Naiara Perez
Pentsamenduz betetako itsaso zabala da nagusi, zeinaren olatuen zipriztinek olerki eran bustitzen duten kaia. Kantuz beteak dira zelaiak, haizearen konpasaren arabera dantzan. Ideiak daude landatuta mendietan, irudimenez ureztatu eta loratutako testuak konpartitzeko. Iritziak daude pilatuta errekako harrietan, batzuk lurrera gogor eutsiz, korrontea jarraituz besteak. Askatasun izpiz batzuetan; injustizia tantez besteetan. Edo gozo-gaziaren osteko ostadar koloretsuaren argiz. Polotik polora aurkitzen dira egungo gizartearen gora beherei dagozkien gaiak, izan hezkuntzaz, hizkuntzaz, lanaz. Puntu kardinalen batean, natura, besteren batean kirola edota aisialdia bezalako gaiekin egin daiteke topo. Maitasuna hemisferioan. Ez dakigu zein latitude eta zein longitudetan aurkituko den ondorengo gaia. Koordenadak asmatu nahi? Ongi etorri fantasiazko planetara
Gozoki zuhaitzak
Atalak: Sailkatu gabea
“Mostré mi obra maestra a las personas grandes y les pregunté si mi dibujo les asustaba. Me contestaron: ¿Por qué habrá de asustar un sombrero? Mi dibujo no representaba un sombrero. Representaba una serpiente boa que digería un elefante. Dibujé entonces el interior de la serpiente boa al fin de que las personas grandes pudiesen comprender. Siempre necesitan explicaciones. […] Las personas grandes nunca comprenden nada por sí solas y es agotador para los niños tener que darles siempre y siempre explicaciones.”
(A.De Saint-Exupéry, 1946)
Zerua urdina da; hodeiak zuriak eta mendia berdea. Eguzkia hori-horia. Etxeek atea, leihoak, tximinia eta teilatu gorria, edo akaso, laranja dituzte. Hala irakatsi ziguten umetan. Marretatik asko ateratzen zenak lana errepikatu behar zuen, eta marren barruan marrazten zuenak bikaina eramango zuen etxera. Loreak gorriz edo arrosaz marrazten genituen gehienok; ausartenek morez. Olentzeroren irudia ematen ziguten gabonetan, beti ere irakasleak aurrez marraztutakoa horman eskegiz, eredua jarrai genezan. Badaezpada, ez genezan olentzeroren txapela berdez margotu. Gure marrazkiak erakustean jasotako erantzuna beti zen berbera: “Ze polita! Zer da?” Etiketa jarri behar genion guztiari. Molde karratuen barruan hezi gaituzte, erregelaz egindako molde karratu perfektuen barruan. Forma desberdin eta kolore anitzekoak izanda ere, gutxika karratu egin gaituzte, indarrez jarritako molde horrekin. Eta orain, desikasten gabiltzan garaian, karratuak apurtzen gabiltza gure forma anitz, abstraktu eta koloretsuak berreskuratu nahian, gure atzekoak berdin hezi ez daitezen. Mugarik gabeko paperetan, edo logelako horman behar bada, kolore gama zabalenarekin tronpa luze-luzea daukaten tigre koloretsuak, gozoki zuhaitzak, txirristadun oheak, pirata itsasontziak mendian, marigorringoak errekan, eta zergatik ez, ilargi arrosak marraz ditzaten, ertzetatik irtenda. Hala nahi dutelako. Hala irudikatzen dutelako. Hala amesten dutelako. Eta ezin dizkielako iñork irudimenaren hegoak moztu. Eta gu, eskulanak egiteko youtube-ko bideo tutorial bat behar dugunok, bitartean, haurtzaroan lapurtu ziguten sormena lantzeko tailerretara joango gara.
Naiara Perez