Nina lehengo urteko martxoan ezagutu nuen Kfar Kilan. Aitaren etxea lehertu zion Israelek jaurtikitako lehergailu batek. Senitarteko ugari galdu zituen etxeak eztanda egin zuenean. Ezin aitaren etxea defendatu gehiago. Hondakinen artean zerura seinalatu, irribarre egin eta jainkoaren borondateari ezin diola inork muzin egin esan zuen. Sionistek egun handian ordainduko zutela.
Gaur goizean deitu diot. Ez du mugikorra berehala hartu. Komunikazioa eten eta ahotsa robot dar-dar moduko batekin entzuten zen. Bere lehengusuaren bitartez hitz egin dut, Fatmak ez daki ingelesez.
“Iparraldera joan gara iheska. Hondakinetatik ihes egingo nuela ez nuen sekula esperoko baina hala da. Errautsak ere bereganatu nahi dituzte. Zu joan zinenetik are gehiago bonbardatu dute leku hura. Eta leku hura diot Nire herria hitza ez dudalako gehiago erabili nahi. Bihotzean eramango dut, beti Libano izango da, baina Kfar Kila ez da gehiago nik ezagutzen dudana, minez josita dago niretzat. Ezin diot Nire herria gehiago deitu min egiten didanari” esan dit Abbas bere lehengusuak Ninaren hitzak itzulita lineaz bestalde.
“Gogoratzen nola bisitatu genuen hilerria eta nire aitaren hilobia? Bada jada ez dago ezer. Israelek jainkoaz gorago dagoen botereak existitzen duela uste du eta indar hori berea dela. Ez dago jainkoaz gorago dagoen ezer. Jainko bakarra dago eta hori Allah da”, dio garrasika atzetik.
Hilerria laugarren aldiz bonbardatu du Israelek 2024az geroztik. Azkena atzo, martxoaren 4an. Bertan egon nintzenean ez nuen Hezbollahren posizio militarrik ikusi, ezta aztarna militarrik ere nabaritu (ez balarik, ezta beste inolako seinalerik ere). Arrazoia estrategia militarrez haratago doa, Israelek ez du soilik lur sail bat bereganatu nahi, historia deuseztatu eta berregin nahi du. Idatzita dagoena berridatzi. Inongo oinarri historikorik ez duen inperialismo faxista hutsa da. Horregatik hilerriak bonbardatzen ditu Tel Avivek. Senitartekoen hezurrak biltzera doazenak tiroz akabatu. Iseka eginaz paretetan mezu iraingarriak margotu. Amore eman eta bertatik joango direnaren esperantzan, orri zuri batean berriro idazteko aukera egongo dela sinetsita.
Boteretsuek, hildakoak hiltzean iragana isiltzen duenaren sinesmena dutela esan zidan jakintsu batek. Gaur, 15 urte geroago, jakin dut zer esan nahi zuen.