Abuztuaren 25ean, Donostiako suntsiketa revisited

proba1
0

11951373_10205144390835020_4387189005239601759_nBadator abuztuaren 31a, Donostian data seinalatua. Aurten ez da 1813ko sutearen mendeurrena ospatuko, baina horrek ez du esan nahi gogoratzeko eta eztabaidatzeko paradarik izango ez dugunik. Sua ez da oraindik guztiz itzali, eta Fito Rodriguezen blogean polemikak dirau, “iraganaren berri ez ezik, iragan horrek guregan utzi duen arrastoari kasu eginez.” Hortaz hitz egingo dugu Donostia Sutan elkarteak antolatutako irakurraldian (zehaztasunak hemen): bakea eta gerra, iragana eta geroa, lagunak eta etsaiak, hiria eta natura ehuntzeko moduaz.

Nik ondo dakit zer egin nuen 2013ko abuztuan, Islandiera ikasten liburuan kontatzen dudalako, hainbat poema direla medio. Eta poema horiek gehi Fitoren gogoetek, Utriusque Vasconiaeko lagunek argitaratu izanak, irakurraldiaren muina osatuko dute. Bertso idatzi batzuk ere kantatuko ditugu, Edortaren laguntzaz, ahotsa ez badugu urratzen. Eta klasiko batzuk. Zeintzuk? Bada, ingelesez egindako literaturari erreparatuko diogu, poesiaren bidez Donostia erre zutenen kultura eta kezkak ulertzeko. 1813. urtean Samuel Taylor Coleridge idazten ari zen Marinel Zaharraren Balada (Armiarman irakurgai), eta 19. mendeko “gontz garaia” ezin hobeto deskribatzen duen Matthew Arnold-en poema famatua, Dover Beach.  Irlandarrak ere egongo dira tartean, W. B. Yeats-en poema berezi batekin. Joseba Sarrionandiaren eta Juanjo Olasagarreren bertsioak erabiliko ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA