Hamar. Hamar hatz ditugu denera bi eskuetan. Horregatik kontatzen genuen hamar arte. Hortik gorako guztia zenbaezina zen, infinitoa, ikaragarri pila, hamaika. Bukatzear dugun urte hau ere hamaika da, bi mila eta hamaika. Bai eta esanahi aldetik ere, 2011n hamaika gauza ikusteko eta bizitzeko aukera izan baitugu.
Hori izango da informazioaren gizartean bizitzearen ondorioa. Notizia jarioak ez du etenik eta itotzeko modukoa gerta daiteke jario hori, flotadore egokia eskura izan ezean… edo nire kasuan bezala, mundua kontenplatzeko komun batean errefuxiatu ezean.
Denoi pasa zaigu urtea azkar. Denbora xuguxak bezala urtzen zaigu ahoan, segundoak eta lurrak izozten dituzten momentuetan izan ezik. Esaterako, erlojuak behin eta berriz izoztu dituzte Europan urte honetan egin diren ziento bat goi bilerek. Bilera bakoitzean zegoen jokoan euroa, Europa eta ekonomia, bilera bakoitza zen hil ala biziko, bilera bakoitza zen inportantea zen bakarra.
Eta horrela, beste behin egin behar izan dugu dantza burtsako baloreek jotako.. doinuen erritmora, Merkozyk edo, Sarkozyk eta Merkelek markatutako pausura. Austeritatea da konposatu diguten valsaren izenburua. Eta ordutik, debekatuta dago defizit publikoa, debekatuta Hego Euskal Herrian aurten etxerik gabe geratu diren 6.000 lagunenganako pietate txikiena ere, debekatuta lehen farfaila bete ahoz goresten zuten “gizarte ongizatea” bezalako kontzeptuak. Eta klaro, debekatuta Aurrezki kutxak ere: ze 2011tik aurrera, denek izan behar dute… banku.
Eta guri ere hiru bala jaurti dizkigute onbeharraren izenean: Bank! Bank! Bank! Eta Kutxabank sortu digute. Krisia sakona, iraunkorra eta globala baita, nik mundiala ere gehituko nioke, bai batzuentzat behintzat. Ez dira alferrik jaitsi aurten auto salmentak eta luxuzko autoenak.. %30 igo.
Hara aurten ikasi eta ikusi dugun beste gauza bat: Iraultzak historia liburuetan bakarrik gertatzen zirela uste genuen, baina ez, lehen eta orain, historia kalean idazten da, kalean egiten. Tira, kalean eta sarean edo Interneten ere gehitu beharko dugu aurrerantzean, iraultza arabiarra adibide. Eta ondorioz, 2011n, munduko hiriburu bakoitzak izan du Tahir plaza bat, haserrez eta suminez betea.
Bitxia Londresen kale borroka kontrolatu ezin izan zutenekoa. Gure irudien artxiboan geratuko zaigu eraikin erraustu haren irudia, eta ez dugu berehalakoan ahaztuko, munduko herri zibilizatu eta justizia zaleok Gadaffi txakur bat bezala hil genueneko momentua. Balienteak gu! Edo ustezko Bin Ladena, epaiketarik gabe eta besteren etxean hil zuenean Barack Obama Bakearen nobel saridun miserableak, herri beldurtu eta akonplejatu bateko agintari gorenak.
Oraintxe atera dituzte Iraketik euren gizon-emakume militarrak. Baina ez armak. Odolaren usainak erakarrita bizi dira nonbait. Eta ez dira bakarrak, zoritxarrez. Siriako agintari tirano eta eroaren biboteak inoiz ez bezala zorroztu dira, Norvegiak ere inoiz ez bezala izoztu gintuen Osloko hilketa haiekin… Eta hori dena 7 mila milioi izatera heldu garen urtean. Ongi etorriak denak planeta urdin eta eder honetara! Fukushimak ere eskarmenturik ematen ez duen bizitza tsunami honetara…
Gurean berriz, ETAren behin betiko su etenak aro politiko bat amaitu eta beste bat hasi du, bakeak herri honetara etortzeko beldurrez jarraitzen duen arren. Errelatoa bihurtu da 2011ko Trending Topica. Nork zer nola kontatzen duen bihurtu da inportante. Izan ere, gatazka politikoak bere-berean irauten du. Baita sozialak ere bai. Fikziorik gabeko drama bizi baita Euskal Herriko etxe gehiegitan, erraz esaten da baina, emakumeen kontrako 4.000 tratu txar salaketa baino gehiago jaso baitira.. aurten.
Gizarte mugimenduek berriz lip dubetan jarri dituzte indarrak 2011n. Zero zabor eta Bilboko Amets Fabrika edo Kukutza adibide. Eta batzuk Juan Pablo II. beatifikatu duten garai berean, guk gure oroimenaren aldarera igo dugu esaterako.. esaterako, Ernesto Sábato idazle argentinar handia.
Eskerrak gurekin utzi dituen bere heroi eta hilobiei buruzko lanak. Nostalgia handiagoz irakurriko ditugu berak idatzitakoak orain, miresmen handiagoz ikusiko ditugun bezala Amy Winhousen youtubeko bideo-klipak. Elizabeth Taylorren ezpainak ere sentsualitate bereziz musukatuko ditugu aurrerantzean… filmoteketan, gero eta euskarazko pelikula eta dokumental gehiagoz osatzen ari den filmoteketan, Gartxot, Bertsolari, Amerikanuak eta abarrak gogoan…
Honaino 2011ko hamaika notiziak. Izan dira gehiago klaro, izen propio asko tartean: Mikel Nieveren Giroko garaipena, Raxoiren Genova kaleko jauzia, edo Oihana Kortazarrek mendi lasterketako munduko kopa Euskal Herrira ekarri zuenekoa. Nola ahaztu Steve Jobs, Basque Culinary Center, DSK edo Dominik Strauss Khan, Balentziaga museoa edo… edo… Juan Karlos Eizagirre… Baina kontua ez da urtearen laburpena egiten hasi eta urtebete baino gehiago pasatzea. Amaitu dezadan beraz, 2012rako pronostiko partikularra eginez, Manu….
Ez izan dudarik. 2012a, urte oparoa eta zoriontsua izango da. Errelatoa elkarrekin idatziko dugu eta austeritatea pietaterik gabe borrokatuko dugu kaleetan. Araba Errioxako gaixoak Logroñon sendatuko dituzte ardoterapia zentroetan, eta 200 euro baino gehiago ordainduko ditugu, hil berri den Ipar koreako Kim Jong II.aren betaurreko beltzak.. hondartzara eramateagatik. Mikel Astarlozak Tourreko etapa bat ere irabaziko du. Eta beste hau, beste hau bai izango dela gauza ziurra. Joseba Sarrionandiak irabaziko du berriz Euskadi Saria. Baina 2012an ez du bere arrebak joan beharrik izango saria jasotzera. Joseba bera joango da Ajuria Eneara. Eta herri honek, inoiz ez bezala egingo du dantza inoizko akelarrerik ederrenean…