Honela mintzatu zen Zaratustra

ignazio-gastaka
0

XVII

Hor dago batela – hor barrena agian ezerez handira joango da. – Baina nork igo nahiko du “agian” horretara?
Zuetako inork ez du herio-batelera igo nahi! Nola nahi duzue orduan munduaz nekatuak izan!
Munduaz nekatuak! Eta lurraz gabetzerik ere ez duzue lortu! Lurraz gutiziatsu aurkitu izan zaituztet beti, zeuen lur-nekaduraz maitemindurik!
Ez daukazue alferrik ezpaina zintzilik: – lur-nahi txiki bat daukazue oraindik hartan! Eta begian – oraindik ez al dabilkizue igerika lur-atsegin ahaztu gabezko hodeitxo bat?
Lurrean idorokunde on ugari daude; batzuk baliagarriak, besteak atseginak: beroriengatik maitatu behar da lurra.
Eta gauza asko hain ongi idoroak daude, non emakumeen bularrak bezalakoak diren: baliagarriak eta atseginak dira aldi berean.
Baina zuek, munduaz nekatuok, zuek, munduaz nagituok! zardaiz astindu beharko zintuzketete. Zardaikadaka arindu beharko litzaizkizueke zangoak.
Zeren: gaixo eta alproja mekoak ez bazarete, lurraren nekatzaile, azeri alfer edo atsegin-katu litxarrero eta kuzkurtu zarete. Eta berriro alaiki lasterka egin nahi ez baduzue – ospa egin beharko duzue!
Ez da sendaezinen mediku izateko gogorik behar: hori ere irakasten du Zaratustrak: – ospa egin behar duzue, beraz!
Baina kemen handiagoa behar da amaiera emateko, bertso berria egiteko baino: hau ongi dakite mediku eta poeta guztiek. –

Friedrich Nietzsche

Itzultzailea:
Xabier Mendiguren Bereziartu
Berrikuslea:
Jesus Maria Mujika Arakistain
Testu zuzentzailea:
Lorea Arrieta Zubillaga
Hitzaurrea:
Andrés Sánchez Pascual

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA