
Aurreko astean, esan bezala, Paul Klee-ren egunkaritik (1903) hartutako pasarte bat moldatu nuen bertsio hau egiteko:
Bi mendi dira, hain zuzen ere,
bi mendi zure begien pare:
Mendi bat animaliena da;
beste hori, jainko-jainkosena.
Eta bien arteko arana,
gizakiena, itzaletan da.
Goiza da eta ez dakizula
jakin arren, ez zara ahula.
Baina halere gorantz begira
bi herrimin sentitzen dira:
Ez dakiela ez dakienaz
eta badakiela dakienaz.
Abuztua irakurtzeko da, oporretan egon ala ez. Jainkoz beteriko klasiko batekin hasi naiz: Thomas Mann-en Herio Venezian, udako istorio perfektu bat: udak eta belle epoque orok amaiera dutela ahaztu gabe, bidaia eta edertasuna goraipatzen dituena.
Jainko-jainkosen mendia albo batera utzita, orain animalien mendian arreta hartu dut. Animaliei aipamen ugari egiten zaie Anariren diskoetan, hortaz aritu ziren Argiako elkarrizketan Anari eta Gorka Bereziartua. Niri izugarri gustatzen zait “Oreinak”, diskoaren erdi-erdian dagoen kantua, bere biola eta guzti. Animalia bat errepidean gurutzatzen denean, begira geratzen bazaizu, horrek badauka zerbait. Badago poema famatu bat, Elizabeth Bishop-en “The Moose”, horrelako enkontrua luze eta eder deskribatzen duena:
A moose has come out of
the impenetrable wood
and stands there, looms, rather,
in the middle of the road.
It approaches; it sniffs at
the bus’s hot hood.
[…]
Taking her time,
she looks the bus over,
grand, otherworldly.
Why, why do we feel
(we all feel) this sweet
sensation of joy?