Lana panolien kontua da

Imanol Epelde
3

Artzek badu poema bat engranaje baten formakoa. Poemako hitzek engranaje baten irudia osatzen dute. Irudia eta musika.

Lana ta lana ta lana ta lana ta lana ta lana ta lana ta lana ta lana ta lana…. ta gizona. Ta lana ta lana ta lana ta lana ta lana ta gizona ta lana…

Lana, lana eta lana da gure bizitzen ardatza, zentroa. Lana eta loa. Batek esan dezake lasai asko, gure bizitzaren parte handiena lanean eta lotan pasatzen dugula. Eta ondoren, ondoren bakarrik, libre geratzen zaigun tartean ikasten dugu master bat online, edo joaten gara… gimnasiora edo pelukeriara edo ingeleseko klaseetara ondo pronuntziatzen ikastera God is good.

Hartu dezagun Artzeren poema eta gaurkotu dezagun XXI. mendera. Sakatu diezaiogun F5 teklari.

Lana ta lana ta lana ta gimnasioa eta lana eta piztina eta lana eta loa eta ingeleseko aditz irregularrak eta pasiba eta lana eta lana eta lana eta master bat online eta lana eta lana eta lana eta tarteka, makinako kafe zopa lanean indartsu eta esna segitzeko. Eta lana, eta lana berriz eta lana ta lana eta lana…

Andere jaunok, azenayo eta erremolatxa maitagarriok. Heriotzak ez gaitzala harrapa lanean! Heriotzak harrapa gaitzala hondartza batean eguzkia hartzen tripaz gora. Edo Faktoriako terraza eder honetan, zumo naranja batekin eskuan, iraultzan pentsatzen. Benetako iraultzan pentsatzen, galdera bat eta bakarra eginez: eguzkia nola hartuko dugu, tripaz gora edo tripaz behera?

Ze, hemen eta orain, ez dago lanik egin gabe bizitzea baino iraultza erradikalagorik.

Langile bat esklabu bat baita denbora partzialean. Esklabuarena exajeratua irudituko zaizue akaso, baina nagusiak ez bada, esaidazue nork esaten dion langileari noiz azaldu lanera, lanak noizko eta nola bukatu behar dituen, zein lan egin behar duen eta zein arropa jantzi dezakeen.

Mediku guztiek esango dizute gainera lana kaltegarria dela osasunarentzat. Tabakoa edo amiantoa bezainbeste. Ez naiz hasiko lanak eragindako gaixotasunak zerrendatzen. Baina noizko lantegi sarreretako kortxotan “Trabajar mata” bezalako oharrak!

Eta larriena dena: lan aspergarri, ergela eta monotonoa eginez gero, aspergarri, ergel eta monotonoak izaten amaitu dezakegu. Ciceronek esango lukeen moduan: lana… lana panolien kontua da. Langileak diru truke saltzen baitu bere burua.

Badakit esaten ari naizenak defenditzea kosta egingo zaidala. Denak ditut kontra. Ideologia guztiek sinesten baitute lanean. Sindikatu eta patronalak ere ados daude gure denbora eta bizitza puxkak saltzean. Prezioa adostea da kostatzen zaien gauza bakarra.

Bai, badakit defenditzea kosta egingo zaidala baina irtenbide bakarra ikusten dut nik:

Lan egiteari uztea. Eta hasi gaitezen… jolasean. Eta ez nazala inork gaizki ulertu. Lanik ez egiteak ez du esan nahi gauzak egiteari utzi beharko geniokeenik, eh? Jolas gaitezen bizitzera, umeak jolasten diren bezain serio.

Eta lanpostu denak jolastoki bihurtzea zail samarra izan badaiteke ere, abolitu ditzagun alferrikakoenak: zertarako behar ditugu burtsako agenteak. Zertarako horrenbeste irakasle, zertarako hainbeste polizia? Eta esaidazue, zeinek behar ditu perfume eta desodorante egileak? Edo… nork behar ditu Aperribairen arma fabrikak!

Eta lana abolitzea gehigitxo eskatzea bada… murriztu ditzagun gutxienez lan egunak. Zein gobernuk (edo zein kristok) erabaki zuen asteak 5 lan egun izan behar zituela? Franko izan zen? Errepublikan zenbat egunez egiten zuten lan? Noizko fundamentuzko erreferendum bat lan egunak erregulatzeko? Noizko ERE bat lan asteari?

Eta bukatzeko, lan eginda bizitzea erraza da. Bai. Kosta egiten da baina erraza da. Hemen zailena, lanik egin gabe bizitzea da. Hori egiten asmatzen dutenak dira inteligenteenak, lanik egin gabe bizitzen dakitenak.

Sententzia. Hemen.

Inork ez luke lanik egin beharko inoiz, jolasteko ez bada…

Munduko langile errukarriak…

relajatu zaitezte!

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA