Minetik idaztea dagokigu gaurkoan, Madrilgo Audientzia Nazionaletik bueltan. Bi egun egin ditugu Gurutz gure lehengusuaren aurkako epaiketa jarraitzen. Hasieratik izan da zalantza asko sortu dituen kasua. Argitasun asko falta izan da prozesu guztian eta oraindik ere gauza ilun eta susmagarri asko daude.
Gurutzek epaiketan hasieratik utzi zuen argi ez duela hilketarekin inolako zerikusirik izan, ez duela arma bat eskutan inoiz hartu eta ETArekin ez duela inoiz inolako harremanik izan. Ondoren, Pagazaortunduaren emazteak eta arrebak hitz egin zuten. Eta, gero, lekuko mordoa entzun genituen bata bestearen ondoren.
Lehenengo lekukoak hilketa gertatu zeneko tabernan zeudenak izan ziren, eta ondoren hitz egin zuten testiguak Ertzain eta poliziak, ikerketak nola eraman zituzten azaltzen. Momentu klabea izan zen DNA frogak ikertzen aritu ziren Ertzainek eta defentsaren perituek bakoitzak bere argudioak agertu zituztenekoa. Ertzainek zioten taberna hartako kafe kikaran aurkitutako DNA aztarnak nahikoa kantitate eta kalitate bazuela ondorioak ateratzeko, defentsaren perituek berriz (izen eta ospe handiko emakume katedratiko bat eta bere laguntzailea), aztarna horiek ez zutela behar adina kalitate eta kantitate adierazi zuten. Nazioarteko legediak onartzen zuen mugaren azpitik zegoela aztarna horren kalitatea, alegia. Gainera, aztarna horretatik ateratako ezaugarriak (identifikadoreak) oso gutxi izan zirela. 16 indikadore aztertu behar omen dira DNAn, eta erdiak baino gutxiago aztertu omen zituzten.
Epaiketaren amaiera aldera, Fiskalak eta akusazio partikularrek azken ondorioak atera zituzten. Akusazio partikular gisa hiru aritu ziren: familia (Gipuzkoako UPyDko zerrendaburua hizlari, Mugicatarra), Andoaingo Udalarena (zerrendaburu horren anaia, beste Mugicatar bat) eta Victimas del Terrorismoko bat. Guztiek egin zuten bat Ertzainek esandakoarekin eta ez zuten inolako zalantzarik izan Gurutz ETAko kidea zela esateko, komisaldegian tratu txarrak salatzea aski arrazoi badelako eurentzat ETAkide izateko (horixe egiten omen baitute ETAko kide guztiek), edo bere Hernaniko errugbiko taldean bi ETAkide izatea ere, aski arrazoi omen zen Gurutz ETAkidea zela esateko… Zirenak eta ez zirenak bota zituzten eta denak aguantatu behar izan genituen, abokatuak, Gurutzek eta bertaratu ginen bere koadrilako lagunek eta familiartekoek. Hurrengo egunera arte itxaron behar izan genuen abokatuaren (Jose Mari Elosuaren) azken ondorioak entzuteko. Ordubetetik gora aritu zen Gurutzen errugabetasuna defenditzen. Akusazioek arinki botatako guztiei banan bana eman behar izan zien buelta. Eta bere absoluzioa eskatu eta exijitu zuen. Hona erabili zituen argudioak.
- Kafe kikaran aurkitutako ADN frogak jasotzerakoan ez zen ziurtatu gutxieneko bermerik. Jende gehiegi ibili zen inguruan. Taza eskuz esku eta lekuz leku mugitu zuten, zer eta hasierako Ertzainaren eskutan bukatzeko berriz.
- Proba horiek onargarriak izango balira ere, ez dute probabilitatearen muga gainditzen. Proben analisietatik ondorioak ateratzeko segurtasun minimorik ez dago.
- Hartutako lagina gainera, minimoaren mugan dago. Ertzainek nahikoa zela zioten eta abokatuaren perituek ezetz.
- Proba horrek identifikadore gutxiegi zituela ere esan zuen.
Hortik aurrera, Gurutz beste ezeren arduradun izateko inolako frogarik ez zegoela adierazi zuen. ETAko kide izatearen akusazioak zentzurik eta oinarririk ez zuelako.
- Orain 8 urteko larunbat batean zer egin zuen ezin izan du frogatu. Baina inor izan liteke gai orain 8 urteko asteburu bateko arratsalde batean zer egin zuen esateko? Eta orain 3 urteko arratsalde batean?…
- Tabernan zeuden lekukoek ezin izan zuten esan bera izan zenik, hiltzaileak aurpegia bistan izan eta tabernan hilketa burutu aurretik 15-20 minutu egin zituen arren. Altuera da kointzidentzia bakarra, gainerakoan esandako hiltzailearen deskripzioak ez datoz bat. 35-40 urte zituela esan zutelako (berak 25 urte zituen orduan), flakoa zela ziotelako eta Gurutz orduan ez zegoelako flako…
- Gurutz atxilotu eta ETAko komandoren batekin lotu nahi izan zuten, baina Ertzainek adierazi zuten ezin izan zutela inon kokatu. Atxiloketa unean ez zuten inolako frogarik topatu.
- Lekukoek diote guanterik ez zuela. Eta ez da aztarnarik aurkitu ez 15 minutuz irakurri zuen periodikoan, ez tazaren platertxoan, ez kutxarilan…
Gurutzek ez du inoiz hilketa bere gain hartu eta ETAkidea denik ukatu egin du. Hortik aurrera, eta beti bere absoluzioa eskatuz, eskatzen zaizkion espetxe urte kopuruaren gehiegikeriaz aritu zen abokatua. Pistola bat izatea bi urteko kartzela zigorra da berez, eta 8 eskatzen dizkiote, lehergaiak edo gerrarako armamentua harrapatzean eskatzen den kopuru berbera, gorrotoaren ez dakit zein plus eskatzen diote eta urte gehiago eskatzen horregatik, 1.000.000 euro eskatzen diote ordainetan eta kaleratzean 10 urtez ez dakit zenbat kilometrotara ezin gerturatua Andoain ingurura… hilketa bategatik 48 urte eskatzea exajerazio hutsa da, inolaz ere justifikatu ezina.
Azken hitzak Gurutzek egin zituen. Adierazi zuen berak inoiz ez duela zerikusirik izan hilketarekin eta 2003tik Pagazatarren mina handia izan bada, bera atxilotu zutenetik bere guraso, familia, emazte eta lagunek bizi dutena ere mina zela adierazi zuen, errugabe bat dagoelako kartzelan. Eta bera zigortzen badute, errudunak kanpoan segituko duela. Errugabe bat zigortuko dutela.
Epaiketa bukatu eta kalabozoetara jaitsi ahal izan genuen bi lagunek Gurutzekin egotera. 2 minutu baino ez genituen izan. “Bukatu dek showa” esan zigun, “eta orain Sevillara”. Astebukaera ondoren Sevillara eramango zutela esan zigun. “Lanak ondo egin” izanaren segurtasunaz hitz egin zigun. Berak esandakoez harro zegoela, abokatuaren lanaz ere bai eta muxu eta besarkada pila bat emateko esan zigun guzti-guztiei.
Epaia noiz jakingo dugun? Ez dakigu. 3 dira epaileak eta ados segituan jartzen badira bi asteren bueltan izan genezake epaia, bestela bi hilabetera arte luza daiteke.
Ondorioak.
Esperantzarako tarterik ia ez dago. Han geundenok entzun genuenaren arabera eta epaile partzial batzuekin absoluzioa segurua dela esango daiteke. Baina Espainiako Audientzia nazionalean ez dago justiziarik Euskal Herritarrontzat. Akusazioek eta fiskalak edozein modutara hitz egin eta akusazio oso larriak lasai asko botatzen dituzten arren, abokatuak hitzak kontuz neurtzen ibili behar izaten du. Eta dena azken muturreraino justifikatzen. Hauxe da Madrilen bizitakoa. Inoiz gatazka konponduko bada, epaiketa hauek denak berriz egin beharko dira.
Eta orain zer egin?
Ba nire ustez elkarrekin egotea dagokigu inoiz baino gehiago, Gurutzi gure maitasuna etengabe adieraztea (bisitetan, idatziz, bere ingurua lagunduz), eta kalera ateratzea, eskubide guztien aldeko lana egitera.
Horregatik nioen hasieran, minetik idazten nuela, baina ez dago hor geratzerik. Maitasunez eta irribarrez hartu gintuen Gurutzek Audientzia Nazionaleko kalabozo estuan, eta maitasunez eta baikortasunez erantzuteko ordua da. Elkarrekin. Egin ez duen zerbaitegatik ez baitu egun bakar bat gehiago espetxean egotea merezi. Gainerakoan, harrituta utzi ninduen Gurutzek. Gazte ginela izan nuen harremana batez ere berekin. Eta ordutik hona behin eta berriz erakutsi dit, bere buruaz baino besteez kezkatzen dela gehiago. Atzo ere, amaieran, familia eta ingurukoen sufrimendua izan zuen hizpide. Ez zuen aipatu bere minik. Epaiketara ere ez zuen inor joaterik nahi, han sufritu egiten delako (guk bezperan erabaki genuen joatea Maider arreba ere bazihoala jakitean). Lehengusu handia da Gurutz. Eta bere neurrian egotea dagokigu orain familiari, lagunei eta injustiziak sumintzen duen orori.
1 Iruzkin
[…] Epaia baieztatzeko erabiltzen dituen frogak ez dira onargarriak. Azaldu genituen horiek beste post batean. […]