
Beren musugorriak ikusita
ulertzen da erdi hordi daudela
edo pixka bat moñas gutxienez
Maria, Jose, baita Jesus ere
zeinak manga batean baitirudi
imintzio dramatiko horrekin
esanez “emadazue ontzi bat
ur, eta ardo bilakatuko dut”
–ezteiek duten baikortasun hori
mirarigintzaren hastapenetan–
baina zein da miraria zehazki?
urak ur izaten jarraitu zuen
(hala sinisten du jainkogabeak)
baina ardo bezala dastatu zuten
eta ardorik onena gainera…
gaurko esperimentu biblikoa:
kopa bat ardo edan eta ondoren
miraria berriz egin dezagun
ur gasduna edan xanpaina bailitzan
ea misterioa argitzen dugun.