Bideoak erakusten duen Oinez Basoa elikatuko dugu guztion artean, Argia Egunean 11:30etan egingo ditugun hazi bonbekin. Nafarroako ikastolek 2008an proiektua hasi zutenetik hiru baso biziberritu dituzte: mendebaldeko baso bat Arbizun, baso mediterranear bat Tafallan eta galeria-baso bat Tuteran. Aurten Zangozari dagokio Nafarroa Oinez antolatzea, eta bertako zabortegi bat berreskuratuko du laugarren baso honek. Festa handiek uzten duten aztarna ekologikoa gutxitzeko asmoz sortu zen proiektua, baina hazi ahala gero eta altxor aberatsagoak direla kontziente dira bertako ikastolak: ikasleak ingurumen gaietan sentsibilizatzeko eta trebatzeko baliabide pedagogiko agortezin eta biziak baitira Oinez Basoak.


Argia Eguneko hazi bolek zabortegia eta erraustegia biziberrituko dute
Nafarroako Oinez Basoa ekimenarekin eta Zestoako Katamarrua Natur Taldearekin elkarlanean egingo dugu tailerra. Hazi bola hauen jatorria ezagutzeko ikus Pello Zubiriaren bloga. Gizakiak aurrez ondatutako lurrak berreskuratzeko gaitasuna duen ekintza eraikitzailea dugu hazi bolak egin eta jaurtitzea, norbanakoaren esku dagoena. Usurbilen egingo diren hazi bola batzuek Zangozako zabortegia basoberrituko dute, eta beste batzuek Zubietan erraustegia egiteko urratutako eremua. Behin teknika erraza ikasita, norberaren esku bere inguruan bizitza zabaltzea!

