Atzo bertso eskolatik 10 urteko alaba kopla honekin atera zitzaigun:
Udaberria dator
ta ni nago pozik
zeren lurra jarri da
guztiz polit ta chic.
Chic eta pozik elkartzea, horixe bertsolariaren sena! Gaurko nire olerkiak ez du errimarik, ezta poz handirik ere. Baina bota beharko dut nik ere, udaberriak hala agintzen duelako:
BI AKAZIA
Zori oneko zuhaitza antzinako munduan
gaur ia belar txartzat hartzen dugu akazia
akazia, akazia berde arantzaduna
bi ditut landatuta etxaldeko pendizan
ondoko lur puskan (laster eskabadorak
berdinduko duena) atzo hartutakoak
ureztatu nituen baina lehor-lehorrak
jarri dira hego haizean beren hostoek
paperezko hegaltxoak diruditela
eta eutsiko dioten ala ez dioten eutsiko
jakin gabe berriro ureztatuko ditut
udaberriak hala agintzen duelako.