Libanon zerutik begira daude

Andoni Lubaki
0
Nina bere etxea zenaren atarian baratza non zuen esaten. Metro batzuk gorago (ez irudikatua) Israelgo armadaren dron bat genuen zelatan. (Argazkia: Andoni Lubaki / Ronak Press - Creative Commons By-Nd-Nc 4.0)

“Gela honetan elkartzen ginen senide guztiok. Pixka bat haratago, sukaldearen amaieran baratzera joateko atea zegoen. Bertan olibondo bat genuen. Uste dut ezpal hauek zuhaitz harenak direla”, zioen Ninak garai batean bere etxea izandako hondakinen artean. Ez zuen malkorik isurtzen.

Atzetik jarraitu nion, etxeak utzitako zuloaren barnean zebilen oinez. Zerura begiratu eta otoi egiten pauso bakoitzeko. Hamar pauso, zeruari so, otoi egin. Hamar pauso, zeruari so, otoi egin. “Argia ere desberdina da orain”, esan zuen. “Hemen barruko patioa genuen eta etxe guztia zelatatu zitekeen. Usain txarra dago, agian katuaren gorpuzkiak ditugu azpian”.

Inguruko hormetan, etxea sustengatzen zuten paretetan zintzilik Israelgo Armadaren arropa ikusi zitekeen, baita bota batzuk ere. Soldadu sionistak bertan aterpe hartu zutenaren seinale. Lurrean botata errazionamendu poltsa militarrak hebreeraz. Paper batzuk ere ageri ziren erdi erreta zabor artean. Aldiz isekak, biraoak, horiek bai, ingelesez pareta handietan; denok ikus zitzaten. Paretetan margotutako iseketatik ekialdera begira judutarrek eraikitako defentsa horma ageri zen. Bertatik tiro egin zieten frankotiratzaileek pareta berriro margotu nahi zutenei. Hiru hilabeteetan lau hildako, eta ezin orbana ezabatu arrakalen artetik. “Handik egin zioten tiro nire lehengusuari. Ez zuten hil, baina gerritik behera ezin du ezer mugitu”, esan zuen Ninak.

Drone bat gerturatu zitzaigun hamar bat metrotara. Udako eltxoa balitz bezala ezin gainetik kendu. Armarik ez zuen behintzat eta zelatatzera etorri zen kazetari batzuk kamarekin zeudela jakinda. Begiztatzera. Estatu baten aire esparru subiranotasunari muzin eginda bidaltzen zituzten (eta dituzte) droneak. Baina gauean, alokatu nuen etxera iritsi berritan, Beiruten, bi hildako izan zirela esan zuten Libanoko telebista nazionalean. Izenik ez, soilik ni ibili nintzen inguruetan izan zela. Israelgo telebista ikustea lortu nuen internetez (ez dago bestela aukerarik Libanon), bertan ingelesezko edizioan, bi terrorista akabatu zituztela esan zuten. Israelgo defentsa hormaren aurka eraso bat burutu omen zuten. “Eraikin publiko bati eraso egiteagatik, Israelgo subiranotasun nazionalari eraso eginda”. Hots, soldadu judutarrek tiro egiten duten hormari harrika egiteagatik akabatu zuten artzain bat. Droneei esker bilatu zituztela jakin nuen hurrengo egunean. Bizilagunaren subiranotasunari muzin egin zure subiranotasun artifizialari nork egiten dion eraso ikusteko. Hori da Israelen izateko aitzakia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA