Astelehen malkartsuak

iarakistain
0

Hauteskunde igandeen aurreko jardunaldiari, hausnarketa eguna deitu ohi zaio. Kanpaina jada amaituta, hautagaiek beraien intimitatea erakutsi ohi diete komunikabideei argazki hutsal bezain azukretuak konpartituz. Esperantza eta desira onak nagusi larunbat nagi horretan. Izenik ez du, ordea, hauteskunde ondorengo astelehen mamitsuak. Pisutsua batzuentzat, triunfala besteentzat; kontaketa gauak utzitako argazkia ondo behatu eta hausnartu ondoren –oraingoa bai benetako erreflexioa–, ondorioak ateratzeko egun mediatikoa izan ohi da gaurkoa. Oraingoan, are nabarmenagoa bilakatu da biharamunaren garrantzia, Espainiako Gobernuko presidentea den Pedro Sanchezek Gorteetarako bozak aurreratu baititu uztailaren 23ra. Euskaldunok badakigu bai zer den uda betean gure botoak hautetsontzian lagatzea, duela hiru urte sasoi horretan ospatu baitziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Atzokoak utzitakoak eragingo zituen zenbaitengan burukomin eta ezinegon galantak. Hausnartu dezagun bada gauak eskainitakoaz.

Prisma nazional batetik begiratu nahi izan zaio azken prozesu elektoral honi. Ez dezagun ahaztu Sanchez jauna presidente aukeratua izan zen 2019ko azaroko bozketa hartatik gertatutako guztia. Pandemiak gizarteari emandako jipoia, Ukraniaren inbasioa ala azken gatazka honek ekarritako krisialdi energetiko eta oinarrizko baliabideen garestitzea, besteak beste. Madrilen, Gaztela Leonen eta Andaluzian alderdi popularrak azken hauteskundeetan izaniko emaitzei apur bat kasu eginda, aurrez ikusi zitekeen bart gauean espainiar estatua urdinez blaitu duen marea eskuindarra. Tendentzia baten gainean igorik zapaldu arren garaipenaren hondarra, planteatutako kanpainak ere zer ikusia izan du estatu mailako emaitzetan. Iraganeko manuak taularatuz, kanpaina ideologiko bortitza proposatu zien Ayusoren jendeak alderdi popularreko zuzendaritzari eta beraien arteko tirabirak azaleratu nahi izan dituzten arren, azkenean terrorismoaren errautsetatik eraiki dute estrategia elektorala eskuinak zein Abascalen ultrek. Marko polarizatu horrek alderdi popularrari garaipena eman dion moduan, Euskal Herrian kendu egin dio hautsi ezina zirudien hegemoniaren buruzagitza EAJri.

Emaitza kaskarrak, inondik inora ere, jeltzaleek lortutakoak. Gipuzkoan eta Gasteizen galdu izanari, Nafarroan Geroa Baik lortutako emaitza eskasak zein Bilbon eta Bizkaiako lurraldean jasandako beherakada gehitu behar dizkiegu. Lehen aipatutako polarizazioaren suari egurra bota nahi izan diote Sabin Etxeatik, EH Bilduren kudeaketa ahalmena edota beraien proiektu politikoaren zilegitasuna ezbaian jarriz kanpainan zehar. Estatu mailan bi alderdi nazionalistek ugaritan kritikatu izan duten alderdi-bitasun hori bera hauspotu nahi izan du gurean EAJk, bi arerioen artean irabazteko kredentzialik onenak eta jendearen babes betierekoa zituela pentsatuz. Paradigma aldaketa baten aurrean aurkitzen da euskal gizarteria, ordea.

Lehen, konfiantza, segurtasun instituzionala eta oparotasuna eskaini ei zion alderditik gero eta urrunago sentitzen da eta bere botoen zakua iturri desberdinetatik asetzen ari den ezker abertzalearengan konfiantza nabarmen ari da handitzen eta egonkortzen.

Hazkunde hori ere kudeatu beharko dute tentuz Eh Bilduko buruzagiek. Alderdiaren heldutasun instituzionalari, beraien boto-emaileen ezberdintasuna eta gama ideologiko zabala gehitzen baitzaie. Hor daude belaunaldi berriak, terrorismoaren lakra latza bizi izan ez duten jendarteak eta planteautako kanpaina beldurgarri baten aurrean beraien arazo errealak nola zokoratzen diren harriduraz ikusten duen gazteria. Aurpegiak aldatuz eta proiektura jende prestua eta ahalmenduna erakarriz, egonkortu egin da etorkizunean zeresan handia izango duen alderdi ezkertiarraren posizioa kalean zein instituzioetan. Ikusi besterik ez daude jada legealdi luzez gidatzen dituzten zenbait herritan atzokoan izaniko emaitzak.

Hemendik aurrerakoa, berriz, xake jokaldi gorenen tamainako mugimenduen garaia. Sanchezek, joko zelaian ederki trebatzen den animalia politikoak, egoeraren jakitun izanik hauteskundeetarako aurrekanpaina, udaletxe eta gobernu autonomikoak osatzeko negoziazioarekin bat egitera behartu du. Gauzak horrela, estatu mailan gertatzen denak oihartzuna izan dezake Gasteiz eta Iruñako udaletxeetan edota Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Egungo presidenteak, orain artean mantendu duen aritmetika parlamentario anitza beharko du boterean jarraitzeko eta euskal bozkei dagokionez, EAJ eta Eh Bilduren lehia berri baten atarian egon gaitezke, Madrilen bakoitzak duen influentzia handitu nahian aterako baitira uztaileko boto bero bila.

Penintentziako astelehena, beraz, batzuentzat; eta sagaratze-eguna, beste hainbatentzat. Joan-itzuliko partida bat proposatu diguten honetan, garrantzitsua izango da atsedenaldiko freskotzearen ondoren azken minutuetara jokalariak nola iristen diren frogatzea. Aurretik, hausnarketarako astelehen malkartsu ugari.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA