Nola lagundu ARGIA? #IzanArgia

argia
0

IZAN ARGIA

Kazetaritza independente eta konprometitua egiten duen proiektua gara ARGIA, komunitate baten babesean sortua. Egun ere, ARGIA sostengatzen duten pertsonek egiten dute posible, oztopo guztien gainetik, guk kazetaritza askatasunez egitea.

Espainiako Estatuak Mozal Legearekin zigortu gaituela jakiteak zer pentsatua ematen digu. Edozein pertsonak daukan oinarrizko eskubideetako bat, informatuta egotea, ezbaian nola jartzen den ikusten ari gara. Hedabide hau egiten dugunok argi daukagu ez dugula bide hori otzan ibiliko. Saiatuko gara 601 euroko isuna ez ordaintzen, eta beharrezkoa balitz, epaiketara joango gara adierazpen askatasunaren alde.

Erasotuak sentitu gara, eta aldi berean, milaka lagunek eusten duen proiektua izanik, komunitateari eraso egin diotela ulertzen dugu.

Era berean, ezinbestekoa iruditzen zaigu proiektu komunikatibo hau indartzen jarraitzea, eraso honi aurre egiteko, baita ahalik eta indartsuen egoteko aurrerantzean ere etor litezkeen isun, mehatxu eta jazarpenen aurrean. Oso garbi dugu ARGIAren komunitatea dela daukagun berme nagusia.

Lagun ugarik adierazi digute lagundu nahi gaituztela eta galdetu ea zer egin dezaketen. Ea isun honen harira kanpaina zehatzik abiatuko dugun. Egia esan, ez dugu erantzun estrategian bakarrik oinarritutako diru bilketarik egin nahi. Zintzo hitz egiteko, uste dugu beti bezala, proiektua lagundu nahi duen oro gonbidatu behar dugula harpidetza egin eta komunitate erraldoi eta zoragarri honetako kide izatera. Honenbestez, ARGIA lagundu nahi duenari, egiten dugun kazetaritzaz gozatu eta harpidetza eginez proiektua indartzeko gonbidapena egiten diogu. Zenbat eta oinarri indartsuagoa, orduan eta jende gehiagorengana heltzeko indarra izango dugu denon artean. Etxean, tabernan, lantokian…. Zuretzat edo maite duzun horrentzat: #IzanARGIA, egin harpidetza.

Laguntzeko aukera ugari dauzkagu, norberaren nahi eta aukeren arabera hautatzeko:

Astero jaso ARGIA hilean 12 euroren truke.
Hamabostero jaso ARGIA hilean 7 euroren truke.
Hilean behin jaso Larrunekin hilean 4 euroren truke.
Aldizkaririk jaso nahi ez baina proiektua babestu nahi duenak, Piztu Ezazu ARGIAren bidez donazioak ere egin ditzake.

Salbuespenezko neurrien aurrean, konprometitzen gara eguneroko praktikarekin erantzutera: kazetaritza eginez, kazetaritza eginaraziz, inguruan gertatzen denaz informatuz.

Euskal Herriaren burujabetasunaren bidean, informazio burujabetza ere landu behar dugula uste dugu. Informaziorik gabe ez baitago demokraziarik.

ARGIAren jendeak eusten dio ARGIAri. Mila esker guztioi babesagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA