[2003] Ez gaude oporretan

Gasteizko Caballito enpresako langileek 2003ko urriaren 30ean grebari ekin zioten eta 745 egunez aritu ziren euren lanpostuak defendatzeko borrokan. Euskal Herriko ordura arteko grebarik luzeena bihurtu zen –hogei urte geroago Novaltiakoek bereganatu zuten “ohore” hori–. Pferd Ruggenberg multinazional alemaniarrak produkzioa Jundizeko lantoki berrira eraman eta lantaldearen zati bat kalean utzi nahi zuen, urtero etekinak zituen arren.

Luzea bai, eta gogorra ere bai. Grebak iraun bitartean karabana bat paratu zuten lantoki atarian, Borrokak jarraitzen du! pankarta zintzilik eta irudiko zalditxo ezaguna maskota moduan zutela. Sei orduko txandak. Asteak zazpi egun. Egunak 24 ordu. Neguko izotza eta udako eguzki-zapla agoantatzen sonbrillapean: “Hobe karabanan, etxean bakarrik buruari bueltaka egon baino”, esan zuten grebalariek orriotan haien bizipenak jaso genituenean.

Gasteizko lantegiaren atarian jarritako autokarabana. Hamaika hilabete zeramatzaten greban, beste hamabost egin beharko zituzten. Argazki: Dani Blanco / ARGIA Fototeka

Azkenean, asanbladan bilduta, greba amaitzea erabaki zuten: 247 langiletik 83 kalera. Baina kaleratzeak borondatezkoak eta diruz-lagunduak izan ziren, eta greban zehar despeditutako zortzi lankide berriz onartzea lortu zuten, sikiera.

Argazkia zaharra, teknikak ez hainbeste. Enpresak deslokalizazioaren mehatxua eta beste hamaika trikimailu erabili zituen presionatzeko. Adibidez, esan zuen grebalariak “ordaindutako oporretan” zeudela –benga-lanera-absentista-alaenak!, esango lieke gaur patronalak–. Ustezko bakantzak, ordea, soldata eskaseko garai zailak izan ziren familia askorentzat; erresistentzia kutxari eta herritarren elkartasunari esker iraun zuten: “Lankideen artean laguntza handia dago, hori behintzat ez digu inork kenduko”.

*******************************

Epilogoa: Handik denbora batera Caballitoko greba batzordeko buru eta aurpegi ezagunena, Joseba Leza, kaleratu egin zuen enpresak; ELA sindikatuak zuzendaritzaren “mendeku politika” salatu zuen.

 

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA Fototeka

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude