[Itsaso Zubiria] Zenbat aldiz irakurriko ote genuen orrialde hauetan enpresa edo elkarteren baten antolaketa ereduaz idatzitakoa. Uste dut astekariko 2537 zenbakian bertan ere gaiaz hitz egiten dela, 25. orrian. Horizontaltasuna edo berdintasuna bezalako hitzak daude modan antolamenduaz jarduterakoan. Ahoa betetzen duten hitz potoloak biak, errealitatean praktikan jartzen badira ederrak. Eta beti besteez aritu gabe, nola antolatzen da ARGIA?
Motzean esanda, lan-taldeka. Alegia, etxe guztietan bezala, badaude eguneroko lanak, nahiko zehaztuta egoten direnak nork eta nola egingo dituen; kasu honetan dela webgunearen kudeaketa, astekariko erredakzio lanak, publizitatea, idazkaritza, administrazioa… Baina egoten dira urtean zehar suertatzen diren edo urte osoan zehar landu behar izaten diren hainbat behar ere. Hauek dira lan-taldeka antolatzen direnak: Durangoko Azoka, Argia Sariak, Argia Eguna, esaterako Aktualitatearen Gakoak edo liburuak izan daitezkeen produktu gehigarriak, Bizi Baratzea, harpidetzak eta sustapena.
Eguneroko lanez gain airean geratzen direnak askotan zuzendaritzaren esku geratzen zirela ohartuta eman zen duela bi urte metodologia aldaketa. Eta itxuraz funtzionatzen du. Joko-arauak aldatu egin dira, eta baita jokalarien rolak ere. Ekipo osoak hartzen du parte lan-talde hauetan, eta sekzio ezberdinetako lankideak nahasten dira. Ikuspegia aberasteaz gain, gaitasunean ere irabazten da; begi eta buru ezberdinak elkartzen baitira lan-taldeetan. Bakoitzak aukeratzen du gustukoen duen taldea, eta gutxienez batean eta gehienez hirutan eman dezake izena. Gutxiengoa, noski, denek parte hartu dezaten. Eta gehiengoaren neurria? Saltseroenak mugatzeko. Batzuk eroso sentitu ohi dira agindutakoa beteta, eta beste batzuk aginduta. Beraz, batzuei mandoa hartzeko proposamena luzatzen zaie, eta beste batzuei pixka bat askatzeko.
Urteko akziodunen batzarra izan da orain egun batzuk, eta bertan erabaki dira lan-talde berriak. Aurtengo helburua da talde bakoitzean sekzio bakoitzetik gutxienez pertsona bat egotea, ARGIAren barruko esparru guztiek lan-talde bakoitzean beren alea utz dezaten.