Aste honek ez du krisirik izan. Ez ekonomikorik behintzat. Gasolina baino gehiago igo dira, IBEX 35a eta Europako Burtsak. Euroa ere aspaldiko partez zertxobait indartu da. Krisi ekonomikorik ez du izan aste honek. Baina ez albiste horiengatik. Politika izan da aste honetako diru krisiak estali dituena. Bera izan da errudun bat eta bakarra.
Eta politikan, ondo dakizue zuek, ez dago gauza politikan eta urtarrileko beste aste bat joanagatikan titular handitan, ezin esango dugu gaudenik esperantzaren argitan. Herri honetan, jende asko, jende gehiegiegi ari baita sufritzen haragi bizitan.
Horregatik izan zen esanguratsua aurreko larunbateko manifestazioa, aurreko larunbateko martxa. Leloa hauxe: egin dezagun urratsa. Baina hara sortu zitzaidan zalantza saltsa latza: urratsa eman dezagun bai, baina norantza? Harantza? Edo honantza? Zein da eman beharreko pausu zehatza? Nork du benetan konponbide orekatua lortzeko esperantza? Ekarriko ditugu presoak etxerantza? Eta nork daki nola berregingo dugun gure herriaren historia krudel, garratza!
Galdera horien erantzun bat, urrats bat izan zitekeen asteleheneko notizia festa. Aspaldian genuen kezka: ETAren agiria ba al dator edo ez dator genbiltzan galdezka. Eta hara hor, noizbait heldu behar derrigor eta ETAk zor zigun bake iraunkor eta orokor hori eskaini zuen. Batzuentzat emankor bezain baikor. Baina gehienek erantzun zuten lehor, ezkor, eta beste batzuk beti bezain axolakabe, zorrak zor eta lorrak lor. Baina nik diot. Behin honaino iritsita, ez gara ba beti bezala etsita egongo pentsakor?
Galdera nik egin eta nik erantzungo dut. Zaudete lasai. Nola izan esperantza, bakea batzueK, ETAk armak uztearekin lotzen badute. Normalizazioa Espainiako armada kontrol dorreetan egotea bada. Demokrazia diktadura ekonomikoak kudeatzen badu. Nola ez egon ezezkoan etsita pentsakor, suetena deklaratu eta ordu gutxira bi zarauztar lagun eraman bazituen Guardia Zibilak, bost egunetan estado de derechoak ematen dituen aukera guztiak aplikatuak izateko. Nola ez egon ezezkoan etsita pentsakor, bi bertsolari Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu badituzte presoen senideen aldeko saio batean kantatzearren. Zortziko txikia arriskutsu bihurtu baita, bakea doinu bakarra inposatzearekin ulertzen dutenentzako.
Eta hara, hutsaren hurrengoa da egoerari erantzuteko gaitasunaren neurria. EAJ Rubalcabarekin geratzen da bazkaltzeko, eta Zapaterorekin afaltzeko. Aralar ez dago eroso, ez dago kontentu, ez Nafarroan, eta ez Gernikan. Alderdi politiko txikiak hamaika dira, baina bat izatetik urrun.
Eta hori bada Euskal Herria amesten dutenek politika egiteko daukaten estrategia, benetan eta bihotzez, astiro eta amorruz diot: lastofardo ederrak eginak zaudetela, albokoaren begian lastoa bakarrik ikusten duzuelako, aberria norbere txabola eraikitzea dela uste duzuelako, ilusiorik sortzeko gai ez zaretelako, behinola Lizarra eta Garazirekin egin bezala.
Horrela, aste honetan A63an Baiona parean istripuan hildako lau lagunak gero eta estrainoagoak, gero eta urrutiagokoak zaizkigu Hegoaldean, Cadizeko hondartzak baino urrutiagokoak. Ilusiorik eta ametsik sortu gabe, gainera, euskal politikagintzak aspertu egiten du eta orduan, besterik ez eta, tabakoaren lege berriaren ondorioez hasten gara hizketan.
Izan ere, aste honetan hasi da nabarmentzen zein tabernak disimulatzen zituen zikinak tabakoarekin, zein neska pinpirenek edo mutil kanpoederrek estaltzen zituen atzeko haizeak chesterraren ketan. Asko hitz egin da lege berria goitik behera betetzeko eman dugun ardibide eredugarriaz ere. Akaso, eredu ejenplar berbera emango dugu 75 urtera arte lan egitera behartzen bagaituzte. Asteburuetan deskantsatu behintzat! Hurrengo astera arte.
1 Iruzkin
[…] This post was mentioned on Twitter by Imanol Epelde Pagola. Imanol Epelde Pagola said: Aste politiko honen errepaso partikularra entzungai #nirekomunetik 110114 http://j.mp/hCPC3G Ez dira bonbak botatzeko garaiak baina… […]
[WORDPRESS HASHCASH] The comment’s server IP (208.74.66.43) doesn’t match the comment’s URL host IP (74.112.128.10) and so is spam.