Esperantza, kolorea galtzen ari den argazki bat da.

Andoni Lubaki
0
A room in the War Victims Hospital in the Refugee Camps of Polisario. In the wall there are some Mohammed Abdelaziz, the president of the RASD, old and new poster with a little one of Aminetu Haidar. This hospital serves people who has suffered a amputation or has a disability due to war or aftermath.Andoni Lubaki / Ronak Press
Ezkerrean Mohamed Abdelaziz presidente izatekotan zegoela, kolorea galdua duen argazki zahar batean. Eskuinean pertsona bera presidente zela, kolore biziko eta protokolo jarrera duen irudian. Erdian txikian eta koloretan Aminetu Haidar aktibista sahararra.
Bashariren gelan egin nuen argazkia duela urte dexente. Gerran elbarri geratutako Shreif Martiria ospitalean bizi zen, gerritik bera mugitu ezin eta egun osoa telebistari so. Munduko kanal guztiak ikusten omen zituen eta albiste jarraitzaile sutsua zen. Hormako hiru argazkiei begira geratu nintzenean adierazi zidan: “Argazkiak eta pertsonak desagertu egiten dira, horregatik egin behar dira argazki berriak pertsona zaharrenak, berriak eman dezaten”. Barre egiten zuen.
1984an Marokoren aurka gerran Amgala deituriko zonalde batean kotxetik erori eta azpian harrapatu zuen atzeko autoak. Gerritik bera elbarri geratu zen eta ezkongaiak utzi egin zuen. 1985 Libia, Algeria eta Yugoslavian biraka ibili zen ,“ez-alineatutako” nazioetan alegia, guda hark utzi zizkion zauriak sendatzen. Edo sendatu nahian. Ez zen gehiago ibili ez eta tente mantendu eta gurpildun aulkian ez zuen oreka mantentzen. Berak esan bezala, “1985ean ohean etzan nintzen eta ez naiz gehiago jaiki”. Ordu mordoxka pasa nituen nire argazkilari ofizio honetan berarekin solasean, albisteak komentatzen, iraganaz eta etorkizunaz berbetan. Esperantza sekula ez omen zuen galdu “iritsiko da gure garaia. MINURSOk egina du erreferendumerako zerrenda. Denbora kontua besterik ez da.” esaten zidan, Nazio Batuek egiten zuten lanean itsuki sinetsita. 2010ean horrela sinesten zuen, aldiz bere esperantza ezkerreko argazkia bezala kolore galtzen hasia zen urteen poderioz azkenekoz ikusi nuenean. Gaixo zegoen 2018an eta 2019an zendu zen minbiziak jota. Berekin izan nituen azkeneko hitz batzuk gogoratu ditut gaur, 2026eko azaroak 3 den honetan. “Esperantza ezin da galdu bestela dena galduta dugu”.
MINURSOk ospa egin du, Marokok (Israel eta AEB) politika diplomatikoa irabazi dute nazioarteko legediaren aurka eginaz. Gerra berpizten ari da eta munstro bihurtzeko arriskua dago. Zaila da esperantza bizirik mantentzea horrelakoetan. Nork esango dio “beste aldean” Bashariri bere borrokak eta bizitzak ez zuela ezertarako balio izan?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA