Eztia, mirari likidoa

erleekin-dantzan
0

el alce web Unsplash

Eztia aspalditik dut gustuko, oso txikitatik ohitu nintzen bere zaporera. Amonarekin lotzen dut eztia. Eta gaixorik egotearekin. Adin txikietan ohikoak diren gripe-sintomak nituenean, aiton-amonen etxean zaintzen ninduten. Non hobeto? Ondoezik egon bitartean, amonak belar garratzez osaturiko edabe magikoak prestatzen zizkidan. Infusio horiek edatea errazagoa izan zedin, ezti koilarakada handi bat botatzen zuen. Antza, horrela garatu nuen gaztetik eztiarekiko gustua, eta miresmena.

Koskorragoa nintzela, nire kabuz egiten nituen edabe magiko horiek. Anginak edo eztarriko minez? Limoi-zukua, eztia eta baso bat ur epel, poliki-poliki hartuta, eztarria leundu nahian. Tripako minez, beherakoa, eta jateko gai ez nintzen une horietan? Aurreko edabe berdina, baina litro eta erdiko botilan, egunean zehar edateko; hidratatua eta behar adina energiarekin gorputzak bere onera etortzeko. Edo egun hotz-hotzetan gorputza berotzeko? Afal ostean infusio exotiko bati ezti koilarakada bat bota, barrenak epeldu, eta ohera goxo-goxo.

Sukaldean ere eztia erabiltzeko ohitura hartu nuen; hamar mila aldiz hobetzen du edozein plater: jogurta, mazedonia, esne beroa, mamia edo ogi txigortua eta gurinaren gainean, baita gourmet hanburgesan, ahuntz-gazta eta mostazarekin konbinatua… Ene, edozein bihotz tristura berpizteko modukoa!

Eztia azukrea dela jakin arren, ez dut damurik sentitzen nire ahoan bere gozotasuna dastatzen dudanean. Azukrea da, bai, baina eztia bizirik dagoen azukrea da, bitaminak eta mineralak ditu, eta nire zeluletara zuzenean doazela irudikatu ohi dut, eta energiaz beteta sentitzen naiz, Asterix bere edabe magikoa edan ondoren bezala.

Amona, ez zinen zu izango eztiaren sekretua Panoramixi eman zeniona?

ERLEAREN SALBAMENDU SAREAn parte hartu.

Bidasoako Erlezain Elkartea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA