Auzapezgaiari ala alderdiari so egin?

Jenofa Berhokoirigoin
0

Baionan bizi den abertzale ezkertiarrak giroa tentsiodun sentitzen du bigarren itzuliaren bezperan. Baionaz kanpo denak “zer demontre pasatzen da Baionan?” galdera du mihi puntan. Etxeto eta Etxegaraien artean izanen da hautua, ezkerra eta eskuinaren artean. Abertzale batzuek ezker-eskuin eskemari loturik, Etxegarai kanporatu eta ezkerra nahi dute boterean –BBE Baiona Berde eta Elkarkidea Etxetori juntatzeko aldekoen argudioa zen, batzarraren bozketan gutxiengoan kausiturikoa–. Etxegarai sostengatzen duten abertzaleek, eskema horretaz haratago joan eta auzapezgaien posturari so egiteko premia ikusten dute. Argi da auzapezgaiari so eginez, ezker-eskuin kartak nahasirik direla: ezkerreko Etxeto AHTaren alde da, eskuineko Etxegarai kontra; etorkinen alde aritu da Etxegarai, prefetaren aurka egiteko ausardia politikoarekin gainera –Pausa harrera gunearen sorrera izan da ikusgarriena, baina aitzin goraipatu ez zituen neurri asko hartu zituen, etorkinek zein laguntzaileek estimaturikoak–. Bake prozesuaren aurka da Etxeto, asko egin du Etxegaraik, presoen auzia konpontzeko bilerak Justizia ministerioan errepikatuz. Euskara politikari dagokionez argi da Etxegaraik ez duela nahikoa egin eta hitzemandakoa ez duela gauzatu. Baina Etxeto ez doa hobeto. Ondoko osagaia ere hor da: 2014an Baionako eskuinaren Grenet dinastia Etxegarairen aurka aritu zen kanpainan eta Etxeto agertu zaigu duela hiru aste, merkatu egunez terrazan Grenetekin kafea edaten, guztiok ikusteko gisan. Aurten ere, eskuin historikoaren sostengua nora doan zalantzan jartzeraino. Auzapezak inguruan taldea duela diote Etxetoren aldekoek, bai –baina– auzapezak asko egiten duela diote Etxegarairen aldekoek. Giroa are elektrikoagoa da, jakina delako ekainaren 28ko emaitzak Baionatik haratago ukanen dituela ondorioak,  Euskal Hirigune Elkargoan zein presoen auziari dagokionez Paris mugiarazi nahian dabilen ordezkaritzan.
26 bozek banatu zituzten Etxeto eta Etxegarai 2014an eta aurten ere oso tinko da afera. Abertzaleen botoak ukanen du eragina: ezker-eskuin eskemari begira direnen eta auzapezgaiari so direnen arteko aldeak ukanen du pisu handia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA