Arrakala ederra jakobinismoan

Jenofa Berhokoirigoin
0

Bai, ederra eta historikoa izan da 2021eko apirilaren 8an Frantziako Legebiltzarrak hizkuntza gutxituen alde bozkatu izana. Legea oztopatzeko adierazpenak eta bideak errepikatu zituen gobernuak eta kontra bozkatzeko manua ere luzatu zuen, baina legearen alde egin zuen gehiengo zabalak. Arrakala Frantzia jakobinoaren paretan: hizkuntza gutxituetan bideratu murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartuko da, eskola publikoetan lekuko hizkuntzetan bideratzen ahalko da hezkuntza.

Eskola izan du Frantziak herritarrak asimilatzeko erabili tresnarik eraginkorrenetarikoa. “Ez genekien hitz bat frantsesez eta errientsak frantsesa egin ahala laster ikas genezan nahi zuen. Punizioak bagenituen, aire hartzean ere euskaraz entzunez gero punituak ginen. Ez genuen euskara baizik etxean, eta frantsesa eskolan ikasi genuen, bortxaz”. Mintzoak.eus-en entzungai den lekukotasuna dugu hori. Frantsesa ikasi eta euskara baztertu… trauma, beldur, zigor, irain eta gutxiespenengatik. Eta gauza bera bretoiera, alsaziera, okzitaniera, katalana, korsikera zein bestelako tokiko hizkera guztientzat –ahantzi gabe Frantziak kolonizaturiko lurraldetakoak–. XIX. mende erditsura arte gutxiengo ttipi batek mintzo zuen frantsesa guztion ahotara sartu digu Parisek: euskal hiztunak %20,5 gara, bretoiera mintzo du %5,5ak, okzitaniera %14ak… hizkuntza hauentzako inolako ofizialtasunik gabe. Etxeko hizkuntzan mintzatzeagatik eskolan zigortuak izan ziren haur guztientzat ere da lege hau.

Ahal zuen guztia egin du gobernuak bozketa oztopatzeko, errotik ez zuelako leku duinik –eta bizigarririk– bideratu nahi lekuko hizkuntzei. Urteetan zehar eta azken hilabeteetan areagoturiko xinaurri lanaren emaitza da bozketa: pazientzia handiz, jakobinismoak modelatu usteak gezurtatu eta gurea azaldu behin eta berriz. Zeren argi gelditu dadila: alde bozkatu dutenen gehiengo zabala frantses definitzen da eta frantses elebakarra da –eta seguruenik, gisa horretako legeen kontra bozkatu ere du orain arte–. Zorionak xinaurri guztiei. Bidea luzea dugu oraindik, baina 2021eko apirilaren 8ak erakutsi digu Frantziaren pareta arrakalatzea ez dela ezinezkoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA