Gasteizko ARGIA Eguneko bazkarirako txartelak jadanik salgai

argia
0
200 lagun inguru bildu ohi da giro onaz eta umoreaz gozatzeko. Irudian, Ondarroan iaz. (Argazkia: Dani Blanco)

Urriaren 7ko herri bazkarian bertako jaki ekologikoekin osatutako menua izango da aukeran Gasteizko Landatxo kirol gunean; eta kafearen ostean Mirari Martiarenaren monologo umoretsua. Erreserbatu tokia lehenbailehen.

ARGIA Eguneko egitaraua prest dago, eta une berezienetakoa izan ohi da herri bazkaria. Gure proiektuarekin bat egiten duen elikadura burujabetzaren balioetan oinarriturik, argiazaleak eta lagun ditugun elkarte eta eragileetako jendeak izaten dira protagonista. Urriaren 7an hurbileko jaki ekologikoekin osaturiko menua prestatu dugu 200 lagunentzat Gasteizko Alde Zaharreko Landatxo kirol gunean, hainbat hornitzailerekin dugun elkarlanari esker. Jaten eta edaten duguna baikara.

Autogestioaren zimenduetatik jaiotako Sustraiak sukaldari taldeak garaiko produktu agroekologikoekin egindako entsalada dastatu ahal izango dugu lehenik, ezti gatzozpinduaz lagunduta, eta ondoren dilista goxoak sabela betetzeko.

Postrerako berriz Lacturale jogurta, iraunkortasun eta kalitatean oinarrituriko nafar abeltzainen esnez egina eta, jakina, ohi bezala Berangoko gure harpidedun Mari Tere Gonzalezek ARGIA Egunerako espresuki egindako euskal pastel artesanala ere bai, kafearekin batera.

Hori guztia bustitzeko, Arabako Errioxako Candido Besa upategiaren ardo ekologikoa izango da, eta Aramaioko Iturrieta sagardotegiko sagardoa ere bai aukeran.

Mirari Martiarenaren monologoa

Bazkalostea animatzeko, nortasun agiri arrotzen jaurtiketaren aurretik ekitaldi umoretsua izango dute Landatxora bertaratzen direnek. Mirari Martiarena kazetari eta bertsolariak barrea sorrarazteko pozoia daramaten dardoak jaurtiko dizkigu bere monologoarekin.

——————————–

Bazkarirako txartelak jadanik salgai daude 15 eurotan (langile prekarioek, ikasleek eta langabetuek 12 euro). Eskuratzeko idatzi komunitatea@argia.eus helbidera edo deitu 943 371545 telefono zenbakira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA