Hitzaldietan askotan egiten didaten galdera da ea izurik sentitzen dudan frontean nagoenean. Erantzun berdina ematen dut beti: “Izurik sentitzen ez duena burutik jota dago eta bertan akabatzen dute normalean”. Soldadu ausartenak ere tiroen aurrean daudenean makurtu egiten dira hiltzeko beldurrez. Beldur hori nola kontrolatzen jakitea da garrantzitsuena. Halere nik sentitu dudan izu hori nire argazkia ikusi behar dutenei helaraztea lan zaila izaten da eta argazkilari gutxik lortu dute. Sinetsidazue, arrisku uneetan ateratako argazkiak (abiadura handian atera ez bada) mugituak egoten dira. Hori jakinda, egunsentian, argi gutxirekin argazki “arriskutsu” bat ondo “itsatsia” ikusten bada, fake bat da. Ziur esan dezaket hori eskua su gainean jarrita. Aldiz, eskuetan izango duzun ikara (eta asko izaten da, sinetsi berriro) aprobetxatzea eta argazki horrek izua ikuslearengan eragitea, sentipena komunikatzeko modurik onena dela uste dut. Maisu handia izan dut horretan Paolo Pellegrin eta bere liburu itzela “As I was dying” (Hiltzen ari naizen bitartean”. Hitzik gabeko liburu “izu”garria. Post honetan agertzen den argazkia atera nuenean izututa nengoen, Donetsk-eko aereoportuan soldadu batzuei deuseztatutako terminalaren barruan patruilak egiten laguntzen nengoela. Eskuetako ikara nire alde izan nuen.
(Argazkia: Donbasseko milizianoa Donetsk-eko aereoportu barruan patruila egiten)
