Nire komunetik 110218

Imanol Epelde
0

Dagoeneko ez da begiratu errugabeko ume jostari xaloa. Sendotu zaio ahotsa, zabaldu bizkarrak eta lehertu eta lehortu gaxte-gaixto garaiko aurpegiko grano bolkaniko zuriak. Izan ere gaur, otsailak, 18 egun handi bete ditu.

Baina ni otsailaren adoleszentziak utzitakoa esplikatzera nator. Urtero bezala karameloarena eta desioarena izan da aste hau. San Balentin eguna perfumatua eta loratua iristen delako beti gure eskaparateetara. Aurtengoan Googlek ere okasioko soinekoa jantzi nahi izan du. Eta azkenerako, interes komertzialekin maitasunaren istorio ederra ere artifiziala bihurtu da, egun hauetan erakutsi diguten Aizarnazabalgo olatua bezain artifiziala!

Sinistu nahi dut Ronaldoren malkoak ere ez zirela izango artifizialak, baratxurizkoak, aste honetan adierazi baitu futbolean jokatzeari utziko diola. Aspertu da itxuraz golak sartzeaz gure FENOMENOA. Eta ni, fenomenoak gure koadrilan bakarrik zeudelakoan! Baina arren, Ronaldok ez, ez dezala negarrik egin mesedez! Orain, Play Stationean Phoskitosak janez umeak bezala disfrutatu ahal izango du kontzientzia kargarik gabe. Aspaldian denon eskura baitago, sofatik altxa beharrik izan gabe Bartzelonako eta Real Madrileko jokalari izatea.

Golak egiten hasita, asteburu honetan Itxakok azken unean sartutako golak bezalakoak sartu behar dira. Garaipena ematen duten horietakoak. Errealak Osasunari egindakoa bezalakoa. Baina ezin poztuko gara gehiegi, Atletichek ere galdu egin zuen-eta. Osasunatik Camacho bidali egin dute, eta Mendilibar ekarri baina… jaun andreok, bat ez bada bestea, disgustua disgustuaren atzetik, partida bakoitza azkena bailitzan jokatzea, ez da bizitzeko postura! Horregatik, euskal kutxen bat egiteaz berriz ere asko hitz den aste honetan proposatzeko modukoa da, euskal futbol taldeen bat egitea ere. Euskal selekzioa osatua izango genuke behingoz, Bartzelonari ez lioke Sportinek bakarrik berdinduko… Eta Champions Leaguean urtero jokatuko genuke, gure herriaren izen ona mundu osoan zabalduz.

Saskibaloian ere bai, bukatu bitez derbyak. Joka ditzagun partidak elkarrekin besteren aurka. Hartara, ez ligan eta ez kopan, Baskoniak ez luke gehiago bizkaitarrik kanporatu beharrik izango, aste honetan egin duen bezala. Euskal talde guztiak batuta, ez genuke inoiz Bartzelonako Navarroen aurrean gehiago belaunikatu beharrik izango… Gurera ekarriko genituzke, Navarroak badira batez ere. Eta zale guztiok bat eginda, ez litzateke gehiago saskibaloi pistetan Ken 7 eta Berri Txarrakeko jarraitzaile sutsuen inbidiarik izango. Bakarrak ginateke munduan.

Baina mundua! Ai nola dagoen mundua. Lehen diktadoreak zeuden lekuan orain esperantza sortu da, eta diktadurek irauten duten tokitan, bada, ilusioa hauspotu da. Herritarrek diktadoreak botatzeko ahalmena dutela sinistu dute. Han sikiera, ez zaizkie diktadoreak hil zahardadearen zahardadez, beren gelako oheko isiltasun goxoan, guri hil zitzaigun bezala.

Italian berriz, Berlusconiren aurkako manifestazio jendetsuak izan dira, emakumeak nola erabiltzen dituen salatzeko, bere nagusikeriaren aurka… Eta manifestazioak jendetsuagoak izango ziren Tunisiatik Italiara joan nahi izan dutenei bidea libre utzi izan balitzaie. Baina ez! Italiako poliziak atxilotu zituen denak, paperik ez izatea delitu larria baita Berlusconik egindakoen aldean.


Gainontzean astea, nahikoa goyabeheratsua izan da. Eta ez sariengatik bakarrik. Omenaldiengatik ere bai. Txillardegik herritarren omena jaso zuelako aurreko larunbateko manifestazioan. Egun bat geroago Euskal Herriratu ziren Bryan ausarta eta bere taldea, lagun gehiegi izateko itxura gutxirekin. Notizia onak Nafarroatik. Azkenean, esan dezagun! Nafarroan D matrikulazioa %10 hazi delako. Kontua da Z dela eredu guztien gainetik nagusitzen dena. Z. Zeberiorena. Jokin Zeberiorena, hilketa bere ikaskideek ordaindu behar izan dutelako funtsean erreformatorioan. Gazteek ez zuten jarraitu baino egin biziarazi diegun jendarte anker indibidualista. Baina pasa egin ziren eta gogotik ordaindu behar izan dute egindakoa. Orain buling-a ziber bihurtu omen da. Eskola eta kaleko isekak interneteko sare sozialetara iritsi dira.

Z eredua bihurtuko ahal da noizbait zorionaren zeta! Disfrutatu otsailaren gaztetasun ederraz. Hurrengo astera arte!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA