Filosofia egin aurretik, Informatika Fakultatean ibili nintzen ikasle, duela 25 urte. Aurtengo martxoaren 7an hara itzuli naiz, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko EHUko Fakultateak eta Berdintasunerako Zuzendaritzak antolatu zuten ekitaldia dela eta. Hitzaldiak eta gero, “Bitetik bytera, istoriotik historiara” bertso-tramaz gozatu ahal izan genuen (nahiz eta robotak fin ez ibili), Aitor Sarriegi eta Maialen Lujanbio bertsolariek Aitzol Astigarraga gai-jartzaile alboan zutela. Jonasekin batera grabatu nuen bideoa:
Saioak gailurra jo zuen Maialenek honako hiru bertsoak hamarreko handian bota zituenean. Informatikako lehen emakumea Dekanotzara heldu zeneko garaira eraman gintuen gaiak (2008. urtera, hain zuzen ere, Arantza Illarramendi katedradunarekin). Atsegin dut hasierako hitz jokoa, baita bigarren bertsoko anbiguotasuna, Maialenek ere “lehen emakume” izateko fama eta zama pairatu dituelako. Baina, batez ere, gustatzen zait amaieran aipatzen duen hautua: bestei bidea zabaltzeko poza, alegia. Unibertsitatea hori ez bada, zer ote? Zailtasunak zailtasun, eman ta zabal zazu.
Zailtasunikan ez zidan jarri
erreztasunikan ezak
nere helburuak kunplitu ditu
gizarte baten ametsak
nahiz gizonezkoz beteta dauden
bulego honen lau ertzak
nahiz denak diren galtza txaketak
ta denak korbata beltzak
kontestu hontan hazi naiz eta
ez da berria neretzat.
**
Hainbeste urte lan ixilean
ez da alperrik igaro
zailtasuneri jada ez diet
begiratu nahi gehiago
dekanoa naiz lanean nabil
buru esku eta aho
“lehen emakume” naizela entzuten
ia kokoteraino nago
bada garaia pasa gaitezen
sinbolikotik harago.
***
Denek bezela sarri sufritu
ta gutxi batzutan goza
gizonezkoen lantaldea det
atsegina aproposa
emakumeak nahiko nituzke
hori aitortzen ez naiz lotsa
ez dut inoren eredu izan nahi
hori da titulu otzan
bestei bidea zabaldu ezkero
hartuko nuke nik poza.