Non hago, Sands?

Kamerari begira dagoen “tipo mehe luzea” ez da berunezko urteen Euskal Herrian galdutako turista irlandar bat. Gose greba historiko baten ondorioz hildako Bobby Sands IRAko kidearen anaia da. 45 urte dira Irlanada Iparraldean presoek protesta famatu hura hasi zutela preso politiko gisa aitortuak izatea eskatzeko. Lehenik Sands hil zen, maiatzaren 5ean, haren atzetik beste bederatzi. Bilbon, Lemoizen kontrako manifestazioan harrapatu zuen ARGIAk Sean Sands, abuzturen 29an.

Egun horietan Lemoizen Aurkako Jardunaldi Internazionalak antolatu zituzten, egitarau zabalarekin. “Herri zapalduen askatasuna” jorratzeko hainbat tokitako jendea ere gonbidatu zuten, eta tartean zen Sands, anaiaren heriotza eta horrek ekarritako guztia –100.000 lagun Belfasteko hiletan– oraindik hezur-muinetan zuela: “Euskal Herrian horretaz guk adina dakizue”, esan zion kazetariari.

Kolpismo espainiarretik askatu ezinik zebilen garaiko Euskal Herrian, gatazka politikoa eta aldarrikapen ekologistak enbor bereko ezpalak ziren: “Nuklearrik ez, amnistia bai!”, oihukatu zuten milaka eztarrik manifestazio hartan. Lemoizko zentral nuklearraren aurkako mugimendua jendartearen haserrearen katalizatzaile izan zen, zalantzarik gabe.

Lemoizen kontraok bizikleta martxa bat Bilbon, 1978an. Argazkia: ARGIAren artxiboa

Lau hamarkada geroago, noraezean den ezkerretik, faxismoaren eta lobby nuklearraren diskurtsoa irensten ari dira batzuk Europan. Laster, kamaradak, Lemoiz bat kostaldean ez, mini-zentral nuklear bat izango dugu hondartza bakoitzean, haien pagotxerako, ingelesen ereduari jarraiki Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak proposatu bezala.

 

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: ARGIAren artxiboa

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude