Naiara Perez
Pentsamenduz betetako itsaso zabala da nagusi, zeinaren olatuen zipriztinek olerki eran bustitzen duten kaia. Kantuz beteak dira zelaiak, haizearen konpasaren arabera dantzan. Ideiak daude landatuta mendietan, irudimenez ureztatu eta loratutako testuak konpartitzeko. Iritziak daude pilatuta errekako harrietan, batzuk lurrera gogor eutsiz, korrontea jarraituz besteak. Askatasun izpiz batzuetan; injustizia tantez besteetan. Edo gozo-gaziaren osteko ostadar koloretsuaren argiz. Polotik polora aurkitzen dira egungo gizartearen gora beherei dagozkien gaiak, izan hezkuntzaz, hizkuntzaz, lanaz. Puntu kardinalen batean, natura, besteren batean kirola edota aisialdia bezalako gaiekin egin daiteke topo. Maitasuna hemisferioan. Ez dakigu zein latitude eta zein longitudetan aurkituko den ondorengo gaia. Koordenadak asmatu nahi? Ongi etorri fantasiazko planetara
gaur gara
Atalak: Sailkatu gabea
atzo iragan da
biharra hipotetikoa da
zalantzazkoa, irreala
gaur gara
atzo esan gabekoen damu
atzoko akatsen eskarmentu
atzoko plazerraren zoriontasun
galdu genuen trena
begirada baten oroitzapena
atzo iragan da
baina gaur gara
atzoko hautabideen ezbai
atzoko zaurien orbain
atzo bizitakoaren emaitza
eta aldakorrak gara
atzoko hodeia gaurko tanta bada
eta ziklikoak gara
gaurko iluna argitzen duen ilargia atzoko berbera bada
eta iragankorrak gara
atzoko izar-iheskorra gaur ikusten ez bada
atzokoaren ondorio gara
baina atzo
iragan da
eta bihar, atzo ereindakoaren itxaropen soila bada
gaur baino ez gara