Bozgabetuak eta Banksy efektua

Jenofa Berhokoirigoin
0

Zenbat gertakari latz isilean pasa diren uda honetan ere… Gose grebaren 238. egunean ukan genuen Ebru Timtik abokatu kurduaren berri: berantegi, bere heriotzaren berri ukan genuen, ez ordea epaiketa justu bat lortzeko eskaerarena. Palestinarrek ere agorrila bonbapean pasa zuten, Mendebaldearen uda-giroa batere trabatu gabe. Gazako puxika lehergarriak vs. Israelgo bonba hilgarriak… baina berdin dio agorrilaren azken egunean aipamentxoa, “akordioa” lorturik puxikarik ez da gehiago airatuko –aipamen guti Israelek jaurtiki bonbei buruz–. Eta zenbat dira iritsi ere ez zaizkigun albisteak? Zenbat injustiziaren berri eman eta berriz eman, baina isilarazi dituzte boteredunen aldean diren prentsa-agentzia eta komunikabideek? Zenbat gorputz irentsi ditu Mediterraneoak? Itotzekotan ziren zenbat lagun ontziratu, baina oraindik dira noraezean itsasoaren erdian, estatu bakar batek ere ez dielako porturik eskaini nahi? Agintari europarren zenbat erabaki xenofobo ez ditugu jakin? Eta horra hor bat-batean mainstream komunikabide orotan dela injustizia: ontzi berri bat itsasoratu da, jada 219 ditu heriotzaren atzaparretatik salbatu. Milesker Banksy street-artista anonimo baina ospetsu dirudunari, Louise Michel izeneko ontzia finantzatu izanak gaia berriz zor zaion lekuan jarri duelako –oren labur batzuentzat ez bazen ere–. Baina batez ere eskerrak Pia Klemp ontziko kapitainari, berea “ekintza humanitarioa ez, baina bai borroka antifaxista” dela argitzeagatik. Hitzen hautaketak garrantzia duelako, izena eta izanaren arteko (des)loturak errealitate bat argiratu ala kamuflatu egiten duelako. Milesker Parisek eskaini zion medaila errefusatzeagatik, “hipokritatzat” joz agintariak. Zeren bai, sistematikoki mugak hesten dabilen immigrazio-politika antolatu eta instituzional hau arrazista da, xenofoboa eta hiltzailea. Palestina itotzen dabilen harresian 2005ean Banksyk egindako muralaren gisara –hor ere puxikak, Israelen tiroen sinbolo– beste hamaika behar liratezke, bozgabetuen ondoan. Banksy gabe, iduriz ez direlako aipagai zapalduen eskubide urraketak. Samingarria, eta naski horrek ere berdin segituko du ezberdina nahiko genukeen koronabirusaren krisi globalaren biharamunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA