AZKEN KRISIA, GURE GARAIA

Juan Gorostidi
2

LURRA ETA GU

Orain urte bete pasa, irailak 30ean eta urriak 1-2an ospatuko diren EkoTopaketetan burutuko den ekimena martxan jartzeko manifestu moduko bat idatzi zen, eta hitz hauekin abiatzen zen: “Ekozidioa da bizi dugun garaiaren marka funtsezkoa. Talka ezin bortitzagoa gertatzen ari da etengabe hazten ari den sistema sozioekonomikoaren eta mugatua den biosferaren artean. Baliabide gehiegi kontsumitzen ari gara, planetak baliabideok berrezartzeko duen ahalmenetik gora; eta hondakin gehiegi sortzen ari gara, planetak hondakinok xurgatzeko duen ahalmenetik gora. Dagoeneko ukaezinak dira bai ebidentzia zientifikoak bai krisi ekologiko eta klimatikoaren ondorio latzak. Eta are nabarmenagoak izango dira etorkizunean, goitik behera markatzeraino XXI mendea. Tokatzen da den-dena pentsatzea parametro horietatik”.

Hitz larria, Ekozidioa. Nire ustez, ez du esan nahi “natura” suntsitzen ari garenik, ezta hondakin gehiegi sortzen ditugunik ere, klima desorekatzen, bioaniztasuna galtzen, pandemien arriskuak areagotzen… hori guztia haren ondorio gisa uler badaiteke ere. Joera dugu pentsatzeko eta sentitzeko Natura hor kanpoan dagoen zerbait dela –Genesiatik bertatik, baina are gehiago iraultza industriala gertatu zenetik eta, horrekin, produkzioaren eta hedakuntzaren modu kapitalista garatu zenetik, eta modu horretatik at ezer ez dela posible inposatu zigutenetik (komuna zen guztia pribatizatuz eta merkantilizatuz, kontinente osoak kolonizatuz, etab.).

Azken finean, kontu horietaz ari garenean, “gure ondareaz” ari garela jarraitzen dugu pentsatzen, eta hor dugu lehen arazoa. Ez da “gure ondarea”, baina, akabatzen ari garena, gu-geu baizik, ezin baita GU horretatik bereizi Natura bezala izendatzen dugun hori. Iraupenaren ikuspuntutik, LURRAren osagai bereizezina baino ez gara. Bat gara Lurra horretan partekatzen dugun gainontzeko izaki guztiekin –“bizidunak” nahiz “bizigabeak”; itsasoa edo atmosfera, esaterako[1].

Orain 50 urte Erromako klubak “Hazkundearen mugak” izeneko txostena argitaratu zuen. Txosten hori MITek (“Massachusettsko Teknologia Institutua”) idatzi zuen. Txosten haren emaitzak konfirmatuak izan dira hurrengo hamarkadatan eta baita gaurkotuak ere, ondorengo hainbat txostenetan. 1972an idatzitako hiru puntu nahi ditut gogoratu:

  • “Zenbat eta gehiago hurbildu planetaren muga materialetara, orduan eta zailagoa izango da arazoari aurre egitea”.
  • “Zoriaren edo hondamendiaren eskuetan utzi beharrean, plangintzaren bidez oreka-egoera arrazional eta iraunkorra lortzeko ahalegina egin beharko litzateke. Ahalegin erabaki hori oinarritua egon behar du norbanakoen, nazioen eta mundu-mailako balio eta helburuen oinarrizko aldaketa batean”.
  • “Gaur egun desorekatuta dagoen eta modu arriskutsuan hondatzen den mundu-egoeraren zuzenketa azkar eta erradikala da gizateriaren lehen egitekoa. Ahalegin goren hori erronka bat da gure belaunaldiarentzat, eta ezin diogu ondare gisa hurrengo belaunaldiei utzi”.

Eginkizun hura bere gain hartu behar zuen belaunaldiaren parte moduan, onartu behar dut eginkizun hura ez dugula inondik ere bete, eta orduan aurreikusi bezala, gauzak okertu baino ez direla egin.

“TRANTSIZIO EKOLOGIKOAREN” TRANPAK

Orain 50, 30 edo 10 urte ez bezala, badirudi denok esnatu garela mende erdiko lozorrotik; denok onartzen dugula egoeraren larritasuna. Gure inguruko gobernu guztiek “Trantsizio Ekologikoari” buruz ari dira (ministerio/kontseilaritza eta guzti). Ikasturte berrian, horren inguruko legeak onartuko dira (Europatik EAEra). Zeren seinale da hori? Gobernariek beregan hartu dutela arazoaren larria, ala, hainbat faktore saihestezinek bultzatuta, denbora irabazi nahi dutela, neurri kosmetiko batzuk hartuz, jendea otzan mantentzeko? Zer esan nahi du nuklearra eta gasa Europako “energia berdeen artean” sartu izanak?

Joan den astean Gipuzkoako egunkari irakurrienean Teresa Ribera, Espainiako gobernuko “Trantsizio Ekologikorako” ministroren “eskuineko besoa” izandako bati elkarrizketa eskaini zioten. Handik hartuko ditut ondorengo hitzak:

“Larrialdi klimatikoaren kausa nagusia, erregai fosiletan oinarritutako energia-sistema da. Ikatzaren, petrolioaren eta gasaren errekuntzan oinarritutako energia-sistema dugu mundu osoan. Berotegi-efektua eragiten duten gasen munduko emisioen %75 energia-sistema horren ondorioz sortzen dira. Hor dago arazoaren muina”. Ados hitz horiekin.

Eta jarraitzen du: “Munduko emisioen %90 ordezkatzen duten 140 herrialdek karbono-neutraltasunerantz abiatuko diren arauak edo politikak onartu dituzte. Konpromiso horiek betez gero, XXI. mendearen amaierako tenperaturaren igoera 1,8 gradukoa izango litzateke, eta hori onartezina da oraindik ere, 1,5aren alde borroka egin behar dugulako, baina duela urte gutxi baino askoz hobeto dago… Nazioarteko erantzunean aldatzen ari dena ikusten badugu, baikortasun zuhurra izateko arrazoiak daude”. Optimistak izateko arrazioak ditugula dio: “Konpromiso horiek betetzen badira”. Zein konpromiso bete dira, ordea, Kiototik Parisera? Pentsa genezake Europako gobernuek –non lobby energetikoek erabateko eragina duten; hainbestekoa, delako “trantsizio ekologiko” hori haien neurrira egitera behartu dituzten– gobernuak jendartearen premiak lehenetsiko dituztela lobby horien eta abarren irabazien gainetik? “Piromanoei suhiltzaile lanak enkargatzea” esaten zaio horri.

“Datozen 30 urteetan, energia berriztagarrietan eta energia-eraginkortasunean oinarritutako energia-sistemara bideratzen da mundua ezinbestean. Beste erremediorik ez dugu. Ez dugu onartuko suizidio kolektiboa”. “Ezinbestean” dio (“inexorablemente”), eta “energia berriztagarriak”, “energia-eraginkortasuna”. Zer ezkutatzen du baikortasun horrek? Aski dugula orain arte egiten ari garen gauzak egiten ditugun moduan egiten jarraitzea (hori bai, energetikoko efizienteagoak izanda)? Aski dela orain arteko automobilak gasolinarekin ibili beharrean, elektrikoak bihurtzea; gure fabrikak ere (produzitzen duten hori beharrezkoa den ala ez galdetu ere egin gabe), energia berriztagarriekin elikatzea?

Baina egitatea da fisikaren, termodinamikaren eta ekonomiaren legeak medio hori EZINEZKOA dela. Antonio Turielek bere Petrocalipsis[2] liburuan modu argi eta ulergarrian esplikatu duen moduan: “[Azaltzen saiatzen naiz] gure arazoei erabat okerra den norabidea emanez, perspektiba erabat galtzen ari garela. Bidea erratzen ari gara, galtzen garen bitartean eta behar den norabidean aurrera egiten ez dugun bitartean. Azken batean, esaten denaz ezer ez dela gertatuko ulertarazten saiatzen naiz, eta zergatik, ulertzen ez badugu, hondamendi oso batean amai dezakegu”[3].

Arestian aipaturiko elkarrizketatuak, aldiz, beste musika batekin goxatu nahi digu belarria: “Prozesu horren lidergoa Europako Batasunak daramatza urte askoan. 505 milioi biztanleko Europan, %25 jaitsi dira berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak; ekonomia, berriz, %65 hazi da. (Munduko emisioen %7ren erantzuleak gara gu. Txina da, oraingoz, % 27-28ren arduraduna”).

Ez naiz hemen sartuko Europaren historia koloniala eta patriarkalarekin. Eta hori ez da XIX. eta aurreko mendeetako kontu bat, gure egungo ongizatearen oinarria baizik. Ezta ere munduko 10 biztanletik, bat baino gehiago ez garela Europan bizi, eta “mundu pobrea”, gainontzeko aberatsenekin batera, gure oinazpian zapaldua mantentzen dugula. Zepo hori libratzea errealista izango den edozein planteamendutan ezinbesteko baldintza behar duela izan…

Badago beste mezu bat hitz horietan inplizitua: Euskadi irratian egunotan entzuten ditudan Eusko Jaurlaritzaren iragarkien berdina duena: “Zuek lasai jarraitu. Egoera kontrolpean dugu eta moderatuki optimistak izateko arrazoiak ditugu”. (“Soluzionismo teknologiko” izendatu den ideologiaren leloa: “oraingo egoera katastrofikoa da, ez dugu horren soluziorik, baina zientzialariek asmatuko dute zerbait, dena konponduko duena”).

Hitz horien eta kanpaina horien atzean ez dago jarrera inozo bat, maltzurkeria kalkulatu bat baizik, eta ez bagara antolatzen eta mobilizatzen borreroek muturrera eramango dute haien sistema ekozida. Gaiaren adar guztien inguruan eztabaidatzeko, hurbildu Portugaleten ospatuko diren EkoTopaketetara: https://sites.google.com/view/ekotopaketak2022/izen-ematea?authuser=0.

[1] Funtsezkoa, pentsamendu honen bueltan Bruno Latorurren lana, batez ere Face à Gaïa, huit conférences sur le nouveau régime climatique liburuan (La Découverte, 2015. Gaztelaniaz, Cara a cara con el planeta. Una nueva mirada sobre el cambio climático alejada de las posiciones apocalípticas izenburuarekin argitaratua).

[2] Petrocalipsis. Crisis energética global y cómo (no) la vamos a solucionar. Alfabeto 2020.

[3] Id. 17. orrialdea.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA