Oteitzak zioen umea denik eta jeniorik handiena dela 6 urtetik 9 urtera bitartean. Ez dituela bihotza eta burua bereizten. Eta horregatik dela sortzaile handi, eskolara (edo ikastolara) iritsi eta gaitasun horiek denak deusezten ditugun arte. Izan ere, zer datorkizu burura gaurko ikastetxeak espetxeak bailiran harresituta ikustean? Ez al duzu pentsatu inoiz lehen neska/mutil banaketa egiten zen bezain zentzugabea dela adin banaketa? Zergatik bukatzen dira klaseak ordu orotan oklok? Zergatik daude ikasle denak eserita diziplina ia militarraren gatibu, autoritate bat eta bakarra errespetatzen?
Horrelako galderak eta gehiago eragin zizkidan tertulia saio batek. Euskal herrietako jardunaldi libertarioetara joan ginen arratsalde batez, eta interes handiz entzun genituen bertan esandakoak. Batetik, Larrabetzuko Bizigunekoek euren esperientzia azaldu zuten, bestetik Berangoko Kortiñekoek euren pedagogia ikuspegia eta proiektua azaldu zituzten, eta amaitzeko, Nafarroa Beheretik Bizitoki egitasmoaren inguruan hitz egin zuen Gorkak (Torre zela esango nuke…).
Ordutik aritu naiz batzuen eta besteen informazioa irakurtzen, eta nik azken 10 urteetan ikastetxean egindako irakasle lanak baloratzen. Beste mundu bat lortzeko aldaketak etxetik bertatik eman behar baitira. Haiek hasi dira. Gure inguruan ere hasi beharko genuke. Ikastetxe guztiak fabrika industrialen logikaz ulertzen ditugun heinean, ez baita posible izango gizatasunik hemen, inoiz.