Hasiera »
Andoni Lubakiren bloga - Desenfokeak
Andoni Lubaki
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Gorka Salmerón Murgiondo(e)k Nor dut maisu? Nor izan dut maisu? bidalketan
- Andoni Lubaki(e)k Nor dut maisu? Nor izan dut maisu? bidalketan
- Goiuri aldekoa-otalora(e)k Nor dut maisu? Nor izan dut maisu? bidalketan
- » ‘Ez dugu aukeratzen zer erretratatu, baina hausnartu beharko genuke nola erretratatzen dugun’ Mila hitz(e)k Argazkien zilegitasunaz bidalketan
- Gari(e)k Inoren ero ni bidalketan
Non gaude? Nora goaz?
2015-11-05 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Milaka pertsona daude Sentilj-eko (Eslobenia) mugan.
– Non gaude jauna? Hau iada Alemania da? galdetu dit siriar jatorriko gazte batek.
Ezetz erantzun diot, ez dela Alemania. Eslobenian daudela eta bertako polizia Austriara bideratu nahian dabiltzala.
– Zenbatera dago Alemania? Zer uste duzu egin beharko genukeela Alemanian bizitza berri bat hasi edo Noruegara joan? Ez dakidala esan diot.
28 urte ditu eta sekula ez omen du ezagutu bakerik bere inguruan (palestinar errefuxiatuen semea da Yarmouken). Bidaia nolakoa izan den galdetuta «luzea» erantzun dit.
– Irten ginenetik 50 egun igaro dira. Gure aurrezki guztiak xahutu ditugu bidean eta orain xoxik gabe gaude. Baduzu sakeleko telefonorik jauna Danimarkan dagoen lagun bati dei egiteko? – nire sakelekoa ez dabilela Eslobenian erantzun diot.
– Eta Hungarian? – galdetu dit bere adiskideak. Galderak harrituta utzi nau eta Hungarian zergatik galdetu diodanean bere erantzunak oraindik harrituago utzi nau.
– Ez dut siriarrak dauden tokian bizi nahi. Gizon zuriez inguratu nahi dut eta bizi berri bat hasi. Zuek bezala zuria izatea gustatuko litzaidake.
Nire aitaren etxea defendituko dut
2015-03-11 // Donbass // Iruzkinik ez
“Ez da bakea iritsi baina zer beste egin nezake!” esan dit Sergeik. Bonbardaketa batean ukrainar armadak etxea suntsitu zion. Bizi osoa auzo berdinean igaro omen du. “Beste etxe batean jaio eta ezkondu ondoren hemen bizi izan naiz. Gerra hasi eta ospa egin nuen emaztea eta hiru seme-alabekin”. Bere poltsikoko diruarekin enbor batzuk erosi ditu teilatua konpontzen hasteko. Etxe bereko bizilagunak ere konponketa lanetan dabiltza. Sasoiko dauden gazteek adreilu eta egurrak igotzen dituzte. Zahartxoago daudenak teilatua garbitu ondoren pixkanaka horma berriak eraikitzen dihardute. “Ama orain dela bost urte hil zitzaidan eta hilerrian dago lurperatuta. Bertara ere bonbak jaurti dituzte ukrainarrek. Ez dakit zergatik ondo. Hildakoak berriro hil nahi dituztela” dio barrezka. Noizbehinka aita bizi zeneko etxera doa. Ez omen du kalterik jasan baina lapur asko dabiltza inguruan miliziano boluntarioek esan didatenez. “Ezer lapur ez dezaten egunero pasatzen naiz bertatik. Nire etxea apurtuta dago baina aitarenak diren gauza baliotsuak, argazki zaharrak, II. Mundu Gerrako oroigarriak, eta abar lapurrengandik defendatu behar ditugu orain”.
Kivsky-ko kristal hautsien gaua
2015-03-10 // Argazkigintza, Donbass, Etika // Iruzkinik ez
Kivsky auzoa, langileen auzoa da. Inguruko mehategietan egiten dute lan gehienek, baina baita denda eta lantegi txikietan ere. Oligarka gutxi alde honetan. Baina jainkoa (existitzen bada) ez da zuzena izan Kivskyn. Bonbardaketa gehien jaso dituen auzoa da. Ukraniako armadak behin eta berriz erasotu du auzoa Donbasseko milizianoak bertan baseak dituztelako. Zibilak egonda ere tiro, zibilak berriro ere ezkutu bezala erabili. Etxeak errautsetatik irtendako leihodun zuhaitzak dirudite. Jendeari galdetu ezkero Ukraniari gorroto bizia dioela esango dizu. Manifestaldietara joaten dira auzoan bizi diren gutxiak eta gaua lur azpian pasa misiletatik babestuta. Medio ofizialistek eta periferiako politikoek (sasi kazetariek alegia) bildurraren kausaz egiten dutela esango didate. Badira batzuk irain egin didatenak. Baina gaur gauean, europarzale bat pasa da ingurutik eta pertsona askoren etxeko ateetan eta paretetan pegatina hauek itsatsi dituzte. “Esparru eremuetan amaituko duzue” diote pegatinek eta Azov batailoiaren ikurra ageri da. Naziak berriro errautsetatik berpizten ari direla pentsatuko du batek baino gehiagok, beste batzuk kasu puntualak izango direla esango dute, txantxa bat. Baino Kivskyn ezin da naziak famatu egin zuten “Kristal hautsien gaurik” errepikatu. Ez baitago ia ezer hausteko bonben kausaz.
(Argazkiak: Mikel Oibar/Nervio foto)
Dan-ek bere familia maite du
2015-03-09 // Donbass // Iruzkinik ez
Dan-ek bere familia maite du. Kivsky auzoko frontean dago borrokan eta bere eskuetako azala da inoz ezagutu dudan larrurik gogorrena. Metalurgia lantegi batean lan egiten zuen eta gorputza orbanez beteta du. Mariupol-en zuen bere lantokia, familia bezala. Gerra hasi eta batailoi nazi eta faxistek egiten zutena ikusita armak hartzeko “beste aukerarik ez zuela ikusi” esan dit. “Emazteari eta 7 urteko semeari muxu eman eta Donetsk-era etorri nintzen borrokara. Nik ez dakit etorkizunik izango dudan, baina nire semeak badu eta horregatik ari naiz borrokan. Beragatik. Atzo Azov batailoiko internazionalista naziak sartu ziren etxera eta nire senideak meatxatu zituzten. Orain bildur naiz. Mariupol-era joan nahi dut eta nazi horiek borrokatu. Ez naiz komunista, baina Europa gorrotu dut. Mesedez “Antonio”, hemengo frontera lagundu zaitut, ez atera nire aurpegirik familia arazo larriagotan sar ez dadin. Baina mesedez, kontatu nire istorioa zure herrikoei. Zer gertatzen zaigun ulertzen laguntzeko”. Zama astuna bota dit Dan-ek gainera, baina hemen duzue nire saiakera zintzoena.
PD —> Dan, Mariupolen dago borrokan eta zuontzako goraintziak bidali dizkit. Ea egia kontatu dudan galdetu dit. Lagundu al dizue zer gertatzen den jakiten?
Gatazkara ez da ideologiagatik bakarrik joaten
2015-03-08 // Donbass, Etika // Iruzkinik ez
5 urte pasa zituen gartzelan John kosakoak. Estatu Batuetan paperik gabe harrapatu eta zulora sartu zuten. 5 urte beranduago, epaiketa baten ondoren bere herrira deportatzea erabaki zuen epai batek. Baina zein da Kosako baten herria? Berak ez du esaten jakin. Bera Georgian jaio, ama errusiarra omen zen, aita Donbass-ekoa. Bere arreba txikia Lugansk-en hezi bazen ere, Kiev-en etorri zen mundura. Bi anaia non jaio ziren ez da gogoratzen. Ezingo die galdetu. Biak hilda daude, gurasoak bezala. Bera ziegan zegoen bitartean hil ziren. “Arreba bat nuen eta bion artean ondo baino hobeto konpontzen ginen. Gerra honetara etortzeko gogorik ez nuen, baina odolak odolari tira egiten dio Kosakook esaten dugun bezala. Batailoi nazi batek arreba bortxatu eta hil egin zuen. Gartzela garaian lagun afgano komunista batek erregalatutako kapela jantzi eta arrebaren heriotza mendekatzera etorri naiz frontera. Kosakoa naiz, odolean daramat. Ezin da Kosako izatea zer den esplikatu. Agian arrebarekin elkartzen banaiz noizbait bion artean erabakiko dugu zer izan den guretzako Kosako izatea”. Gaur John-ek odola gerrate batean isuritzen dena baino askoz ere gehiago dela erakutsi dit.
Errutinaz
2015-03-07 // Donbass // Iruzkinik ez
Gizakiok animali errutinazaleak gara. Gure izaera errutinaren baitan mugitzen da. Su-etenek errutina hori berriro agertaraztea dakarte. Erosketak (ahal den tokian), lagunekin zerbezak hartzera irten (uzten duten tokian), paseoak eman (paseatzeko lekurik gelditu bada). Normaltasunerako bidean laguntzen digu errutina bat izateak. Hortik kanpo, gutxi dira, bizitza normal bat eraman dezaketenak. Kivksy auzoan su-eten faltsu batek errutina ekarri arazi nahi izan du. Emakume batzuk, Nadiaren kasuan, ileapaindegira joateko aukera hartu dute. Umeak parkeetara irteten hasi dira eztanda egin gabeko bonbarik ez dagoela ziurtatu ondoren. Kale txakurrak desagertu eta beleak ospa egin dute. Baina berriro ere eztandek ez dagoela errutinarentzako denborarik diote. Bakoitza bere zulora. Gerratea errutina denean ez omen du bizitza bizitzerik merezi eta horregatik bereari eutsi dio Dmitriv-ek eta bere iloba paseatzera atera da. Bizitzak egunerokotasunean oraindik bizitzea merezi duelako beretzat.
Lotsa ere jasan behar izaten da
2015-03-06 // Argazkigintza, Donbass, Etika // Iruzkinik ez
Donetsk-eko aireportuan ukrainar soldadu atxilotuak ari dira prentsarentzako hildakoak ateratzen. Trofeo gisa erakusten dituzte mundu osoko prentsaren aurrean. Burumakur agertu dira gaur eta guretzako argazki bat ateratzera derrigortu dituzte. Argazkilariok gainera jauzi egin diegu ohi dugun bezala, putreak baikara gehienetan. Alde batetik eta bestetik argazkiak atera eta kamerako pantailan fokua konprobatu dugu. Batzuk aurpegi bila joan gara ondoren, panoramika lortuta. Iskina batean kokatu naiz, desenfoke polit batekin aurpegi bat atera nahian. Burua bueltatu eta nire lankideak ikusi ditut paparazziak balira bezala. Argazkia atera diet presoak hildako gorputzak bilatzen hasi aurretik. Ukrainar bat negar egiten ari dela iruditu zait eta bat-batean pentsakor jarri naiz. Hurrengo egunean irudi hauek mundu guztian ikusiko dira eta soldadu preso hauen familiek, hildakoak ateratzen ikusiko dituzte. Ez dakit zergatik zehazki baina argazkiak ezabatu egin ditut, sekula egin ez dudana, alegia. Ez dakigu zerk ekarri dituen gatazka honetara, eta agian norbait hilko zuten, baina gerra honen errudunak hemendik urrun daudenaren susmoa dut. Argazkigintzaren historiari begiratzen badiogu errudunak gutxitan agertu ohi direla ikasi dugu eta aldiz, errugabeak edo ez hain errudunak erruduntzat jo. Agentziako editoreari esan diot ez ditudala presoen argazkiak bidaliko ezabatu egin ditudalako errespetuz. Editoreak ez ezer berriro bidaltzeko esan dit. Horra hor kazetariok dugun “maniobra marjina” mass-medien aurrean. Berriro ezer esaten didatenerako.
Izua eta argazkilaritza
2015-03-05 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Hitzaldietan askotan egiten didaten galdera da ea izurik sentitzen dudan frontean nagoenean. Erantzun berdina ematen dut beti: “Izurik sentitzen ez duena burutik jota dago eta bertan akabatzen dute normalean”. Soldadu ausartenak ere tiroen aurrean daudenean makurtu egiten dira hiltzeko beldurrez. Bildur hori nola kontrolatzen jakitea da garrantzitsuena. Halere nik sentitu dudan izu hori nire argazkia ikusi behar dutenei elaraztea lan zaila izaten da eta argazkilari gutxik lortu dute. Sinetsidazue, arrisku uneetan ateratako argazkiak (abiadura handian atera ez bada) mugituak egoten dira. Hori jakinda, egunsentian, argi gutxirekin argazki “arriskutsu” bat ondo “itsatsia” ikusten bada, fake bat da. Ziur esan dezaket hori eskua su gainean jarrita. Aldiz, eskuetan izango duzun ikara (eta asko izaten da, sinestu berriro) aprobetxatzea eta argazki horrek izua ikuslearengan eragitea, sentipena komunikatzeko modurik onena dela uste dut. Maisu handia izan dut horretan Paolo Pellegrin eta bere liburu itzela “As I was dying” (Hiltzen ari naizen bitartean”. Hitzik gabeko liburu “izu”garria. Post honetan agertzen den argazkia atera nuenean izututa nengoen, Donetsk-eko aeroportuan soldadu batzuei deuseztutako terminalaren barruan patruilak egiten laguntzen nengoela. Eskuetako ikara nire alde izan nuen.
(Argazkia: Donbasseko milizianoa Donetsk-eko aeroportu barruan patruila egiten)
36ko internazionalisten ondorengoak
2015-03-04 // Donbass // Iruzkinik ez
Espainiako gerratera mundu guztitik bolondres gerlariak etorri ziren. Nazioarteko intelektual gehienak errepublikarren alde posizionatu zen. Gerra galduta etxera bueltatu ahal izan zirenak kasu gutxitan itzuli ziren heroi moduan. Heuren, gerra aurreko, bizitzetara egokitu ahal izan ziren, ixilik. Nazio gehienek, errepublikar bandoa kondenatu zuen neutraltasun faltsua aplikatzera behartuta zeuden. Bolondresen itzulera errespetatu zuen eta kitto. Neutralak izan ez ziren kasuetan, alemaniako komunista bolondresei gertatu zitzaien bezala, atxilotuak izan ohi ziren eta gehienetan kartzela zigorra (edo heriotz zigorra Nazien kasuan) zuten zai.
Historioa pendulu moduan mugitu ohi da. “Neutralitatea” parte hartze ixilaren eufemismo bihurtu da. Galdetu bestela Toro madrildar bolondresari. Etxean bezain beste etsai ditu frontean. Gerra amaitzen denean aldiz etxekoak etsai izaten jarraituko dute ordea. Horra hor espainiar estatuaren neultratasuna.
(Argazkia: Javier madrildar antifaxista, Toro ezizenez, Bostok batailoiaren base batean)
Heriotzaren edertasunaz
2015-03-03 // Argazkigintza, Donbass, Etika // Iruzkinik ez
Gerrate batean heriotza alde guztietan dago. Hildako bat ikustean askotan argazkilarioi barruan sits bat ateratzen zaigu, sagar bateko sagarroia balitz bezala. “Atera edo ez atera?” galdera izaten dugu buruan. Aldi berean deabrua eta aingerua sorbalda gainean. Baina, zertarako etorri gerra batera hildakoak ez erakusteko? Ba al dago hildakorik gabeko gatazkarik? Argazkia ateratzerakoan konposizioaz arduratzea, hildako bat duzunean ez da samurra. Ni ez nau psikologikoki kamarak babesten, lankide askok dioten bezala, zinismoan erortzea bide arriskutsua da. Eta hortan argazkilariok nahiko zinikoak garela uste dut. Errespetuz nola jokatu hildakoarekiko? Familiarekiko? Nola konposatu argazki eder bat hildako batekin perfumatutako edertasun batean erori gabe? Gogoan dut, behinola, Jaime Otamendik irratian egin zidan galdera bat, “heriotza fotojenikoa al da?”. Urte batzuk geroago oraindik ez diot nire buruari erantzun zehatzik eman ahal izan. Sarriren hitz batzuk datozkit burura beti horrelako kasuetan, “heriotza ez da sekula ederra izan, eta ez da izango”. Argazkilariok, ederra izango balitz bezala irudikatzen badugu ere.
(Argazkian: Donetsk-eko aeroportuan agertutako ukrainar soldaduen gorputz hilak)