Kolore beltza hartuko du ANCk Kataluniako Diadaren egunean, irailaren 11n, antolatu duen manifestazioak. Asmo argi bati jarraiki hautatu dute kolorea, borroka eta amore emate eza irudikatzeko. Mezu zuzena helarazi dute, beltza zuriaren gainean: “Amaitu da alderdiengandik ezer espero izatea, herriak eta gizarte zibil antolatuak soilik lortuko du independentzia”. 2017ko urriaren 1eko erreferendumetik hona muga argiekin egin du topo Kataluniako independentismoak, eta instituzioetan dauden alderdien ezintasuna, borondate falta edo borondate faltaren itxura hartzen duen ezintasuna ez doa bat jendartean errotu den konbentzimendu independentistarekin.
ERC eta Junts per Catalunya alderdiekiko mesfidantza eta deskontentua ez da berria, baina sektore independentista batzuen artean pazientzia agortzen ari dela dirudi. Vicent Partal VilaWeb hedabideko zuzendariak hala zioen abuztuaren 8ko editorialean: “Dagoeneko Katalunia lotsagabeki autonomista dago boterean. Esquerra Republicana eta Junts, gutxienez haien buruzagitzak, autonomia konstituzionalki espainiarra ezustekorik gabe eta ahalik eta urte gehienez kudeatzea amesten dute. Eta CUPek ez daki non dagoen ere”.
Bitartean, Generalitateko lehendakari Pere Aragonèsek adierazi du ez duela ANCren Diadako manifestazioan parte hartuko, mobilizazioa “Espainiako Estatuaren aurka beharrean alderdi politikoen eta instituzioen aurkakoa” dela esanez. Independentzia lortzeko “alderdien eta instituzioen arteko batasuna” ezinbestekoa dela gaineratu du Aragonèsek. ANCko presidente Dolors Feliuren arabera, Generalitateko presidenteak Diadako manifestazioan parte ez hartzeak erakusten du Kataluniaren independentzian inplikatuta ez dagoela. Feliuk esan duenez, manifestazioa ez da alderdi politikoen aurkakoa, mobilizazioaren xedea “independentzia egitea” da, eta alderdiei argi uztea haiek burura eramaten ez badute berdin-berdin egingo dutela, “beste bide batzuetatik, beti demokratikoak eta baketsuak”.
Feliuren hitzetan, gobernuko eta parlamentuko gehiengo independentistako alderdientzat ispilu bat da Diadako manifestazioa: “Programan zeramatzaten aldarri independentistekin deseroso badaude azter dezatela ea berrikusi behar duten edo diskurtso eta helburu horretan inplikatuta jarraitzen duten”.
Jendea kaleetara itzultzea, independentziaren aldarria instituzioetatik eta haiek kudeatzen trabatzen diren alderdietatik askatu eta prozesu independentista modu zabalagoan berrartikulatzea da ANCren asmoa, baita ezker independentistako beste eragileena ere, baina zaila dirudi orain dela bost urteko egoerara atzera egitea, kaleak berriz ere orduko aldarriak errepikatuz betetzea. 2017ko borondate eta indarrak desaktibatu eta integratu dituen prozesuak balio izan du ikasteko eta dagoeneko denboran atzera egitea bezain zaila dirudi termino berdinetan artikulatuko den ziklo berri bati hasiera ematea.
1 Iruzkin
[…] Peru Iparragirrek Argia aldizkarian. […]