2013ko urtarrilean Turkia eta Siria mugan dagoen Killis herrian nengoen. Fotokazetari izateko erabakia hartu nuen hilabete batzuk lehenago.
“Momenturen batean burua asentatu beharko duzu”, “orain gazte zara eta aprobetxatu zorakeriak egiteko, gero ezingo duzu eta” edo “Jada Libiako gerran egona zara, esperientzia hori bizi izan duzu, zergatik beste gerra bat bisitatzera joan?” entzuteaz nazkatuta, baina baita arduratuta ere.
Istanbuleko eskala hartan, sakelakoetan Internet konexiorik ez zegoenez, denbora malgutzeko asmoz Newsweek aldizkaria erosi nuen. Kasualitate hutsa edo benetako mezua balitz bezala azken paper-alea izango zela adierazten zuen zenbakia erosi nuen. “Last print issue” December 31, 2012. Kazetaritza krisian eta ni ohartu gabe. Gatazka batera kazetari bezala lan egitera gainera.
“Momenturen batean burua asentatu beharko duzu”.
“Orain gazte zara eta aprobetxatu zorakeriak egiteko, gero ezingo duzu eta”.
“Jada Libiako gerran egona zara, esperientzia hori bizi izan duzu, zergatik beste gerra bat bisitatzera joan?”
Behin eta berriz ere abarrots horiek buruan garrasika.
Killisera iritsi eta kurdu batek ostatua ordaindu zidan “ama minbiziak jota dut etxean eta ezin zaitut apopilo hartu”. Ez dut gehiago jakin gizon hartaz, baina biziki eskertzen diot lagundu izana. Ordaindu zidan ostatu hartako gelan atera nuen argazkia eta “Printzipioz azkena” deitu nion nire lehenbiziko blog honetako post hari. Nire lehenbiziko digitalean azken paper alea.
Bidea balaztarik gabekoa izan zen arrez gero. Kontatu ditudan eta kontatu ezin diren gauzak tarteko eta nire barruko deiadarrak ezin isildu gainera baina badira 14 urte. Etorri ziren orduan Ukraina, Ertafrikar Errepublika, Irak, Kurdistan, Mozambike, Libia, Mendebaldeko Sahara, eta beste hainbeste. Laratzak su hartu izan balu bezala bidaiatu eta bizi izan nuen bizia.
Orduz geroztik Adimen Artifiziala etorri da, agentziek agentziak irentsi dituzte (AFP eta Getty Images, Sipa eta Sipa USA, Cober aspaldi joan zaigu eta Magnum Photos aberats baten kapritxoa da). Instagram, Tik Tok eta Youtube dira informazio esparru hegemonikoak. Teknofeudalismoa kazetaritza itotzen eta gu, foto kazetari independenteak, ez ildorik ezta zirarik gabe. Edo ez.
Zin dagizuet ez dela nahita izan. Beste gai bat jorratu nahi nuela, lankide maiteok. Ez nuela (oraindik) metakazetaritzari buruz hitz egin nahi, eta argazki hobeagoa nuela esku artean. Baina aurrera pauso irmo honetan gauzak ez dira norberak nahi dituen bezala ateratzen, nahiago gainera horrela. Bizitza kontrolatu nahian bizitzak kontrolatzen baikaitu bestela (Exkixu dixit). Argazki zaharren kaxan “Last print issue” agertu zait goizean. Gaur! Hortaz gaurkoak biharko eta aldizkariari argazkia atera diot.

Atera bezain pronto, Lubaki jaioberri hartaz gogoratu naiz eta…
“Momenturen batean burua asentatu beharko duzu”.
“Orain gazte zara eta aprobetxatu zorakeriak egiteko, gero ezingo duzu eta”.
“Jada Libiako gerran egona zara, esperientzia hori bizi izan duzu, zergatik beste gerra bat bisitatzera joan?”
Zergatik ez nien kasu egin etorri zait burura. Bada, azkenean, krisi handiak tarteko (pertsonalak zein ekonomikoak) kazetaritzan printzipioz gabiltzala argi ikusi dut. Printzipioz azkena zena, azkenean printzipioz egiten dudalako. Bihar biharkoak, gure printzipioei kasu eginda beti.