila izaten da kabi hauek udan ikustea, zuhaitzen hostoek estaltzen baitituzte.
Zer egin gure etxean erlekumerik edo liztor kabiarik topatzen baldin badugu?
EZ EGIN EZER. Ez uxatu, ez astindu, ez bota botikarik. Soilik 112ra deitu eta suhiltzaileekin harremanetan jarri. Suhiltzaileak arduratuko dira egin beharrekoaz. Topatutakoa erleak baldin badira, erlekumea jasoko dute erlezain bati emateko eta erle kolonia horren biziraupena bermatzeko. Eta liztor asiar kabi bat izanez gero, segurtasun neurri guztiak gordeta kenduko dute.
Eta zuhaitz batean liztor asiar kabiarik ikusten badugu zer?
Ezinbestekoa da bigarren kabi horiek lehenbailehen kentzea, beraz, kabi bat ikusiz gero udalari abisua pasa eta kabiaren kokapen zehatzena eman (koordenada zehatzak oso lagungarriak dira). Hilabetera ez bada kendu, berriro deitu.
Garai honetan liztor asiarrak lanean gogoz dihardute bigarren kabiak egiten eta langile berriak sortzen. Laster gure erlategietan izango ditugu langile horiek gure erleak harrapatzen. Beraz, ireki ditzagun begiak eta erreparatu dezagun gure herrietako parkeetan eta erreka inguruko zuhaitzetan, ahalik eta kabi gehienak topatzeko. Guztion konpromisoa beharrezkoa da liztor asiarren zabalkuntza gelditzeko eta erleen biziraupena bermatzeko.