Ez dut orain arte grabazioa lortzerik izan eta astebeteko atzeraPENArekin, hona hemen Euskadi Irratiko Faktoria saioan astero egiten dudan saiotxoa entzun-irakurgai. Aurreko ostiralekoa, hemen.
Oraingoan komunean ditudan argi guztiak piztu, aurpegia iturriko uretan freskatu eta ispiluaren aurrean jarri naiz, nire geografian zer aurkituko.
Osasunak, markak aurpegian marrazten ditu kortesiakeriatan ibili gabe. Begi-zuloek nekea salatzen dute, begi poltsek giltzurrunak lanez itota dabiltzala, ezpain gorrituek gibel lanpetuegia. Eta zimurrek, ai gure zimurrek zer adierazten dute… jakinduria edo zahardadea, nekea akaso? Nik baditut lerro batzuk kopetean. Kezkatzekoa ote da kontua?
Zimurrik apenas zuten igande honetan Lezon aurkitutako gehienek. Hezkuntza erakunde euskaradun batek antolatutako jaira joan ginen gú, lehenengo aldiz bertso saiorik gabeko Kilometroetara. Gu baino kopeta argi eta leunagoa zuten gaxte asko, aldiz, ihes egitera joan ziren, gurasoengandik, mundutik, bizitzatik. Egun batez. Egun bakar batez bazen ere.
Bi argazki utzi zizkidan niri igandekoak. Goizeko argazkiak euforia eta gaztetasun eta botila oraindik beteen poza adierazten zuen. Arratsaldekoak negarra, besarkada sutsuak, anbulantzia sirenak eta plastikozko botila hutsen alfonbrak, industria pabiloi erraldoien plazetan, dekadentziarik gorenean.
Eta etxera bidean pentsatu nuen zerbait larriak egiten duela huts hemen. Ez dela eurena errua, gure imitazioz ari direla jokatzen horrela. Guk eraikitako munduari erantzun hori ematen diotela: oka eginez komun zulo eta errepide bazterretan. Jendarte hau aldatzeko interesik ia batere gabe biziz sisteman instalatuta, ordenadoreko sistema eragilean softwarea bezala. Komodo, eroso, baina oso oso zoriontsu, ez.
Gu hainbeste kezkatzen gaituzten gauzei bizkar emanez. San Markos mankomunitateko kargu aldaketei desaxola, Txinak Greziaren zorra erosi ote duen jakiteko interesik gabe, akaso Al Kaedak Europan egin ditzakeen atentatuekin beldurrarazi dituzte zenbait, zerbait. Horrek eta Hugo Chavezek. Munduan jende gaizto-gaizto-gaiztoa Venezuelara, Iranera eta Ipar Koreara joaten baita entrenatzera. Eta ez beste inora.
Langabeziaren datuak ere eman dituzte aste honetan. Gazteak dira asko. Baina ez dira horregatik gaizki bizi. Tira, zuzendu dezadan esaldia: ez dira pobre bizi. Bi, hiru eta lau etxe eta auto dituzten familietan jaioak dira gehienak, jaioak gara gehienak. Azaleko kexatara mugatu bai, baina azken modako antiojuekin eta ofertarik gabe txankletekin, zetazko toailak jantzita joan dira denak hondartza urrutietara uda honetan ere, oporretan. Lekutan geratu da “gazte gara gazte eta ez gaude konforme” leloa. Orain “gazte gara gazte, eta mozkorrak gaude, barka, konforme gaude” esanez plagiatu beharko genuke kantua.
Aste honetan ere jakin dugu Europan ez dela inon, Euskal Herrian bezainbeste zimur. Esain nahi baita, ez dela inon Euskal Herrian bezain luze eta zahar bizi inor. Eta Europako haur jaiotze tasarik baxuenetakoa dugula ere bai. Esadazue: haur gutxi parkeetan, gazteak lanik gabe koadrilen lokaletan txirriak erretzen eta zaharrak arratsaldetako Westernak telebistan ikusteko egongelak betetzen. Nórk nahi du horrelako herri batean bizi!?
Aterabideak badira jakina. Bat. Eutanasia legeztatzea. (…) Edo Espainiako Gobernuak egin nahi duen bezala, 67 urtera arte lan eginaraztea, hiltzeko beste modu bat baita hori. Eta bi, krisiaren aitzakian haur jaio berriak izateagatik ematen zituzten diru laguntzak bueltatu ez ezik, hirukoiztea.
Eta hara! Betikoa gertatu zait, bekokia horrenbeste ilundu beharrarekin, zimurrak gehixeago nabarmendu zaizkit eta horiek ez dizkit iturriko ur freskoak ezabatuko. Asteburu patxadatsu batek akaso? Hurrengo astera arte!