Harðfiskur (Itxaro Bordaren poema islandiarrak, 2)

proba1
0

IMG_1465Hernanin pasa berri dugu Bakailu Astea: zazpi egun bete afari, ikastaro, pintxo lehiaketa, kale animazioa etab., dena bakailuaren inguruan. Hemen jaten dugunaren zati bat Islandiatik dator, jakina, baina Islandian ez dute gazitua jaten: hori guztia kanpoan saltzen dute. Arrain freskoaz gain, han arrain lehorra (Harðfiskur) ere jateko aspaldiko ohiturari eutsi diote bertakoek, eta edonon saltzen da plastikozko poltsa txikitan. Omega 3 eta bitaminaz beterik, legatza da argazkian agertzen dena, aireportuan marruskatutakoa.

Bere azken liburuan (Zure hatzaren ez galtzeko, Elkar, 2014) Itxaro Bordak ederki deskribatzen ditu Islandiako bakardadea eta arrain mota hori jateko esperientzia primitiboa.  Islandiarrek esaten duten bezala, matur er manns gaman, janaria dugu gizakion poza. (Errata bat zuzendu dut errepikatzen den leloan, polsetan ageri ohi den elikadura informazioa:  “arrain lehorra, energia naturala, %81’8 proteina”.) On egin!

Primitiboen antzera marruskatzen duzu
Harðfiskur natturuleg orka 81’8% protin
Arrain lehortuari hortzekin tiraka ari zara
Goseak hilik eta haize zabarra begitartean.

Primitiboen antzera bekoki zabala duzu
Harðfiskur natturuleg orka 81’8% protin
Ametsaren gazia hedatzen dabilkizu ahoan
Eta arrain zineneko nostalgia pizten zaizu.

Primitiboen antzera irriz lehertzen zara
Harðfiskur natturuleg orka 81’8% protin
Zelula urriaren kanta oihartzen doa zure
Baitan eta ez zara hain bakarrik sentitzen.

Primitiboen antzera astia sobera baduzu
Harðfiskur natturuleg orka 81’8% protin
Garbantzu borobila duzula buruan erraten
Dute baina badakizu hobe hori ezer baino.

Primitiboen antzera uherra duzu kopeta
Harðfiskur natturuleg orka 81’8% protin
Merkatu hotzean saskiko arrain idorra zara
Eta jaten zaituzte jaten ez baldin badituzu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA