Larrun 273an G. Bereziartuak plazaratutako Munstro Populistak. Covid-19ak eta Ukrainako gerrak eragindako eztabaidetan artikuluak merezi du gogoeta eta erantzun ireki bat, eta hori da ondorengo lerroen xedea, ez baitago (ustez) nire helburuen artean “talde bat definitu eta haren terminoan eraikitako epaiaren” irrikarik. Tratatzen diren gaiak eta adibideak garrantzi handikoak dira “bakoitza bere egiarekin” edo susmoekin besterik gabe bere horretan geratzeko.
- Munstroen arteko eztabaida
Helduko diot, beraz, testua amaitzeko Bereziartuak egiten duen baieztapenari: “Harrokeria handi samarra litzateke dakiela-suposatzen-den-subjektuaren rolean sartzea, emantzipazio-bide horiek non egon daitezkeen seinalatuz. Egia esan, ez dakit. Eta horrenbestez, ezkortasunak definitzen duen munstrotzat dut nire burua ere: gauzak zerk alda ditzakeen baino, zerk ez dituen aldatuko seinalatzea izan da lan honen helburuetako bat. Eztabaida nahasgarrietatik aterako gaituen formula magikoaren faltan, debate horiek badaudela eta sintoma gisa garrantzitsuak direla azpimarratzea izan da artikulu honen beste xedea, baita ika-mika horiek nola funtzionatzen duten ulertzen saiatzeko gako batzuk ematea ere, etorriko diren munstroekin hitz egiten hastean bestelako jarrera batzuekin egin dezagun”. Hitz horiek badute laburpenaren kutsua, hor aipatzen direlako artikulu osoaren ardatzetako batzuk: “dakiela-suposatzen-den-subjektuaren rola”, “ezkortasunak definitzen dituen munstro” populistak eta zenbait debate eta jarrera “sintoma gisa” aztertzeko beharra.
Munstro hitza “ohartarazi edo iragarri egiten duena” adieran erabiliko balitz, gogoz onartuko genuke, baina ez gaitezen inozo izan: etimologia hori oso urruti gelditu zaigu. Ez genituzke munstroen perbertsioak kontuan ere hartuko, “eztabaidaren ardatza desplazatzeko gai” izan ez balira. Azken paragrafoak eta etimologiaren erabilerak gauzak orekatzeko joera erakusten badute ere, nabarmena da artikulu osoan “desplazamendu” horren inguruan egiten den balorazio ezkorra. Ezkortasun horretan zirrikiturik apenas utzi gabe egiten dira baieztapen guztiak.
- Covid-19, Ukraina eta gure gozamenak
Artikuluaren gakoetako bat da, populismoaren fenomenoari atxikita, Trump eta Putin bezalako “adierazle nagusiez” egiten diren gogoeta sendo oinarrituak ekartzen direla azken urte eta hilabeteotan gurean gertatu diren fenomenoetara: Covid-19 pandemia dela-eta hartutako neurrien aurrean jarrera kritikoak adierazteko marmar hutsetik harago nolabaiteko presentzia antolatua erakutsi dutenengana, alegia (Bizitza plataforma eta Independentea webgunea aipatuz), eta, orobat, Ukrainako gerra piztu zenean, “jarrera Errusia zaleak” erakutsi dutenengana. Batzuek, nonbait, “birusaren existentzia ukatu dute”, eta besteek, berriz, “Putin dute adierazle nagusi”. Bizitza plataforman, zenbat dira birusaren existentzia zalantzan jartzen dutenak? Haren konsigna eta estrategiarekin ados izan ala ez, ez zait zilegi iruditzen faltsukeria horretan oinarritzea arrazoibide osoa. Ukrainaren kasuan, berriz, zenbat dira gure artean, NATOrekin kritiko izanda, Putinen aldekoak?
Ez da zenbaki kontu hutsa, arrazoibidearen akats larria baizik. Azken krisiok eragindako asaldura jarrera horietara mugatuz, edozein posizio kritikoren karikatura egin, eta posizio horietan gradazio logiko eta zentzuzko bat balego bezala arrazoitzen da: ezarritako neurriak zalantzan jartzen dituztenen eta birusaren existentzia bera ukatzen dutenen arteko gradazioa, alegia: “hasi zaitez konfinamenduaren eraginkortasun epidemiologikoa zalantzan jartzen eta birusaren existentzia ukatzen amaituko duzu” edo “kritikatu Mendebaldean inposatu diren txertoekin egin dena eta anti-vax eta terraplanista izaten amaituko duzu”. Bistan da hori izan dela modu unanimean gure gobernuen propagandistek bilatu eta, neurri handi batean, lortu dutena, medioen ahobatezko atxikimenduarekin. Eta Ukrainaren kasuan, “hau AEBek eragindako gerra da” pentsatzetik “zu Putin zalea zara” kate ustez logikoa. Gerraren logikarekin kudeatutako pandemiari aurre egiteko borrokan, zentzu osoa dauka ñabardura kritiko guztiak deabrutu eta “gu vs. besteak” dinamiketara makurtzeak; zer esanik ez, Ukrainaren kasuan. Baina, hori onartu behar al dugu “ez gaitezen populistak izan” edo “ez gaitezen erori ukazio hutsean gozamena lortzen dutenen esparrutik” bereizteko, bide batez populistei egozten diegun akats bera errepikatuz?
Azken arrazoibide hori izanik artikuluaren zutabeetako bat, oso ukituak geratzen dira horren harira ekartzen diren gainontzeko kontzeptualizazioak (Campbellen “gurtza inguruak”, Lacanen “adierazle nagusia”, etab.). Baina ur horietan murgildu gabe ere, bada beste zerbait horrekin galtzen dena: “munstro populistengan” fokua modu zabar horretan jarrita, beharrezko liratekeen ñabardurak ezabatu egiten dira eta, marrazten den karikaturan, interesgarriak liratekeen ondorioak ezin dira atera. Asko eta oso inportantean dira krisi hauetan azaleratzen ari diren fenomenoak eta, zenbait kontzeptu sofistikatuen aitzakiaz, dena zirriborratu baino ez da egiten. Nola ausartzen gara mugimendu erreaktibo horiei “kapitalismoaren ordezko alternatiba koherenteak” eraikitzeko ardura eskatzea? Irizpide hori bera erabiltzen al dugu gainontzeko protesta edo aldarrikapen mugimenduekin? Muturrera joanda, garbitzaileak greban jartzen direnean, esaten al dugu ez dutela alternatibarik eskaintzen? (Horixe da Jaurlaritzak sindikatuei behin baino gehiagotan egozten diena: aurkez daitezela hauteskundeetara, haien politika ekonomikoa kritikatzen badute.) Edo “historikoki emanzipazio-nahiak kanalizatzeko misioa izan duten eragile asko apur bat jokoz kanpo geratu izana ere aprobetxatuz –ezkerreko alderdi politikoak, sindikatuak…–” ari direla beste mugimenduak “ez dagokien” esparruak zapaltzen. Ez al dago hor gai potolo bat (ezkerraren jokoz kanpo sistematikoa, alegia) saihesteko modu errazegia? Finean, mugimendu hauen esplikazio nagusia “jarrera histeriko” baten sintoma gisa uler liteke?
- Diskurtso histerikoa eta diskurtso akademikoa
Azken galdera horri ematen diodan erantzuna ezezkoa da, Bereziartuak Gabilondoren eta Lacanen eskutik adierazitako arrazoiak oso kontuan hartzekoak iruditzen bazaizkit ere. Histerikoaren “helburua ez baita erantzun bat lortzea (diagnostiko zientifiko edo medikoa), baizik eta adierazle nagusiaren botere politikoa eta jakintza kuestionatzea eta eraistea. Azken batean, histerikoak boterean dagoen adierazle nagusiaren eskumenetik harantzago kokatzen du bere burua”. Ados, baina, esan bezala, zein neurritan esplikatzen edo laburbiltzen ditu horrek ezarritako neurri eta politiken aurreko jarrera kritiko anitzak (birusaren aurkako gerraren kasuan edo Ukrainakoan?). Ez al da hori bera begirada orojakile bat, egoeraren konplexutasuna erabat murrizten duena. Eta Lacanekin gaudenez, zergatik ez jarraitu haren arrazoibidean beste diskurtso mota bat ere kontuan hartuz, “Unibertsitateko diskurtsoa” edo akademikoa bezala izendatzen duena. Zizeken hitzetan, “Unibertsitateko diskurtsoaren agente maltzurrak ukatu egiten du, lehenik eta behin, gertakizunaren existentzia bera. Bere jakintza pretentsioarekin, gertatzen dena, gauzen ohiko kurtsoaren atal gisa azal daitekeenaren baldintzara murriztu nahi du; bestela esanda, ugazabaren diskurtsoak ez bezala –horrek gertaeraren eta haren ondorioen arteko jarraitasuna ziurtatu nahi du– eta diskurtso histerikoak –horrek, berriz, gertaeraren eta haren ondorio sinbolikoen arteko betirako bereizten duen arrakala azpimarratzen du–, diskurtso akademikoak saturatu egiten du gertakizunaren ondorioen eremua, horien aipamenik ere egin gabe. («Zer den maitasuna? Neurona-sareko gertaera batzuen emaitza besterik ez», etab. )”[1]. Ezin hobeto laburtu Bereziartuaren artikulu osoaren tonua eta barne egitura.
Beste modu batean esanda, neuk ere diskurtso histerikoaren alde agertu nahiko nuke, onartu ezin den egiturazko egoera bat inpugnatu nahiko luketenen artean; munstroen artean, alegia. Eta, ondoren, lixeritu ahalko ditugun ñabardura eta kritika guztiak ere onartzen saiatu, jakinda betiere “ez dugula alternatibarik”, alternatiba duten guztiek jarrera suntsitzaileak edo antzuak baino erakusten ez diguten bitartean.
[1]Slavoj Zizek, 2000. The prickly subject.
1 Iruzkin
[…] (ARGIA astekariko blogean 2022ko apirilak 28an argitaratua) Larrun 273an G. Bereziartuak plazaratutako Munstro Populistak. Covid-19ak eta Ukrainako gerrak eragindako eztabaidetan artikuluak merezi du gogoeta eta erantzun ireki bat, eta hori da ondorengo lerroen xedea, ez baitago (ustez) nire helburuen artean “talde bat definitu eta haren terminoan eraikitako epaiaren” irrikarik. Tratatzen diren gaiak eta adibideak garrantzi handikoak dira “bakoitza bere egiarekin” edo susmoekin besterik gabe bere horretan geratzeko. […]