Locus amoenus

proba1
0

BenartegiLeku atsegina: denok daukagu baten bat. Eta euskal poeten artean, zein ederki jorratu duen Rikardo Arregi Diaz de Herediak gai hori, locus amoenus-ena. Lehen aipatu dut hemen bere “Leku atsegina”, poema bikaina. Orain beste bat dakart, “Autobusetik” (Bitan esan beharra, Alberdania, 2012), paisaiaren eta hiriaren inguruko gogoeta pessoatarra. Bere “naturarekin bat izan / eta hori guztia” gogoan, hurrengo larunbatean izango dugu Rikardo Arregiren poemak entzuteko aukera, Literaktum jaialdiaren barnean, Eli Tolaretxipi eta Susana Benet-ekin batera. Hantxe elkartuko garelakoan, laster arte!

Ederrak dira baso ilun horiek,
mendi urrun urdinak,
ederra da zeruaren goibela
belardi busti hezeen gainean,
ederrak eguzki izpi ahulak
teilatu gorrixketan dirdiratsu,
ederra ke geldoa,
ederrak zuhaitz biluzi samurrak.

 

Ederrak autobuseko leihotik
ikusi egiten ditudalako.
Nire burua hor irudikatzen
hasi da nire buru amesbera:
horko etxe hura aukeratu dut,
harrizko herri txiki bakarti hau,
errekasto hori, bidexka hura,
baso bila doan bidezidorra,
ibilaldi labur bat,
hats hartu, naturarekin bat izan
eta hori guztia.

 

Ederrak kristalaren bestaldean,
kristalaren bestaldean baitaude,
nire buruarekin jolasean
mugitzen dira irudi lausoak.

 

Ederrak dira ibar irekiak,
magal haietako soro berdeak,
ederrak ardiak, ederrak behiak
beren ataraxian,
ederrak baselizak muinoetan.

 

Hiriz hiri naraman autobusak
eskaini dit tarte ametsezko hau:
irudimenezko denborapasa,
jolas pessoatarra.
Baina ez da bertan gelditu behar,
aurrera segitzen du,
Lizardiren itzala
berriz agertzen zaidan bitartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA