Argia Egunean (irailaren 20an), goizeko 10:00etan plazan. Horra Oñatiko alde zaharra eta bere historia ezagutu nahi dugunon hitzordua. Bertako historiagile Gerardo Elorzak gidatuko gaitu eta ezagutuko ditugun pasarte historiko nagusiak bertsotarako gai izango dira Oñatiko bertso eskolako kideentzat. Hona 10:00etatik 12:00etara egingo dugun itzulia, adin eta ezaugarri fisiko guztientzako aproposa:
![Plazan hasi eta bukatuko dugu Gerardo Elorzarekin itzulia. Udaletxeko armarriak Oinatz (arranoa) eta Ganboa (oreina) leinuak nola batu dituen eta herriaren egitura ezagutuko dugu.](https://blogak.argia.eus/argia/wp-content/uploads/sites/43/2015/09/20150902_164105.jpg)
![Eliza kanpotik ikusiko dugu, bertako klaustroak bereizgarri handi bat baitu: errekaren gainean pausatua egotea. Oñatiko errekak, zubiak eta geografiaz gehiago jakiteko abiapuntu ederra.](https://blogak.argia.eus/argia/wp-content/uploads/sites/43/2015/09/20150902_164552.jpg)
Ondoren unibertsitateko klaustroa ezagutuko dugu eta handik kale zaharrean barna “Perratzaileenera” iritsiko gara, “Onako plaza” gisa ezagunera. Handik ikus dezakegu gebaratarren Zumeltzegi dorrea eta leinu boteretsuenak hizpide hartzeko aukera emango digu: aipaturiko Gebara, Garibai (lehen idazle Lazarraga arabarraren familiakoak), eliza eta kondearen arteko lotura…
Alde “berrira” joko dugu (XIV. mendekoa) eta XV. mendean nola erre zen ikasiko. Bertan biltzen ziren garaiko gremioak: errementari, ultzeginak… eta haien ondorengoak izan ziren lehen enpresariak.
![Txokolateixa-n Oñatik gutizia honekin izandako harremana ezagutuko dugu, bertan baitago txokolatearen museoa.](https://blogak.argia.eus/argia/wp-content/uploads/sites/43/2015/09/20150902_163658.jpg)
![Kantonoste edo Baketxe kaleak adokinezko izaten jarraitzen du. Pregoiaren parodia den bertako imnoa kantatuko dugu: "Baketxe kalian, kale bazterrian, hiru kaka-mokordo errial batian".](https://blogak.argia.eus/argia/wp-content/uploads/sites/43/2015/09/20150902_162319.jpg)
Santamaña plazara eramango gaitu Kantonostek eta hura ezagututa, atzeko kaletik plazara itzuliko gara.
![Bidean hainbat armarri ikusiko ditugu.](https://blogak.argia.eus/argia/wp-content/uploads/sites/43/2015/09/20150902_162410.jpg)
![Ikusiko ditugun dorretxe berezien artean bat Garibairen hau, fatxada zizelkatua duena.](https://blogak.argia.eus/argia/wp-content/uploads/sites/43/2015/09/20150902_163142.jpg)
1 Iruzkin
[…] Kultur ibilbidea Oñatin. Gerardo Elorza historiagilearen eskutik eta bertsolarien […]