Langile asanblearismoan, etorkinen integrazioan eta hiriko gune alternatiboen autokudeaketan izandako bilakaeraz hitz egingo dute Trantsizioak erakusketaren bisita gidatuan.
Azaroaren 3tik 24ra ikusgai izango da Oihaneder Euskararen Etxean (Montehermoso jauregian) ARGIAren Trantsizioak erakusketa. Euskal Herriko azken lau hamarkadetako eraldaketak argazki bidez islatzen dituen erakusketaren inaugurazio egunerako ekitaldi berezia antolatu dugu: hainbat lagunen esperientzia eta testigantzaz osaturiko bisita gidatua.
Euskal Herriko “trantsizioak” ezagutzeaz gain, bisita gidatuarekin Gasteizen hainbat gaien inguruan izandako bilakaera ere aztertu nahi dugu. Horretarako erakusketan izango dira 1970eko langile mugimenduaz eta asanblearismoaz hitz egingo digun Bego Oleaga, etorkinen integrazioan eta hizkuntzaren arloan lan handia egina duen Amelia Barquín, eta Errekaleor auzo autogestionatuko kide den Estitxu Villamor.
Hala, bisitan barrena egingo ditugun geldialdietan Euskal Herrian izandako gertaera historikoak eta Gasteizko mugimendu eraldatzaileak uztartuko ditugu azalpenen bidez.
Bisita bakarra izango da, ostegunean 19:00etan, orbubeteko iraupena izango du gutxi gorabehera eta ez da sarrerarik hartu behar.
ARGIAk, Oihanederrekin eta Arabako Alearekin batera hainbat ekitaldi antoaltu ditu Gasteizen azaroan zehar, tartean elkarrizketa publikoa, solasaldiak eta bideo-foruma. Egitarau osoa hemen ikus dezakezu.
1 Iruzkin
[…] herri eta auzoetan gertatutakoa ere oinarri hartuta. Bide horretan, Gasteizen inaugurazio egunean hiru gonbidatu izan genituen hango hainbat borroka eta esperientzia konta […]