Nire komunetik 110121

Imanol Epelde
0

Ezin da fidatu urtarrileko eguzki zuriaz, ez eta urtarrileko gaueko izar ederrekin ere. Baina ikusita aurreko asteburuan nolako eguraldia egin zigun, (zerua eguzkitsu, lurra goxo eta hego haizea lagun), urtarrila / ilbeltza eta izotzila hilabete bera zergatik diren asmatu ezinik amaituko dugu azkenean. Urtarrileko aste honek, ez duelako ia ezer izan ez beltzetik, eta ez izotzetik.

Astean zehar euri pixka bat egin du, egia da hori, San Sebastian egunean hotz ere egin zuen, gaur ere bai, baina oro har, ederrak eta epelak, egun paregabeak egin dizkigu. Negua gero eta udaberriagoa da, berotze globalaren ondorio. Marka litzateke orain arte guretzat eguraldi on eta eder izan den hori, noizbait arazo ekologiko bihurtzea.

Baina eguzkitan goxo-goxo, ustezko eguraldi on horretaz goxatzen jarraituko dugu, arazoak ahaztuta. Batez ere arazo ekologikoari etekin ekonomikoa ateratzen baldin badiogu. Itsaso artikoa da horren adibide. Ipar Poloko izotzak urtzen ari dira eta laster, Londresetik Tokiora itsasoz joatea egunbeteko txangoa bihurtuko da. Gainera, izotza urtzean mehatze eta energia erreserba handiak agertuko direla uste da. Eta begiak hesteak baino luzeago, akordioa egin dute aste honetan British Petrolium eta Rosneft errusiarrak berotze efektuak sortuko dituen aberastasunak kudeatzeko. Elkarlanean hasiko dira laster urre, petrolio eta gas bila, euren haizezko dorreetatik miraz.

Baina ez dira izan ingelesak aste honetan diru tratuan ibili diren bakarrak. Obamak Hu Jintao Txinako presidentea ohoratu, koipeztatu eta loriatu du bere jauregi zurian. Gure lehendakaria Dubain izan da hemengo enpresariekin, negozioez hitz egitera joanda. Eta galdetzen dut, zergatik lehendakari eta presidente guztiak joaten diren diruaz eta diruaz bakarrik hitz egitera beste herrialdeetara.

Ze hitz egiten hasita, hitz egin zezakeen gure lehendakari sozialistak, Dubaira eraikuntzan lan egitera joandako indiar eta pakistandarrekin, egunero 40 gradutara lan egin eta hilean 80 dolar kobratzen duten horiekin. Zergatik ez da gure herriaren izenean doan ordezkaririk inoiz biltzen bertako idazle, gizarte eragile edo kultur ordezkariekin. Zergatik isiltzen dute Dubaiko emirraren aginte orobatekoa, demokrazia errespetatzea hemen horren inportatea bada.

Baina, bueno, berdin du. Guretzat ere Dubai, etxe-orratz dotorez eta paradisu hondartzez beteriko postala da. Desertu erdian elurretan eskiatu daitekeen zentro komertziala, giza harrokeriaren irudi erraldoi gorena. Eta Tunisia, haren fotokopia merkea. Beste postal bat gehiago gure frigorifikoetan. Bai aste honetara arte behintzat. Ez genekielako, ez dugulako jakin nahi diktadurak gobernatu duela herri hori azken… 23 urteetan esatera nindoan baina, esan dezadan beti, Europaren eta gure oniritziz. Hangoak baitira ezagutu eta probatu ditugun bost izarretarako hotel bakarrak.

Bien bitartean Euskal Herriko etxeetan betiko gosari berbera: esne baso beroa tostada eta atxiloketekin. Eta aspertu gara, nekatu gara Ares gerrarako jainko olinpikoaren eta enparauen mendeku gosearekin, Madrildik datozen ahots harrizkoekin, Parisko isiltasun ozenarekin. Irratia albiste onak entzuteko piztu nahi dugu goizetan, berri baikorragoak eta lagunkoiagoak entzuteko. Atzo Udalbitzaren epaiarekin gertatu bezala. Alai nahi dugu bizi, alai ikusi nahi dugu jendea eta bizitza. Salbuespen gutxi batzuk kenduta, ederragoak garelako denok irribarre egiten dugunean. Hurrengo astera arte Manu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA