Uda, bidaiak eta mugazainak

Jenofa Berhokoirigoin
0

Hortxetan dugu uda, eta harekin, urtaro honi lotu ohi ditugun oporrak, urte osoan eman guztiaren ordaina balira bezala. Eta berriro ere jendeak joan nahi du… urrun. Munduaren beste puntako itsas-bazter, naturako mirari edota diskoteka ospetsuan egon nahi du, 2020-2021 urteak irakaspen ekologikorik eman ez baligu bezala. “Urrun. Hegazkinak eraman nazala ene egunerokotasunetik urrun”. Urrun edo hurbil. Euskal herritar batek nahiko du muga administratiboa zeharkatu, gure bazterrak deskubritzeko gogoz. Baina hara, aurten, nortasun agiriaz gain, bestelako bat erakutsi beharko diogu mugazainari: COVID ziurtagiria. Baldintza: gaitza pasatu izana, txertoa hartu izana edo aitzineko egunetan egin testan negatibo eman izana. Egunerokoaz bereizi eta bidaiatzeko bide ditugun ekitaldi kulturaletan egoteko ere galdetuko zaigu COVID ziurtagiria. Sarrerako langile edo boluntarioa mugazain bihurtuko zaigu, balizko ziurtagiria duenari soilik bideratuz kulturaz gozatzeko aukera, eskubidea, xantza, pribilegioa –deitu nahi duzun bezala–.

Urrun, hurbil ala emozionalki bidaiatzeko aukera mugatua dugu aurten –ez ordea iaz bezainbat, eta seguruenik horregatik dugu hain errazki onartzen baldintza–. Sinpleena dugu txertatzea, “bakea eta bi sos” erranzaharra “txertoa eta bi sos” bihurtzen dugula. Bestela, PCR froga dugu bidea. Ipar Euskal Herriko herritarrok, Segurantza Sozialari esker ez dugu ezer pagatu behar egin ahal izateko; Hego Euskal Herrian ordea garesti ordaindu behar izaten duzue –diruz prekario direnak txertatzera bideratuko direla aurreikusi daiteke errazki–.

Honekin guztiarekin, ez noa txertoari buruzko auzia irekitzera, baizik eta txertoari buruzko erabakitze-espazioa galdekatzera, hori bai, ez egitearen hautuak ondorioztatzen dituen bazterketa eta debeku astunetan soa jarriz. Ez noa erantzunak ematera, bakarrik galderak luzatzera, ikaragarriki aldatuz doan gure egunerokoa galdekatzera, besterik gabe. COVID ziurtagiria berriro “iragan mundurako” ateak irekitzeko bidea baldin badugu, ateak hesteko bidea ere izanen delako beste batzuentzat. Edukitzea delarik baldintza, beti dagoelako norbait baztertua, arrazoi bat ala besteagatik eduki ezinean dagoena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA