ARGIAren ‘Ihesi’ GipuzkoAPP’s 2013 lehiaketan saritua

argia
0

ARGIAk eta Iametza Interaktiboa egindako Ihesi aplikazioa saritu du Gipuzkoako Aldundiak. Android eta iOs gailuetarako prestatua, Euskal Herriko zazpi lurraldeak biltzen dituen turismo aplikazio bakarra da eta barne turismoa bultzatzea du helburuetako bat. Erabiltzaileen parte hartzean oinarritua, euskaraz eta euskaldunontzat egina da.

 

Euskal Herrian Ihesi webgunearen osagarri izateko sortu dute aplikazioa, gailu mugikorrek eskaintzen dituzten aukerak aintzat hartuta: geokokapena, argazkiak ateratzea…

Aplikazio partehartzailea

Euskal herritarrak jarri nahi izan ditugu erdigunean, eta horretarako aplikazio erabat interaktiboa egin dugu. Horrela, turismo aplikazio honetan herritarrak dira Euskal Herrian zer bisitatu gomendatuko dutenak: tabernak, jatetxeak, ikusi beharrekoak, hotelak, kanpinak, parrandarako lekuak eta abar.

Ihesiren pantailazo bat.
Ihesiren pantailazo bat.

Aplikazioaren funtzionaltasunari buruz

Aplikazio sinplea egin dute ARGIAk eta Iametzak, edonork edozein momentutan gomendioak egiteko dago pentsatuta. Norbaitek aplikazioan gomendioren bat egiten badu, webgunean ere agertuko da, eta alderantziz ere bai.

Erregistratutako erabiltzaileek gomendioei buruzko iritzia eman dezakete positibo edo negatibo bozkatuz. Xehetasunak ikusi ondoren gomendioa interesgarria irudituz gero, bertaraino nola irits daitekeen –oinez, garraio publikoan edo autoz– ikus dezake erabiltzaileak.

Erabiltzaile erregistratuek gainerako erabiltzaileei leku berriak gomendatzeko aukera daukate. Gomendio berriari argazkia gehitzeko bi aukera daude: mugikorraren argazki kamerarekin argazki berri bat ateratzea edo mugikorraren galeriatik argazki bat hautatzea. Gomendio berriaren posizioa horretarako prestaturiko Google Maps-eko mapa bat erabiliz zehaztu dezake erabiltzaileak.

Lizentzia librea

Ihesi GNU GPL v3 lizentzia duen software librea da eta erabiltzaileek sortutako edukiek Creative Commons BY-SA lizentzia dute.

Aplikazioa instalatzeko:

Android

iOS

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA