Naziak behelaino artean?

Andoni Lubaki
0
Andoni Lubaki / Ronak Press
Zuri beltzean natorkizue gaur. Argazkiak eta gaiak horrela eskatuta.
Iosu Txueka historialariarekin topo egin nuen lehengoan Iruñeako kaleetako berotik liburutegi-jatetxe batean babes hartu nuenean. Ceutakoaz jardun ginen, emozioz mahaian eseri ere egin gabe. “Ceutako hondartzako irudiak ikusita Argelles sur Mer datorkit gogora” aitortu zidan. Berdina pentsatu nuela eta askotan, nire esperientziaren arabera, garai batekoa edo bestekoa den jakiteko teknikari erreparatu behar zaiola esan nion. Zuri beltza bada, zaharra da argazkia, koloreak ageri badira, argazki modernoagoa. Kolore motaren arabera zein garaitakoa den ere jakin liteke, 60ko hamarkadan Kodachrome diapositiben kolore okre-gorrixkak nagusitu ziren, ondoren argi orlegiagoak hasi ziren zabaltzen. Argelles sur Mer-eko argazki bat urrutitik ikusita eta Ceutako hondartzako bat zuri beltzean jarri ezkero gutxi nabaritu daiteke urrunetik begiratzen badugu. Jantziak, telefonoak eta gauza ttipiren bat edo beste. Teknikak aldatu dira baina gaiak bere horretan dirau askotan.
Nire artxibora jo nuen bueltan. Lanak bukatu eta errefuxiatuen inguruko karpeta ireki nuen. 2014, 2015, 2016. Nire burutapenak,sentsazioak eta frustrazioak (batez ere frustrazioak) idazteko ohitura dut. Batzuetan eskuz, beste batzuetan testu soileko artxibo batean. Gogoan dut argazki horiek egin bitartean zer nolako frustrazio nuen. Testu soil bat aurkitu nuen karpeta guztien amaieran. “Naziak dira behelainopean” zioen. Sarrionandiaren liburua hilabete bat lehenago amaitua nuen.
Garrasi eta negar artean, gerratik iheska zetozen errefuxiatuak nola tratatzen zituzten ikusi nuen. Schindlerren Zerrenda biopic hagiografikoa etortzen zitzaidan behin eta berriz burura. Judutarrak ghettoetatik kontzentrazio esparruetara mugitzen zituzten eszena behin eta berriz ere gogora. Buklean. Gauza mingarriak bueltak ematen dituzten bezala.
Arazo hori sortzen duten faxismo instituzionala, hots, Maroko, Errusia, NATO, AEB eta beste batzuen diktadurak berdinak dira. Kolorea aldatzen da, argazkiaren gaiak berdina izaten jarraitzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA