Herri oso bat sar daiteke Arbonan

Jenofa Berhokoirigoin
0

Erosleak azkenean ez ditu Arbonako etxe eta lursaila erosiko. ELB eta Lurzaindiako kideen eta hauei juntaturiko herritarren aitzinean amore eman behar izan du. Okupazioak oraindik segitzen du, saltzaileak 3 milioi euroren gose segitzen duelako eta negoziaketa fasean okupaziotik bideratu presio, indar, elkartasun eta kolektibotasunak baduelako eragina. Adostasun batera heldu ala ez, urriaren 24an emanen diote bukaera okupazioari, garaipena ospatuz –eta argi utziz lur hauek laborantzara bideratzearen alde segituko dutela erne–. Orotara 124 eguneko okupazioa beraz okupazioaren ohitura arras guti duen eta jabetzari errespetu handia bideratzen dion Ipar Euskal Herrian. Zenbat jende pasa da okupaziotik? Anitz. Ehunka, eta beharbada milaka. Hala ere, irudikatzen nuena baino gutiago. Nago, Euskal Herria ez da salgai lema lau haizetara zabaltzen dabiltzan anitz ez direla bertaratu. Konfinamenduak etxebizitzaren arazoa sekulan baino gehiago begibistan ezarri zigula, laster loratu ziren afixa, pintaketa eta ekintza sinbolikoak. Proportzionalki, amorratu eta motibatu anitzez gehiago irudikatzen nituen bertaratzen. Hego Euskal Herritik ere elkartasun gehiago espero zitekeen, lurren desagerpenaren eta espekulazioaren arazo orokortuei herri gisa erantzuteko aukera polita izan zitekeelako Arbonakoa. Nago Lekarozko Aroztegiaren kontrako mugimenduak lortu duen herri-elkartasuna ez duela lortu Arbonakoak. Herri gisa arazo bat dugu hor. Has gaitezen mugarik ez! lema gure barrenetaruntz oihukatzen… badelako garaia eta presa herri gisa erantzuteko diruaren izenean lurra –eta hortik herria– suntsitzen dabiltzanei.

Arbonakoarekin ELB eta Lurzaindiak lortu dute konbentzitzen lurraren problema ez dela bakarrik laborarien problema. Bertan batu aniztasuna dugu froga. Lurrama hor ospatuko da aurten, oinarrian eta bere baitan duen kutsu politikoa sekulan baino gehiago bistaratuz. Laborarien eta laborari ez direnen arteko topagune izan nahi du Lurramak; laborantza eta elikadura erabat politikoak direla ohartarazteko gune izan nahi du; eta apairu oro jendarte justuago baten alde egiteko boterea dugula azaltzen dabil. Funtsean, helburu horiek bete ditu okupazioak. Okupazio honi bukaera emanen dio Lurramak urriaren 24an. Hamabost hektarea eremu zabala da, herri oso bat kabitu daiteke bertan!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA