“Ez da bakea iritsi baina zer beste egin nezake!” esan dit Sergeik. Bonbardaketa batean ukrainar armadak etxea suntsitu zion. Bizi osoa auzo berdinean igaro omen du. “Beste etxe batean jaio eta ezkondu ondoren hemen bizi izan naiz. Gerra hasi eta ospa egin nuen emaztea eta hiru seme-alabekin”. Bere poltsikoko diruarekin enbor batzuk erosi ditu teilatua konpontzen hasteko. Etxe bereko bizilagunak ere konponketa lanetan dabiltza. Sasoiko dauden gazteek adreilu eta egurrak igotzen dituzte. Zahartxoago daudenak teilatua garbitu ondoren pixkanaka horma berriak eraikitzen dihardute. “Ama orain dela bost urte hil zitzaidan eta hilerrian dago lurperatuta. Bertara ere bonbak jaurti dituzte ukrainarrek. Ez dakit zergatik ondo. Hildakoak berriro hil nahi dituztela” dio barrezka. Noizbehinka aita bizi zeneko etxera doa. Ez omen du kalterik jasan baina lapur asko dabiltza inguruan miliziano boluntarioek esan didatenez. “Ezer lapur ez dezaten egunero pasatzen naiz bertatik. Nire etxea apurtuta dago baina aitarenak diren gauza baliotsuak, argazki zaharrak, II. Mundu Gerrako oroigarriak, eta abar lapurrengandik defendatu behar ditugu orain”.
Kivsky-ko kristal hautsien gaua2015-03-10
