ARRAKALAK IZANGO DITUGU BETIRAKO, BAINA GEURE ARRAKALAK IZANGO DIRA.

Andoni Lubaki
0
Kfar Khila herrian sarreran dagoen errotondako bandera gorri txiita. Atzean Hezbolako martirien argazkiak ageri dira deuseztutako etxe batean. Argazki hau atera zen unean biztanle eskas batzuk besterik ez zituen eta lapurretarik ez egoteko boluntarioak ziren. Argazkia: Andoni Lubaki / Ronak Press (Creative Commons By-Nd-Nc 4.0)

“Lo nengoen lehenbiziko eztanda entzun nuenean. Eztandaren ondoren zarata handia sortu zen, ondoko etxea behera etorri baitzen. Eztanda eta kristal leherketa batera izan ziren, ondoren etorri zen etxearen adreiluak hausten ari zirenaren zarata. Bai. Leherketa batek etapa desberdinak ditu eta lo nengoen baina gogoan dut: ziztu hotsa, danbatekoa, kristalen haustura, adreilu zarata, isiltasuna, garrasiak suntsitutako etxetik ego gertutik, anbulantzia sirenak, jendearen garrasiak kalean, garrasi eta deiadar gehiago. Bai. Horrela orduak izaten dira eta gero berriro isiltasuna eta Israel aurrean baduzu berriro, urtaroak balira bezala, dena hasten da. Ziklo amaigabea da” dio F-k bere Beiruteko Hamra auzoko etxean (segurtasun neurriengatik izena ez da erabiliko). Unibertsitateko irakasle erretiratua da eta senide asko ditu Libano hegoaldean. “Dena esango dizut baina ziur nago sionistek beste behin, 80ko hamarkadan bezala berriro lurraldea bereganatu nahiko dutela. Ez erabili nire izenik, nire familia arriskuan egon ez dadin, berriro inbadituko baitute. Dena kontatuko dizut. Bai” zioen bere etxeko liburutegi erraldoian zigarro ke artean.

“Berdin du ze erlijio duzun. Libanon zaharrenek gogoan dituzte gerrate luzeko bi esaldi: “Gaurko aintza bala batzuk baino ez dira” eta “Gure arrakalak ez ditugu ahaztuko”. Nik neuk margotu nituen Beiruteko paretetan, ondoren badakit nire ikasleek era margotu zituztela. Tyr-en lehengoan, arreba bisitatzera joanda, horman berriro ikusi nuen pintura berriz eginiko bat” zioen lehengo urteko otsailean.

Gaur egun, Kfar Khilan ez da inor bizi, Israelgo armada sionista dabil bertako kaleetan. Libanoren hegoalde inbaditu nahian dabiltza. Bertan egon nintzenean bidegurutzea zaintzen zuen boluntario bati galdetu nion ea zergatik zuten bandera gorria erdian. Esplikazio praktiko luze baten ondoren, kazetariok behar ditugun esplikazio beharrezko horien ondoren, telefonoa eskatu nion eta temati baina eman zidan.

Aste honetan kontaktatu dut berriro berarekin, egoera nola zegoen jakiteko. Ezin izenik esan oraingoan ere, F-ren kasuan bezala. Baina J deituko diot.

J jada ez dago herrian, pozoitutako basamortua omen da. Pozoitua bertan Israel dagoelako dio, “etsaia” hitza erabiltzen du. Amaieran, agurtzerako garaian, zera esan dit: “Itzuliko gara. Ez ni agian baina bai nire ondorengoak. Jainkoak eramango gaitu bere borondate handiaz Kfar Khilara. Gure barnean dagoen arrakala da. Arrakala hori izango dugu betirako, baina geure arrakala izango da, ezingo digute hori kendu.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA