Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Hernaniko Andre Kalearen inauguraketa herrikoia
2015-03-02 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Martxoaren 21ean inauguratu zen ofizialki Andre Kalea. Hernaniko kale ezagunenetakoa da, bertakoak ez direnentzat “tabernen kalea”. Ekitaldi herrikoia osorik erakusten du bideoak.
Beti deitu izan zaio hala
Udal artxibategiko dokumentuen arabera, 1896an Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei gomendatu zien kaleetako errotulazioak euskaraz eta erdaraz emateko. Horren aurrean Hernaniko udalak erabaki zuen bi izendapen ofizial ematea kale honi: Andre-kalia euskaraz eta Urumea erdaraz. 1900 Urumea soilik deitzea erabaki zen eta 1927an Padre Cardaveraz. Azkenik, 1988an Kardaberaz kalea jarri zitzaion. Baina herriko helduenei oraindik “Andre kalia” entzungo diezu.
Zergatik Andre kale?
Herriko bizitza kaleka antolatzen zela esan liteke: Kale Nagusian denda dotoreak zeuden eta ongi jantzitako jendea ibiltzen zen bertan. Andre kalea, aldiz, emakumeek lan egiten zuten kalea zen. Hernaniko etxeen berezitasuna da bi kaleetara ematen dutela portalek, eta horrek pentsatzera garamatza eremu publikoa eta pribatua bereizteko-lotzeko funtzioa zutela. Emakumeek etxetik aulkiak jaitsi eta kalean elkarrekin lan egiten zutela esaten da. Lan horien artean bat Leokako labaderoan lixiba egitea zen, etxekoen arropa eta diru truke aberatsena joz. Lanean bakarrik ez, karta jokoan ere aritzen omen ziren emakumeak Andre kalean.
Generoaren baitan sailkatutako eguneroko jarduera publikoa eta pribatua kaleen antolaketarako irizpidea izan zitekeen, beraz. Kale Nagusia gizonena, Andre kalea emakumeena, eta Atzieta kalea abereena.
Printzesa bizardunen harribitxia
2015-02-24 // Kultura // Iruzkin bat
Gaueko entziklopedia koxkorra-k umore ona jartzen du etxean. Jolasgurea zabaltzen. Ume-klabean aritzera tentatzen.
Horrelako lanak etxero sartu behar lirake. Osasun publikoagatik. Airean gelditu da galdera, Kultura publikoak nola elikatu behar lituzkeen herritarrak txikitatik, zer bermatu behar lukeen. Kultura kalitate humanoa lantzeko bide ere bada eta.
Argia piztearen eta arrautzak irabiatzearen jolasa berreskuratuko dizuna
Hitzek poesia poxi bat daramate. Betiko hitzekin, etxeko objektuez eta gertaerez dira mintzo. Eta ze eder! (klik-klak egarri naiz; klik-klak buru-makur; klik-klak ama hor dator; klik-klak baso bat ur)
Hitzek umore puska bat daramate (“Logalerik ez, eta ixten zait begi bat; kri-kri hasi zaizkit kilkerrak eta katuak barrez, logalerik ez…”).
Hitzek plastilina karrokada bat daramate norberak nahieran jolasak asmatzeko, ipuinak sortzeko (dena nola hazten den kontatzen duen “gauen arreta jarri zazu zuk ere; soinu ñimiño bat egiten dute”)…
Jostailuekin jotzen omen dute musika (bai, bainerako ahatetxoa behintzat barruraino sartzen da), kontzertuak festa bat izango direla espero daiteke. Musikalki oso aberatsa da, zentzua beste ahots bat eta beste bat jarraitzera daramana, zure burua nola doinuak igartzen harrapatzen duzuna, zazpigarren entzunaldian beste detaile bat aurkituko diozuna…
Eta gainera liburua! Marrazki ederrez, jolasez eta erreferentziaz josia.
Mila esker
Mila esker 2princesesbarbudes, Bizarduna (Marc Marcé), Printzesa (Helena Casas), Maialen Lujanbio, Xabi Grimau, Ainhoa Aranburu, Larraitz Garmendia eta Joseba Tapia. Kataluniatik Euskal Herrira zuzenean ekarritako altxorragatik.
Zer hizkuntzatan elkar ulertzen dugun, lehen lerroko erabaki politikoa da
2015-02-19 // Hizkuntza // Iruzkinik ez
1955, AEB. Rosa Parks afroamerikarrak uko egin zion autobuseko eserlekua gizonezko zuri bati uzteari, sasoiko legearen kontra. AEBetan Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua piztu zuen ekintzak hark. Noiz utziko diogu hizkuntzaren eserlekutik desplazatzeari?
Elkar ulertzera, horretara gaude behartuta herritarrak bizitzeko. “Politikoa” horrela ere uler daiteke: elkar ulertzea tentsioan jartzen duen guztia. Adibidez: bi herritarren arteko elkar ulertzea tentsioan jar dezake generoak, jatorriak, hizkuntzak, klase sozialak… Botere harremanak edo norberaren posizioa gakoa dira soka-tira horretan. Betiko galdera: Zer zaude prest familiako bazkaria “bakean” bukatzearren tragatzeko?
“Bakeak” hiltzen zaituenean
Iristen da egun bat tragatzen ez duzuna. Zorionak! Horrek esan nahi du “zu” egiten zaituen beste ezaugarri baten kontzientzia hartu duzula. “Zu” izateko bitala zaizun faktore bat gehiago deskubritu duzula. “Zuago” zara! Eta ez tragatzeak esan nahi du baita ere zure burua parean duzun senidearena adina maite duzula. Ez senidea baino gehiago, ez senidearen bizkar, ez senidearen kontra, EZ: zure burua senidea ADINA, senidearen PARE, senidea BEZALA, ERRESPETU berarekin.
Elkar ulertzea biren esku dago, ez zure esku (bakarrik)
Hortik aurrera senideak armairutik atera berri duzun ezaugarria ikusiko duen, ulertuko duen, onartuko duen, errespetatuko duen… ez dago zure esku. Nahi zenuke berarekin partekatzea, baina (“izorrai!” edo “lasai!”) ez dago zure esku. Horrek kentzen dio balioa armairutik atera berri duzun ezaugarriari? Subjektu (politiko) gisa zure hautuen zilegitasuna zure buruari ematen diozu edo senideari?
Negoziazio kolektiboa etengabekoa da
Maitasun erromantikoarekin batera sortuko zen “isildu eta bakea”. Inongo baldintzarik gabe maitatzera behartzen gaituzte biek, menpeko egiten. Tratu txarren eltzea dira maitasun erromantikoa eta “derrigorrezko bakea”. Gure izaera politikoaren parte diren faktoreekin negoziatzen ikasi behar dugu. “Nire senidea zara eta zurekin harremanetan jarraitu nahi dut, beraz, ea gai hau nola kudeatzen dugun, niretzat ardatza da eta”. Norberarentzat ardatza diren faktoreak errespetatzen direla sentitzen ez dugunean harremana bera da kinkan jartzen dena. Edo errespeturik gabeko harremanetara behartu nahi dugu gizartea “bakearen” izenean?
Euskarara etorrita
Elkar ulertzera, horretara gaude behartuta herritarrak bizitzeko. Horretarako oinarrizkoa da besteak hitz egiten duen hizkuntza ulertzea (nahiz eta beste hizkuntza bat hitz egitea hautatu) edo ulertzeko jarrera agertzea (zeinuka ere komunikatzen gara gaitasunik ez dugun hizkuntzetan). “Ez dut zure hizkuntza ulertzen” esaten duenak elkar ulertzea tentsioan jartzen du. Errespetuaren muga ere kolokan egoten da erabilitako hitz eta tonuen arabera (areago hizkuntza hori bertakoa eta ofiziala bada), ez ulertzearekiko ezaxola edo arbuioa adierazten badu, edo ardura. Hortik aurrera, norberak erabakitzen du hizkuntza subjektu (politiko) gisa ardatza zaion, bitala zaion edo ez. Norberaren hizkuntza parekoarenaren ADINA, PARE, BEZALA, ERRESPETU berarekin maite duen. Edo alderantziz, harreman horretan menpekoa den.
Ez duzu bestea zure hizkuntzan hitz egitera behartu nahi, noski. Eta zure burua bai, behartuko duzu bestearen hizkuntzan hitz egitera? Zer, “ez zaitut ulertzen” batekin tentsioan jarri den komunikazioaren eta kohesioaren izenean?
Hizkuntza subjektu (politiko) gisa zure ardatzetakoa da?
Eguneroko harremanetan erdaraz eraiki duzun “bake”ak ez du zure zati bat ukatzen, hiltzen?
Harreman bakoitzean hizkuntza negoziatzen ikasi behar dugu, norekin nola mintzatzen.
Bestearen integrazioa ez dago zure esku (bakarrik)
Euskarazko mundua partekatu nahi zenuke euskal herritar guztiekin baina (“izorrai!” edo “lasai!”) ez dago zure esku. Euskara ulertu gabe bizitzeko hautua egiten duenak, euskarazko munduan ez integratzeko hautua egiten du. Horrek kentzen dio balioa euskarazko munduari? Euskaraz bizitzeko zilegitasuna nori ematen diozu, zure buruari edo erdaldunari?
Euskal Herria eraikitzerakoan, lehen lerroko erabaki politikoa
Estatuarekin, autonomia gehiagorekin edo asanbladaka antolatu nahi dugun euskal gizarteak elkar zer hizkuntzatan ulertuko duen erabakitzea lehen lerroko erabaki politikoa da. Erantzun komodoenari helduko diogu (lasai, hizkuntza defendatzearen truke botorik galdu nahi ez duzuen alderdi politikoak!): Bi hizkuntzetan? Ados, orduan garbi izan dezagun bi hizkuntza ofizialak ulertzea irakurtzen jakitea bezain oinarrizkoa dela gizarte honetan integratzeko. Kode zibilak dioenez: “Legeak ez ezagutzeak ez du legeok ez betetzetik desenkusatzen”.
Urquijoen aurrean Rosa Parks
2015-02-18 // Hizkuntza // Iruzkinik ez
Asteburu honetan gertatu zitekeen, udalerri euskaldun batean:
Urquijoz mozorrotuta sartu da tabernan cristiano monolinguea, zer eta euskararen legea zorroztuta besapean duela, zer eta elebitasuna eskudotzat hartuta.
Barrara doa zuzen, eskatzera baino, tragoa exijitzera. Barra erdian den neska batek traba egiten omen dio. “Y tú de qué vas?” uxatu nahi du Urquijok neska zakar.
“Ni naiz Rosa Louis Parks” erantzun dio pozik neskak.
Tartean sartu zaie Txano-gorritxo, denen lagun egin nahian. Elkarbizitzaz mintzo zaie, pedagogiaz, sedukzioaren indarraz, paradisuko elebitasun orekatuaz, Parks-i bere hizkuntzan, Urquijori berean.
“Y quién es esa Parks!” atzera berriz Urquijok.
“1955, AEB. Rosa Parks afroamerikarrak uko egin zion autobuseko bere eserlekua gizonezko zuri bati uzteari”.
“No te entiendo nada” batekin pasa da Urquijo barra zokora. Irriak ihes egin dio Parksi, “ez omen nau ulertzen… euskaraz naizelako? beltza naizelako? emakumea naizelako?”.
Urquijori atzetik joan zaio pauso lasterrean Txano-gorritxo, elkarbizitzaz mintzo, pedagogiaz, sedukzioaren indarraz…
Rosa Parks-ek dantzan jarraitzen du pozik. “Nire lekuan mantenduko naiz ni naizen bezalaxe” zin egin dio bere buruari. Kontzienteki eginiko hautu politiko hori txupito batez ospatu du. Geroztik barruan darama Rosa Parks-en jarrera, AEBetan Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua piztu zuen jarrera hura.
(*ETBko Azpimarra saiorako eginiko tartea)
Lehen emakume bertsolarien sorta, larru kontutan
2015-02-09 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
Amagoia Pia, Ereiten kultur zerbitzuetako kideak aurkitu zuen altxorra iazko urte bukaeran Asteasuko artxibategian. Lau emakume hauena da 1816ko bertso sorta: Teresa Antonia Beobidekoa (1.go bertsoa), Concepción Irazustakoa (2-3 bertsoak), Maria Magdalena Lertxundikoa (4. bertsoa) eta Maria Antonia Etxeberriakoa (5. bertsoa).
Bertsoak jartzeagatik salatuak
Salaketa bat da bertsoak artxibategira eraman zituena. Maria Magdalena Lertxundikoaren aurkako salaketa jarri zuten 1816an, “irainak plazaratzeagatik”, Maria Ignazia Mugikakoak eta bere ahizpek, aitak lagunduta. Mugikaren aurkako irainak bertsotan plazaratzea, horra lau emakumeen delitua. Gainera salaketak halaxe azpimarratzen du, bertsotan egin izanak irainari zabalpena ematen ziola: “se agrava la maldad al considerar que la afrenta se ha executado de la manera que recibe una publicidad escandalosa, y dificil de contener su pernicioso vuelo, porque la juventud que en todos los paises y no menos en esta provincia se entrega a tomar los versos de memoria para contarlos, se olvida con dificultad de ellos por el frecuente uso que hace de ellos, resultando de aqui la extensión de la mala nota con que se califica mi referida hija…”.
Bertso sorta
Versua paratzeko bada motivoa
Juan Bautista Mañaciren ondora dijoa
Gorocenetaco(1) gaztañac itz eguiten balequi,
cer pasatu dan ongui esango luque nosqui.
Zaldunieta gaubian(2),
yllaren ogueita bostian(3),
contentuago ciran
Gorozeneta gañian,
Juan Batista aurrian da
Mañaci atzian.
Etziran seguru ere
oz beren eltzian(4).
Juan Batista Olazagaco,
mutil prudentia,
eztezu gaizqui consolatu
caleco jendia.
Basuan egoten da
ipiñita eultza(5),
ez dezu gaizki jorratu
Lizolaco beltza.
Juan Batista cenduanian(6)
Mañaci billatu,
Caravelaco aurrian
cenduan asiñatu:
“Zaldunieta gaubian(7)
diberti gaitian(8),
guacen Gorotzenetara
istante(9) batian”.
Baratzan eder baitu
Ydarrac(10) lorea(11),
ez daucazue salduric
Lizolaco belia(12).
Oharrak
(1) Bigarren bertsioan: “Gorotzenetaco”. Gaur egun, toponimoa Errezil eta Alegin mantentzen da. Hiru baserri daude izen horrekin (Gorotzene, Gorotzenea eta Gorotzenea Goikoa).
(2) Iñauterietako igandea: “Zaldun-igande”, “zaldun inaute” adierez ere ezaguna.
(3) Lehenengo bertsioan, zati hau ere bertsoaren lehenengo ilaran doa.
(4) Lehenengo bertsioan: “elcian”.
(5) Lehenengo bertsioan: “eulza”. Orotariko Euskal Hiztegiak “eultzadi” eta “eultzar” adierak biltzen ditu. Eultzadi erlategiren sinonimo bezala dute (Larramendik “eultzadi” hitzari “colmenar” esanahia ematen dio). “Eultzar”, aldiz, “eulitzar”-ren sinonimo moduan.
(6) Lehenengo bertsioan: “cinduanian”.
(7) Bigarren bertsioan: “gabian”.
(8) Lehenengo bertsioan: “gaican”.
(9) Bigarren bertsioan: “instante”.
(10) Idar = ilar. Orotariko Euskal Hiztegian, “ilar” hitza ere “gezur” hitzaren sinonimotzat ematen da.
(11) Bigarren bertsioan: “borea”.
(12) “Belea”-gatik, ziurrenik. Bi bertsioetan, hirugarren bertsoan “beltza” irakurtzen da, eta horrek esanahi zuzena du “belea”-rekin. Testuinguru honetan esanahi negatiboa duela antzeman daiteke: tristea, zorigaiztokoa… Ziurrenik Mañaziri aipamena egingo lioke.
Lehen emakume bertsolariak
Asteasu aldean Sabina Elizegi (1842an jaioa, Pello Errotaren arreba) zen ezagutzen zen lehen emakume bertsolaria, eta lau hauek aurreko belaunaldikoak dira. Euskal Herrian ezagutzen diren emakume bertsolarietan lehenak ere hauek izan daitezke (Bizenta Mogel 1782an jaio zen eta Maria Luisa Petriarena 1800ean).
Eliz-sakramentuen erregistrotik atera du infomazioa Amagoia Piak:
Concepcion Irazusta Elola-Olaso 1772an bataiatu zuten Asteasun (1851n hil zen).
Teresa Antonia Beobide Zatarain 1781ean bataiatu zuten Asteasun. 1816an jaiotako “Agustin Zakarra” bertsolariaren ama zen eta 1856an hil zen.
Maria Magdalena Lertxundi Sorarrain 1795an bataiatu zuten Asteasun. 1867an hil zen.
Maria Antonia Etxeberriakoa (hiru emakume ageri dira bataio-agirietan izen horrekin, beraz, zehatz zein zen jakiten oraingoz ezinezko).
“Kolonizatzaileen jarrera da pentsatzea emakume indigenek, euren herria defendatzeagatik, eskubideak baztertzen dituztela”
2015-02-04 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Argazkia: Iván Rafel Castellanos Díaz/ Luna del Sur A.C.
Sylvia Marcos Feminismo Deskolonialen Sareko kide da eta “Más allá del feminismo. Caminos por andar” saiakera liburua aurkeztu du Mexikon. Bere hitzetan, liburu honek tradizio intelektual feministari “behetik eta ezkerretik” egin nahi dio ekarpena. Feminismoa deskolonizatu eta emakume zapatistekin elkarrizketan jarri nahi du. Zapatismoak 20 urte bete dituenean, Soraya González Guerrerok elkarrizketa egin dio Pikara Magazinen.
Besteak beste, eztabaidarako bide ematen duten ideia hauek jaulki ditu elkarrizketan:
(Ezer baino lehen, nor da Sylvia Marcos?)
1993an Mexikoko Unibertsitate Autonomoan zebilela gazte batek eskuorri bat eman eta ezkutatu egin zen. Zapatismoaren lehen buletin ofiziala zen. Irakurtzean, emakume zapatisten Lege Iraultzailearekin egin zuen topo, erresistentzian zeuden komunitate guztiek adostutakoa zena, eta lege hori lurralde eskubidearen aldeko Nekazal legearen ondoan ageri zen. Zapatismoan emakumeen eskubideen aldeko apustu esplizitua ikusi zuen, eta hori nobedade historikoa dela dio: “Emakume indartsu horiek denak autoritate postuetan ikusi nituenean maitemindu nintzen zapatismoaz”. Zapatismoa barrutik ezagutzen du eta hainbat liburu idatzi ditu emakume zapatistez eta feminismo indigenaz.
Emakume zapatisten lorpenak medikuntzan eta politikan
Gobernu autonomoak autoritate espazio handia ematen die emakumeei. Bertako kulturetan badira botere espazioak emakumeentzako bakarrik direnak, eta zapatismoak bere proiektu politikoko parte egin ditu. Bertako emakumeek hainbat jakintza landu dituzte (sendabelarrak, erditze-lanak…) mundu hiritarreko klase ertainak gutxietsi dituenak. Zapatismoarentzat berriz, medikuntza hori bere proposamen politikoko zati da, medikuntza hori errespetuzkoagoa delako gorputzarekin, holistikoa da eta beharrezkoa denean badaki bateratzen medizina alopatikoarekin.
Zapatismoak medikuntzan aritzeko emakumeak lehenesten ditu, emakumeen osasunean jarduten duten bakarrak emakumeak dira. Gobernu autonomotik kanpo emakume medikuek ez dute halako botererik, gizonezkoek bezero gehiago dute eta hobe ordaintzen zaie. Emakumeak beti lehiatu behar du jakintsuagotzat jotzen den gizon baten aurka.
Politikan, emakumeak autoritate nagusia duten guneetan daude, ez berdintasun sailetan. Komandanteak dira, baita hezkuntza bultzatzaileak, nekazal aholkulariak… askok irakurtzen eta idazten ez badakite ere, Ramona Komandantea bezala, antolaketan jeinu hutsa izan zena. Eta ez dute genero kuotarik, baina denei tokatuko zaie gobernatzea: kargu guztiak dira aldi baterako eta batzarrak hautatuak.
Indarkeria matxista gutxitzeko gakoak
Alkoholari uko egitea autonomiarako bide izan zen eta horrek asko gutxitu zuen emakumeen kontrako indarkeria. Erabaki zailenetakoa izan zen, herritarrak ohituta zeuden peri egunean mozkortzera eta garagardo saltzaileek itzeleko negozioa egina zuten. Jendea menpekoa zen. Errotik moztu behar izan zen.
Emakumeen lege iraultzailea ere erabakigarria izan da, emakumeen kontrako tratu txarrak debekatzen baititu. Euren asanbladatan emakumeak azaldu egiten du gizonak jo badu eta legea aplikatzen da. Ez da Espainian bezala, non poliziaren aurrean salatu eta gizonak hil egiten dituen. Polizia etxean salaketak jarri orduko beren bizitza arriskuan dute. Emakume zapatistek asanbladan azaltzen dute arazoa, beste edozein gatazka komunitario bezala. Asanblada da irtenbideak proposatzen dituena. Gizonari hiru abisu ematen dizkio asanbladak, eta hirugarrenean kanporatua da, gizona baita legea urratzen ari dena. Noski, horrek ez du esan nahi bidea erraza denik eta asanblada bakoitzean landu behar da gaia.
Feminismoa eta ikuspegi koloniala
Kanpoko feministek uste dute emakume indigenek euren herria defendatzen dutenez, ez direla euren eskubideez kontziente, bigarren mailan uzten dituztela. Jarrera hori kolonizatzaileena da, eskubideak hierarkizatzen ditugu, norbanakoenak eta kolektiboenak, eta pentsatzen dugu ezin dutela batera joan. Ezin dugu ulertu zapatistak aldi berean ari direla eskubide horiek praktikara eramaten. Zapatistek ez dituzte emakume gisa dagozkien eskubideak baztertzen, eta aldi berean beti gizonekin ari dira defenditzen autonomia eta lurraldea. Bi fronteetan ari dira aldi berean eta hori ikusten ikasi egiten da. Garrantzitsua da oinarrizko ezagutza bat izatea euren oinarri filosofiko eta euren kosmobisioarena.
Bestalde, eurentzat borroka ez da emakumeak gizonen “aurka” egin beharrekoa, “gizonekin” baizik, eta hori ulertzea asko kostatzen zaie feminista askori. Eta ez feminista hegemonikoei soilik (elitearekin eta gobernuarekin paktua egin dutenei). Beste feminismo gehiago ere badira ulertzen ez dutenak eta irakatsi nahi dietenak, lagundu nahi dietenak euren eskubideak defendatzen. Nola okurritzen zaie erabat ezberdina den mundu sinboliko batean sartu eta gorputzarekin eta sexualitatearekin lotua dagoen zerbait erakutsi nahi izatea? Zapatistentzat gorputza sinbolismoz betea dago, kosmosarekin lotzen da, lurrarekin, arbasoekin… oso gauza konplexua da eta feministak iristen dira esatera ez daitezela haurdun geratu. Nola da hori?
Jendea sendatu daitezkeen gaixotasun askok jota hiltzen ari da, eta zergatik dago dirua ugaldu ez daitezen bakarrik? Eskubide sexual eta ugalkorren kontzeptuaren distortsioa erabatekoa da. Ni han nintzen New Yorken, osasun sexual eta ugalkorraren adiera zehaztu zenean, eta emakumearen bizitza ziklo osoa hartzen zuen aintzat eta plazer sexuala emakumeen eskubide zela berreskuratzen zuen. Baina hori ezabatu egin zuten AEBek eta Iparrak finantzatutako GKEetako programek.
Eskubide sexualak eta ugalkortasunekoak deskolonizatuz
Nazio Batuek finantzatutako hainbat GKEtan aritu nintzen lanean. Latinoamerikako programaren zuzendari jartzeko proposatu zidaten, Rockefeller Fundationen. Baina ohartu nintzen han bazebilela diru bat borondate onarekin bakarrik azaldu ezinezkoa. Goiko esferetan mugitu nintzen eta goiko jendea zinikoa da. Rockefeller Fundationeko Latinoamerikako kargu gorenak ez zuen lotsarik izan esateko “nahi duguna da jende hori ez dadila gehiago ugaldu”. Kolpe gogorra izan zen niretzat, urtetan bazka eman zidaten eta benetan sinesten nuen emakumeek euren gorputzarengan botere handiagoa izan zezaketela, urtetan GKEetatik bultzatzen genuena egiten bazuten. Baina ohartu nintzen ezetz, eta hilabete batzuen buruan, neronek Mexikon abiatutako GKE pare batetik alde egin nuen. Ezin nuen jarraitu, Washingtondik aginduak jasoko banituen.
Gogorra egin zitzaidan. Hainbat harreman nituen, mundu osoan bidaiatzen nuen, oso estatus berezia nuen, eta bestaldera pasa nintzen kritikatzera. Nire mundu akademikoa birrosatu nuen, zeina alboratua baineukan Nazio Batuekin lan ekintzaileak egiteko. Ez dut batere damurik.
Urteekin saiatu naiz errespetatzen ikasten, emakume indigenek euren eskubideak aldarrikatzeko dituzten modu bereziak. Ez dute beste gabe guk nahi duguna eta aldarrikatzen duguna egiten. Hori da feminista askoren iruzurra, nahiz ezker kritikokoak izan. Zapatisten aldarrikapenak euren ezaugarrietan aitortu eta ebaluatu behar dira.
Bertso Eguna. Aulki dantza, konfiantza eta zalantza bat
2015-02-03 // Bertsolaritza // 7 iruzkin
Saio bete eta koloretsuaz gozatua hartu genuen larunbat arratsaldean. Asekada eder bat. Hamabi bertsolariek euren nortasuna eman zioten jokoari, Nerea Ibarzabal gaztenetik hasi eta Andoni Egaña beteranoraino. Besteak beste Asisko eta Marko marrazkilariek jarritako saltsa eta amaierako aulki-jokoa oroituko ditu entzuleak.
Bertso Eguna urteko saio bereziena izaten da, herriko plazan ez baita biltzen halako jendetzarik, areto batek eskaintzen dituen aukerekin, eta ohiturarik ere ez da eszenografia zein bestelako artisten kolaborazioekin esperimentatzeko. Era guztietako Bertso Egunak ezagutu ditugu, eta aurtengoari lotu dakiokeen hitz bat izan liteke “neurria”. Aulki koloretsuek eta gaiak hala eskatzean hondoan islatutako irudiek ukitu fina eman zioten saioari. Hari moduko bat edo batasuna, gai bakoitza jolasen batekin lotzeak eman zion saioari, baina lotura aski librea izan zen bertsolariak erabaki zezan une bakoitzean erabat gaiari eutsi edo jolasen erreferentziei heldu.
Hiru orduko saioan bertsoaldi ederrak joan ziren. Nor bere gustuek salatzen dute, eta hemen bertsoa.com webgunetik hautatutako sorta:
– Amets Arzallus eta Unai Agirre, kaxa huts bati bi begirada.
– Nerea Ibarzabal, “aita, ama, zenbat urtekin ezkonduko naiz?”…
– Sustrai Colina (aita), Onintza Enbeita (amona) eta Alaia Martin (alaba). Bakoitzaren agintea.
– Sustrai Colina eta Andoni Egaña, parean ez datozen koinatuak.
– Eneko Lazkoz, Unai Iturriaga, Nerea Elustondo, Maialen Lujanbio. Bakoitza nolakoa zen txikitan?
– Maialen Lujanbio, “jolastu leike?” “Ez!”.
Afalostean festa
Honaino larunbateko sentsazioak. Unea bizitzea baino zer hobe? afal orduan Iparra-Hegoa taldeko kideek prestaturiko platerak dastatuz eta mahaikide bakoitzaren munduak partekatuz gozatu genuen. Afalosteko bertso saioan egoerak ageri zuen itxura surrealistarekin barre egin eta barrara jo genuen zuzen, gutxitan ikusi arren bihotzean eramaten diren adiskideekin bizitzak sinkronizatzera. Utikan, beraz, umore handiz aurtengo Bertso Eguneko saioan kontzeptu bihurtu den “raka-raka-raka” hori, saioaz edo bertsoez baino kritikatzen duenaz informazio gehiago ematen duen jarduna.
Konfiantza, klabea?
Biharamon berantiarrean, bezperako saioko bizipenak bezperako saioko hitz lauekin parekatuz, galdera bat isuri da mahaira. Alegia, oholtzan gaiek eta bertsoek bakarrik parte hartzen ote duten. Edo justu klabea ez ote den gaia eta bertsoen arteko admosfera. Alegia, bertsolariak gai-jartzailearengan konfiantza duenean era batera pertzibitzen dela saioa eta konplizitate hori falta denean bestera. Nolabait intentzioetan bat etortzeak duela pisua, horrek orekatzen dituela edukian, planteamenduan, formulazioan eta abar egon daitezkeen ahuleziak.
Liseriketa beharraz
Saio osoan txoria baino kontentuago egon nintzen. Tarte bakarrak irauli zidan urdaila, hamar minutuz “cara a Sol” ikusi nuenean nire burua. Erdigunea ez ote dagoen ez EAEn eta ez Nafarroan sentitu nuen, “hiruak bat” gaiak planteatu zuen moduan (lastima, Bertsularien Lagunek eginiko ekarpena, “XiLaBa” zetorren biribil hiru lurraldeak aipatzeko, “Iparraldea”ren ordez).
Bertso Egunaz harago doa gaia, gizarte zabalean eta egunero egin beharreko praktika baita liseriketa. Gainerakoan, hedabide españoletatik indarrean datorkigun planteamenduak dira eguneroko bizitzan eszenaratzen ditugunak. Ez dakit, argazkiak hautatzen hasita, inguruan azken aldian ikusi dugun indar erakustaldi indartsuena ote zen Madrilgo plazakoa, ez dakit irtenbideen promesa egiten duen alderdi bat jarri behar den saioko erdigunean edo arazoak eta irtenbideak diren taularatu behar direnak, ez dakit argazkia ez ote zen Kursaalekoa bera: aldaketak Espainiatik etorriko diren begira dagoenarena…
Egaña beti dela interesante aitortuta, nik karguz Espainiako parlamentaria den eta astero Solen bildutako jendea gurutzatzen duen Enbeita entzun nahi nuen. Edo biak, ofizioka. Edo Amets eta Sustrai, alderdi horrek Hegoaldean pizten duen liluraren motiboez. Edo…
Bertso Eguneko saioaz harago doa, liseriketa da behar duguna.
Badakizu Olentzero… ?
2014-12-22 // Umekeriak // Iruzkinik ez
Sei urteko mutikoa harrapaladan sartu da sukaldean:
– Ama, zuk bazenekien Olentzero…
Gurasoak harnasa eten du, umearoko gezurra aurpegian lehertuko dion zain zain…
– … ez dela Jesusitoren aita?
“Kontxo, laiko itxurako gizarte honek a zer lezio argiak ematen dituen…” pentsatuz jarraitu du patatak zuritzen.
Sexismoa: Iazko Gabonetako publizitate kanpainaren datuak
2014-12-18 // Feminismoa // 3 iruzkin
Emakunderi atxikitako Begira ikertegiak 2013-2014eko Gabonetako kanpainari buruz egindako azterketaren emaitza hauek plazaratu ditu. (Hemen ikusgai bideoa). Hauek dira 10 telebista kateetako 186 iragarki aztertuta ateratako ondorioak:
Presentzia:
– Iragarkien %74an neskatilak agertzen dira eta eurak dira iragarki horien hartzaile nagusiak.
– Mutikoak iragarkien %66an agertzen dira
Ematen duten irudia:
– Neskatilak protagonistan diren iragarkien %21ean “pinpirin eta fisikoaz kezkatuta” daudenaren irudia ematen dute.
– Mutikoak protagonista diren iragarkien %22an “gerlariaren edo militarraren” irudia ematen dute.
Zer jostailurekin lotzen dira neska-mutilak:
– Neskatilak protagonista dituzten iragarkien %63etan panpinak eta osagarriak aurkezten dituzte.
– Mutikoak protagonista dituzten iragarkien %50 akziozko figurak eta ibilgailuak aurkezten dituzte.
Teknologia:
– Neskei zuzendutako jostailuen %31k funtzionaltasun elektronikoren bat dute.
– Mutikoei zuzendutako jostailuen %67k funtzionaltasun elektronikoren bat dute.
Koloreak:
– Neskatilei zuzendutako jostailuen %47k arrosa kolorekoak dira.
– Mutilei zuzendutako jostailuen %62ak kolore biziak dituzte.
Eszenografia:
– Neskatilak protagonista dituzten iragarkien %71 barruan eta etxean gertatzen dira.
– Mutikoak protagonista dituzten iragarkien %45 kanpoan eta naturarekin lotuta gertatzen dira.
Musika:
– Neskei zuzendutako iragarkien %68an musika eztia eta lasaia da.
– Mutikoei zuzendutako iragarkien %58k erritmo biziko musika dute.
Offeko ahotsa:
– Neskei zuzendutako iragarkien %61en offeko ahotsa neskatila batena da.
– Mutikoei zuzendutako iragarkien %94en offeko ahotsa gizon heldu batena da.
Leloak:
– Neskatiletan, edertasunari, etxeko lanei eta zaintzari lotutako leloak erabiltzen dira: “Amarik onena izango zara”.
– Mutikoetan, garaipenarekin eta nagusitasunarekin lotutako leloak erabiltzen dira: “Zure trebezia izango da zure aliaturik onena borrokatzeko eta irabazteko”.
Hainbat pista Olentzerorena egiterakoan
2014-12-18 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Lekeitioko udalak hirugarren urtez zabaldu du “Ipuin eta jostailu ez sexistak aukeratzeko gida”. Hementxe duzue PDF formatoan: GIDA EZ SEXISTA.
Emakundek gomendio hauek zabaldu dizkie hezitzaileei:
– Saihetsi behar dugu joko jakin batzuk eskuragarri izatea eta horiekin jolastea: indarkeriazkoak eta estereotipo sexistak sortzen eta justifikatzen dituzten guztiak.
– Joko eta jostailuen iragarkiak umeekin komentatu behar genituzke, ikusle kritikoak trebatzen joateko. Iragarkien helburuak eta mezuak interpretatu eta berrinterpretatu behar genituzke, publizitatean agertzen diren estereotipo edo irudi sexistak antzeman ahal izateko. Iragarkiak elkarrekin aztertzea laguntza handia izango da, besteak beste, publizitate jakin bat baztertzeko: gorputza gurtzera, modu jakin batean janztera, lehian ibiltzera eta kontsumitzera bultzatzen duen publizitatea, txikienentzat oso desegokia baita publizitate-mota hori.
– Helduok sormena, irudimena, gaitasun psikomotorrak eta berdintasunean oinarrituko harremanak lantzen dituzten jokoak balioetsi eta saritu behar genituzke —batez ere, joko edo jostailu bat aukeratzerakoan—, adingabeak aurrean ditugula. Jokoa edo jostailua umeekin batera aukeratu beharko genuke, eta, bide batez, saihestu egin behar genituzke konpultsioz kontsumitzeko ohituren aldeko mezuak.
– Joko eta jostailu bat edo bestea aukeratzerakoan kontzienteki aukeratzea, sexua kontuan hartu gabe; horra hor genero-estereotipoak nola hautsi. Prebentzio horri esker sustatuko dugu mota guztietako jokoak eta jostailuak erabil ditzaten, joko eta jostailuok tradizioz zein sexuri izendatu zaizkion kontuan hartu gabe. Jolasteko orduan, gizarte berdinzale batean nahi genituzkeen rol sozialak sortu nahi dira.
– Umeak zaurgarriak izan daitezen ekiditeko, gero eta beharrezkoagoa da umeei informazioa ematea teknologia aurreratuko joko eta jostailuen iragarkiei buruz, eta pantaila digitaletara eta testuinguru birtualetara sartzen laguntzea, txikitatik. Garrantzitsua da umeekin batera jolastea, eta internet eta sare sozialen erabilera gidatzea.
– Gure ardura da gure umeetako bakoitza zuzen gara dadin, baina ardura hori gizartearena ere bada; beraz, gure inguruan zabalduko ditugu gomendio guztiak.
Amelia Barquinek Kinka blogean titularretik botea digu enbidoa Nor ausartuko da panpina bat erosten (bere semea ez den) mutil bati Gabon hauetan? artikuluan. Inbertsioaren araua delakoa proposatzen digu bertan: “Neska batentzako opari bat aukeratzeko orduan, nire buruari galdetzea ea mutil bati gauza bera oparituko niokeen. Eta alderantziz. Galderak balio dezake konturatzeko ea ni ere neska/mutil binomio tradizionala eraikitzen laguntzen ari naizen. Eta gero erabakia hartuko dut, noski, zeren mutikoak baloi bat nahi badu, ba horixe nahi du, zergatik ez. Baina batzuetan ideiaz aldatzen dut”.
Euskal Herriko Bilgune Feministako kide den Oihana Etxebarrietak Olentzeroren gutuna umeekin aztertzea proposatu digu: etxeko guztiek kritikoki eztabaidatzea zer den objektu horiekin bilatzen duguna, dauden aukera guztiak errepasatzea… Iragarkiak elkarrekin komentatzea ere beharrezko ikusten du, interpretatzen trebatu gaitezen. Eta jolas bat ere proposatzen du: opari guztiak zaku berean sartu eta begiak itxita zoriz bat hautatzea.
Olentzerorena egitera zoazenean, adierazi dendariei zure iritzi eta sentipenak. “Neskentzako” eta “Mutilentzako” ipuinekin ikusi dugu, guztiok gure jarrera azaltzen badugu lortu dezakegu saltzaileen erantzuna. Saltzea bada helburua, zure iritzia oparia da ekoizle eta dendentzat, herritarrengan atxikimendu handiagoa lortzeko pistak ematen dizkiozu. Gauzak era batera edo bestera egin, erosleoi ez zaigula berdin jakinarazi behar dugu. Hauek adibide batzuek dira, bidali ekiteko proposamen gehiago eta pozik gehituko ditugu:
– Dendariak “Neska edo mutila da?” galdetzen dizunean, erantzun bat eman, ez isildu. “Opari hau erabakitzeko ez du batere axola, erakutsi mesedez dituzuen aukera guztiak” izan daiteke erantzun bat. “Berdin da, x urte ditu” beste bat.
– Adibide positiboak ere badira, esaterako, guztiontzako jolas kooperatiboak saltzen dituzten dendak eskura ditugu, eta aurten lehen aldiz bere katalogoan parekidetasuna zaindu duen saltokirik bada. Kontsumitzaileok pauso positibo hauek txalotzeak laguntzen du bide horretan urrats handiagoak ematen jarraitzeko.
– Produktu batek bi gama aparteko baditu, dendariari galdetu: “Ba al duzu beste aukerarik? ume guztiek neska-mutil bereizi gabe jolas dezaketela sentituko dutenik?”, “Kolore gehiago badituzu? nireari asko gustatzen zaio x kolorea”.
– Sarri apalategiak eta sailak oso bereizita daude, eta ez dugu aukera osoa ikusten. Galdetu dezakegu “Berokiak non dituzue?” (eta denak ikusi, “nesken” eta “mutilen” sailetakoak eta ondoren hautatu), edo “hizkuntzak lantzeko zer jolas dituzue”?
– Lasai hitz egin dendariarekin oparitzeak sortzen dizkizun kontraesan eta gorabeherez. Adibidez: “Hainbeste printzesa, hainbeste superman… ea zer amets elikatzen ditugun txikitatik! Baduzu beste era bateko irudirik duten baloirik, motxilarik…?”.
– Erreklamazio orriak eskatu eta bertan idatzi erosketa horretan ezegokiak iruditu zaizkizun kontuak (katalogo, apalategi, aukera…)