Eako poesia egunetatik etorri berria naiz, eta oraindik ez dira amaitu. Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkiet antolakuntzan ibiltzen diren guztioi. Kontatzeko asko dut baina orain gogoan iltzatuta daramadana da Laura Mintegirekiko elkarrizketa bat, Karmelo Landa lagun zuela, gaueko ordu txikitan, argazki hau egin ostean. Hitz egin genuen euskaraz “faltan hartu” esateko aditzaz, eta hori konpontzeko Laurak proposatuko hitzaz; horren gainean hauxe idatzi dut etxera iritsitakoan:

VILLANELLE
Beti bizi gara zerbaiten faltan
gabezien animaliak gara
(izarrak ilargi beteko gauan)
gure konjugazioen tauletan
“gabetsi” edo “gabestu” falta da
beti bizi gara zerbaiten faltan
gabestu mendebaldeko hizkeran
eta gabetsi nazazun noa ba
(izarrak ilargi beteko gauan)
zu gabestera ekialdeko hondartzan
Eak Aresti maite duen bezala
beti bizi gara zerbaiten faltan
eta familia gabesten dut bertan
etxean Ea gabesten dudala
(izarrak ilargi beteko gauan)
poesia egunak egin ezean
hiztegia pobretu egiten baita
beti bizi gara zerbaiten faltan
(izarrak ilargi beteko gauan).